Athletic Club - Gimnàstic de Tarragona
Jardunaldia 25
Liga

Athletic Club - Gimnàstic de Tarragona

Athletic Club
Athletic Club
02
Gimnàstic de Tarragona
Gimnàstic de Tarragona
  • Portillo 36'
  • Pinilla 72'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 0-Gimnasticek 2: Bihotza buru barik

Athletic Clubek ez du jakin jaitsierako postutik aste honetan bertan irtetzeko aukera aprobetxatu eta 0-2…

Athletic Club

Athletic Clubek ez du jakin jaitsierako postutik aste honetan bertan irtetzeko aukera aprobetxatu eta 0-2 galdu du Tarragonako Gimnasticaren aurka. Portillo eta Pinilla izan dira golegileak zurigorrien aldetik, bihotza bai baina bururik ipini ez den partidan.

Hil edo bizikoa izan barik, zorionez egutegiak beste aukera batzuk emango dizkigu, erabakiorra zen lehia arnasa hartzeko eta arnasa hartu beharrean ito egin dira gure jokalariak euren ezintasunean, nahiz eta aintzinako garaiko eskemarekin bukatu: 3-2-5. Jokalariak pilatu goian bai, baina zati bietako lehen txanpak kenduta aukerak sortu barik igaro dira minutuak atzean sendo eta aurrean bolborarekin agertu den Nasticen aurka.

Hasi eta berehala partidako dinamika isladatu da: Athletic erasoan eta katalunyarrak atzean sartuta. Sarriegik, korner jaurtiketa baten ostean, izan du estraineko abagunea bosgarren minutuan eta Iraolak faltaz 17. minutuan Navasen gorputzera bidali du baloia. Getaferen aurka bezala erasokorrago agertu da taldea, baina markagailua irekitzea falta zaio. Hegaletatik iristen zen, baina zehaztasunik falta zitzaien ia erdiraketa guztiei, estrategia jokaldietan bezala.

Harmailetatik laguntza ez zen falta baina talde-urduritasuna azkarregi hedatu da 24. minutan Castrok desbideraturik errematatu duenean eta are azkarrago 36. minutuan Portillok kontraeraso erraza eta erditik gola bihurtu duenean. Agi denez etxekoen aukerak ere falta dira kontakizunean, baina arrazoia da ez direlako egon. Heldu area inguruan eta bultzatu bai, baina aipaturiko zehaztasun barik. Zerbait esatearren Urzaizen burukada gora 42. minutuan ekar dezakegu gogora.

Bigarren zatian izan da lehen zatiaren errepikapena: bihotzak gora, nahi eta ezin zurigorrien aldetik eta bizpahiru aldiz zelai erdia zeharkatu du Gimnasticek bere bigarren gola egiteko. Hori bai, 54. minutuan hamar jokalariz aritu dira bisitariak Mingok bigarren horia ikusi eta gero. Matellan sartu da Ruben Castroren ordez eta are zailagoa izan da erasoa, erabat atzeratu delako arerioa eta beste erdiko atzelariaren presentziarekin hobeto defendatu dituztelako goiko baloi guztiak.

Egoztea baino lehen irteera polita marraztu du Athletic Clubek. Hasteko harmailaren gaurko “jomuga”, Yeste, geratu da aulkian eta Javi Martinez sartu da. Gero sei minututan hiru aukera sortu du Athleticek: 46. minutuan Casasek gutxigatik gora jaurti du, 49. minutuan Sarriegik izkin egin dio atzelari bati, baina bere jaurtiketa Bizzarriren gorputzaren kontra jo du eta 52. minutuan Adurizek, behartuta, gora errematatu du buruz.

Publikoa ere berpiztu da, baina lehen zatian bezala minutuak aurrera joan ahala indarra eta zehaztasuna galdu ditu Athletic Clubek. Gaurko euria bailitzan, beranduegi heldu dira jokaldi erabakior ia guztietara gure jokalariak eta baloi jabetza ia osoa eduki duen arren, ez dira gai izan arrisku garbirik sortzeko, nahiz eta eskema aldaketa ugari egin: Etxeberria sartu da Casasen ordez 57. minutuan eta Gabilondo ezker lateralera jaitsi da, gero Llorente sartu da Gabilondoren ordez, 74. minutuan eta Exposito ezkerraldera pasatu da Iraola eskuin hegalean kokatuz. Aurrelari gehiago ez ziren kabitzen zelaian eta askotan Amorebieta beste bat gehiago izan da. Esan bezala, uzta pobrea izan da oso. Adurizi gol bat baliogabetu diote Amorebietak Bizzarriri falta egin diolako, Adurizek arrasean eta nahiko bigun jaurti du 63. minutuan, 81. minutuan Llorentek buruz kanpora errematatu du eta ia jarraian Adurizek jaurti du baino normalena gertatu da hainbat atzelari hor izanda, baten gorputzean jo baitu baloiak.

Eta Gimnastic? Hiru aldiz zeharkatu du zelai erdia bigarren zatian, 71. minutuan Pinillak buruz bakar bakarrik errematatu du bigarren zutoinean bosgarrena egiteko eta azken minutuetan Irurzunek bolea harrapatu du, baina erdiraketa zetorren tokira itzuli du baloia.

Amaieran jendearen haserrea eta txalo batzuk, denak batera. Kontrako markagailuak kirol itxaropena zapuzten dueneko erreakzio bikoitza: amorrua eta ahaleginarengatik eskerra hurrengo hamahiru partidatan gauzak hobeto egingo eta irtengo direlakoan.

Hortzak estutu eta indarrak batu, hori baino ez zaigun geratzen, aurreko asteko lelo bera den arren, baina kirolak batzutan hil edo biziko helburuetarako deitzen zaitu ere. Harmailetan partida amaitu bitarteko bide beretik segitu behar dugu, taldeari etengabeko sostengua helarazten eta zelaian aurreko jardunaldiotako bideari eutsiz.