Atlético de Madrid - Athletic Club
Jardunaldia 22
Liga

Atlético de Madrid - Athletic Club

Atlético de Madrid
Atlético de Madrid
10
Athletic Club
Athletic Club

KokapenaVicente Calderón , Madrid

Atletico Madrilek 1-Athletic Clubek 0: Barkatu eta gero….

Athletic Clubek sailkapeneko zuloan segitzen du Atletico Madrilen aurka 1-0 galdu ostean, Kun Aguërok bigarren…

Athletic Club

Athletic Clubek sailkapeneko zuloan segitzen du Atletico Madrilen aurka 1-0 galdu ostean, Kun Aguërok bigarren zatian sartu du gola, 64. minutuan hain zuzen ere, eta gure taldeak ezin izan du behar bezala erreakzionatu. Lehen zatian jokurik onena egin du Athletic Clubek, baina izan dituen aukerak gauzatu ez duenez gero, bigarrenean etorri dira komeriak, batez ere atzean Manek egin behar izan duen aldaketak zirela medio.

Hasierako hamaikakoan Expositok bete du Amorebietaren tokia atzeko lerroan eta Javi Gonzalez kokatu da eskuin aldean. Uste baino lasaiago kontrolatu du jokoa gure taldeak. Etxekoek zailtasun handiak zituzten baloia atzetik ateratzeko eta erditik saiatzen ziren barneratzen behin eta berriro. Dena den, erne egoteko motiborik zeuzkaten zurigorriek, Mista, Torres eta Kun etengabe aldatzen baizituzten tokia erasoan.

Halaz ere, lehendabiziko aukera Javi Martinezena izan da laugarren minutuan, baina bere jaurtiketa kanpora joan da. Jokaldi berberan Sarriegi ez da gutxigatik heldu errematera, baina segidan somatu da etxeko taldeak sufrituko zuela horrelako jokaldietan.

Manichek erantzun du laugarren minutuan gora bidaliz arearen marratik, baina bisitarienak izan dira hurrengo abaguneak. Faltaz ere saiatu da Athletic eta Gabilondok ez du jakin buruz errematatzen 14. minutuan bakar bakarrik zela. Hamazortzigarren minutuan Javi Martinezek errematatu du boleaz. Partida orekatua bezain irekia zen eta Torresek min egin du eskuinaldetik hainbat minututan. Hauetan sortu dute aukerarik garbiena, baina Torresen erdiraketa buruz errematatu du kanpora Kunek 24. minutuan.

Lehen zatiko beste bi aukerak zurigorriak ere izan dira. Yestek ez du kontrol ona egin 30. minutuan Leo Francoren aurrean eta Adurizek ezin izan du bere urtebetetze eguna borobildu 33. minutuan. Atzelari batek buruz bakar bakarrik utzi dio, botea altuegi etorri zaio beharbada, baina azken fineak bere errematea kanpora joan da.

Inolako gorabeherarik gabe zihoan denbora, baina Javi Gonzalezek aldaketa eskatu du bere ezker adduktorean gainkarga zela eta. Manek Murillo kokatu du atzean, Exposito eskuin lateralean, Javi Martinez euskarrian eta sartu berria zen Etxeberria eskuin hegalean. Ia ez zegoen denborarik frogatzeko, baina bigarren zatian zailtasunak agerian geratu dira, batez ere baloiaren jabetza izateko eta etxekoek arriskurik sortzen ez bazuten ere, atzeko lerroa hainbat metro atzerago kokaturik zen eta errazago iristen ziren Aguirrerenak area ingurura.

Esaterako Torresek aukera ona izan du 51. minutuan baina kanpora jaurti du.
Gure entrenatzailea berehala ohartu da egindakoaz eta Zubiaurre sartu du zelaian. Ligan estreinatu da Mendarokoa bere toki naturalean, Exposito itzuli da erdira, Murillo ere itzuli da euskarrira eta Martinez gauza bera egin du eskuin hegalerantz abiatuz eta Etxeberria ezker hegalera aldatuz. Suspertu egin da Athletic, baina denbora gutxi izan du oreka ezartzeko, Kun Agüerok ederto aprobetxatu baitu arearantz egindako pasea eta gol ona egin du.

Hortik aurrera askozaz erosoago jokatu du Atleticok. Aguirrek berehala Gallettik sartu du Juradoren ordez eta Manek Urzaiz Adurizen ordez 72. minutuan. Bi minutu lehenago iritsi da lehen abagune zurigorria bigarren zatian, Yestek faltaz eta aldaketa egin eta gero Etxeberriak desbideraturik jaurti du arrasean.

Costinhak arnasa eman dio zelai erdiari Luccinen ordez 74. minutuan eta etxekoek gero eta espazio gehiago topatu dute, Athleticen ezaugarria ezintasuna zela. Kunek Expositoren penaltia eskatu du 80. minutuan, Manicheren hanketatik etorri da Atleticok atera egin duen bigarren jaurtiketa 88. minutuan, baina Aranzubiak desbideratu du kornerrera eta Mistak jaurtiketa biguna egin du 90. minutuan. Gurean Iraolaren falta jaurtiketa 83. minutuan, Leo Francok desbideratu duena apuntatu dezakegu, baina gutxiegi zen berdintzeko.

Dañobeitiak eta Iraolak dopajearen aurkako controla izan dute, eta bigarrena ez da garaiz heldu Sabino Padilla sendagilearekin hegaldia hartzera eta astelehen goizean itzuliko da etxera Madriletik. Galtzea gutxi balitz, gainerakoak Bilbora ezin iritsi eta Gasteizeraino desbideratu dute hegaldia, Lezamara hirurak baino beranduago heldu direlarik.

Egoera pasa den jardunaldian baino zertxobait larriagoa da. Ez gaude jaitsiera postuan, baina etxean irabaztea ezinbestekoa da zulotik ihes egiteko. Getafe gainditu behar dugu halanola eta horixe izango da, maiuskulaz, asteko helburu bakarra.