FC Barcelona - Athletic Club
Jardunaldia 24
Liga

FC Barcelona - Athletic Club

FC Barcelona
FC Barcelona
30
Athletic Club
Athletic Club
  • 23' Amorebieta (b.a)
  • 30' Xavi
  • 40' Eto'o

KokapenaCamp Nou , Barcelona

FC Bartzelonak 3-Athletic Clubek 0: Berrogei minutuko partida

Athletic Club esku hutsik itzuli da Bartzelonatik 3-0 galdu eta gero berrogei minutu iraun duen…

Athletic Club

Athletic Club esku hutsik itzuli da Bartzelonatik 3-0 galdu eta gero berrogei minutu iraun duen partida txarraren ostean. Amorebietak bere atean egin du lehendabiziko gola 23. minutuan, Xavik bigarrena 29. minutuan eta Eto’ok hirugarrena 40. minutuan. Ordurarte nolabaiteko erresistentzia ipini du gure taldeak eta bigarren zatia soberan egon dela esan daiteke inolako zalantza izpirik gabe.

Asmoa Barçaren hasierako erasoaldiari eustea bazen, helburua lortu du Athletic Clubek. Ronaldinhok laugarren minutuan estraineko lana eman dio Aranzubiari, baina honek arazo barik harrapatu du baloia. Erantzuna Yesteren hanketan egon da baina bere jaurtiketa Valdesek harrapatu du 13. minutan. Une horretarako kokapen aldaketa egina zuen jada Manek. Hasieran 4-4-2-koa bazen marrazkia, baina berehala Barçak barrutik aurkitzen zituen erraztasunak ekiditzen saiatu da entrenatzailea, 4-2-3-1ko argiagoa jarriz: Iraola eskuinetik Murilloren parera eta Javi Martinez aurreko lerrotik eskuin hegalera. Kanpora joan den Gioren erremate bat kenduta, estutasun gehiegirik ez zuen sufritzen Athleticek, baina Edmilsonen joku aldaketek arriskua sortzen zuten atzeko ezker hegaletik. Horrelako batean, 23. minutuan, Giulyren erdiraketak Amorebietaren hanketan endredatu da eta ia nahi gabe abantailaz ipini dira etxekoak, ekiditu gura zena.

Barçak aukera ez du alferrik galdu. Xavik abagunea izan du 25. minutuan, baina Aranzubiak harrapatu du bere jaurtiketa. Tamalez ezin izan du gauza bera egin lau minutu geroago eta jokaldi luze baten ondorioz, Eto’ok baloia laga dio atzetik zetorren Xaviri horrek bigarrena egin zezan. Halaz ere erantzuteko gaitasun erakutsi dute zurigorriek, ez dute burua makurtu eta Urzaizek buruz abagunerik argiena izan du 31. minutuan, baina kanpora errematatu du. Gure jokalariak area parera iristen ziren, baina azken pasean ez dute inoiz aukerarik onena hautatu. Rijkaarden jokalariak, aldiz, bai, horregatik doaz lidergoan eta Europako txapeldunak dira eta 32. minutuan Eto’oren jaurtiketa asmatu badu ere, Aranzubiak ezin izan du gauza bera egin 40.minutuan eta Eto’ok hirugarrena egin du azpitik. Zigor handiegia beharbada, baina partida erabakita zegoen.

Bigarren zatian aldiz, Barçak askozaz aukera gehiago eta garbiagoa sortu ditu, baina ez du golik lortu. Prentsa aretoan Manek esan duen bezala, helburua zen hurrengo partidarako baja gehiago ez pairatzea eta, gutxienez, zelako kontsolamendua!, horixe lortu dute zurigorriek. Hasteko Murillo geratu da aldagelan eta Aduriz irten da bere tokian. Iraola kokatu da euskarrian eta Aduriz Urzaizekin aurrean. Hortik gutxira, 53. minutuan, Llorente sartu da Urzaizen ordez eta 77. minutuan Gaizka Bergarak bere debuta egin du Athletic Clubeko kamisetarekin. Une tristea, baina debuta azken finean.

Barçak bereari eutsi dio eta aurrean inolako erresistentziarik ez zuenez, aukerak eta jokaldi politak egiteaz gainera, batzuek aukera ikusi dute pailazokeriak ere egiteko, Ronaldinho kasu. Gutxienez zurigorrien errietak eragina izan du eta jokatzeari, ondo egiten duena, eutsi dio arerioarekiko errespetua berriro galdu barik.
Esan bezala, golik ez baina aukera franko ahazteko partidan: 51. minutuan Iniestak zutoinera jaurti du eta gero gora, 58. minutuan Ronaldinho barruraino sartu da baina Aranzubiak baloia langara desbideratu egin du; 69. minutuan Ronaldinhok ezin izan du gainditu gure atezainaren irteera, 76. minutuan Ronaldinhok berak langara bota du faltaz, 86. minutuan Giok kanpora jaurti du gitxigatik eta 87. minutuan Aranzubiaren irteerak zapuztu du berriro Ronaldinhoren asmo zitala atearekiko.

Beste barik joan zaigu lehia, zapore mingotsarekin baina azken hilabeteotako helburu beragaz, hau da, bospasei taldeen arteko lehiatik irabazleak suertatzea eta lehen urratsa oraingoz partida batera dago soilik, Nasticen aurka ezinbestekoa den garaipenaren bitartez heldu behar dena eta, aurreko asteotan ere aldarrikatu genuen bezala, San Mames gotorleku bihurtu behar dugu guztion artean. Igandean bertan, gaurtik aurrera eta gogoratuz taldea animatzea eta gizalegez jokatzea elkar eskutik doazen kontzeptuak direla.