Real Zaragoza VS Athletic Club 19/5/2007 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
35. Jardunaldia

Real Zaragoza4 : 3Athletic Club

Diego Milito16'
Diogo19'
Sergio García38'
Murillo45'(b.a.)
Aduriz36'
Aduriz74'(p.)
Aduriz77'
Laburpen bideoa
Estadioa
La Romareda
Herria
Zaragoza
Data
19/05/2007
Ordua
22:00
Data eta ordua
19/5/2007 - 22:00

Zaragozak 4 Athletic Clubek 3: Berezko eta kanpoko errakuntzak

Athletic Clubek 4-3 galdu du La Romaredan Zaragozaren aurka. Adurizek hiru gol lortu ditu, baina…

19 de may. de 2007

Athletic Clubek 4-3 galdu du La Romaredan Zaragozaren aurka. Adurizek hiru gol lortu ditu, baina gure jokalarien ahalegin eta akats guztiek Pino Zamorano epailearen lanarekin egin dute topo behin eta berriz. Etxekoen golak Diego Militok, Diogok, Sergio Garciak eta Murillok bere atean lortu dituzte.
Hiru partida falta dira Liga amaitzeko eta gaurkoan erakutsi den adorea, grina eta etengabeko borrokaz baliatu beharko da Athletic Club beharrezkoak diren puntuak eskuratzeko. Ahuleziak ere hor daude, baina horiek izan dira egungo egoeraren errundunak eta testuinguru honetan baikortasunerako arrazoiak bilatu behar ditugu.

Futbola horrela dela esatea aplikagarria izan da Zaragozaren aurkako lehian. Duela bi aste Huelvan taldeak ez zuen jokurik sortu eta puntu bat atera zuen. Oraingoan taldeak, oro har, joku hobeagoa egin du eta 4-1 joan da atsedenaldira. Taldeari kostatu zitzaion zelai erditik pasatzea baloi luze eta loratuen bitartez ez bazen eta gaurkoan, aldiz, behetik erabili du baloia eta arriskua sortzeko gai izan da. Tamalez jokua eta puntuak ez dira bat etorri… gol gehien jasotzen duen taldea izaten segitzen dugulako.

Lehen minutuetan eta 4-2-3-1en bitartez, nagusi izan da gure taldea. Hegaletatik sartzen zen eta hirugarren minuturako Iraolak izan du abagunea. Zaragozari asko kostatzen zitzaion zelai erditik aurrera jotzea, baina edozein deskuiduan etxekoek euren kalitatea erakusten zuten. Esaterako Diogok 5. minutuan, baina Aranzubiak erantzun dio ondo.

Halaz ere Zaragoza baino arerio gogorragoa atera zaio Athletici. Hamargarren minutuan Prietoren falta jaurtiketak ihes egin dio Cesarri eta Aduriz errematatzeko prest zela penaltia egin diote, baina marrazainak bandera altxatu du balizko jokoz kanpokoa seinalatzeko. Eztabaidagarria benetan.

Athleticek zeukan baloi jabetza, baina Zaragozak bi gol egin ditu ia jarraian, biak oso politak eta angelu gutxiagorekin, baina bietan gure atzelariek gehiago egin zezaketen. Hamabosgarren minutuan Diego Militok bere lehorteari agur esan dio eta zartako ederraren bitartez bat eta zerokoa ezarri du. Hamazortzigarren minutuan, aldiz, are zailago zen Diogoren eskuinkada, baina horrek ere tokian bertan ipini du. Kolpe latza, futbolean primeran dabilen taldearen aurka eta Sergio Garciak hirugarrena egiteko abagunea izan du 25. minutuan, baina Aranzubiak bikain erantzun dio.

Pixkaka berpiztu da Athletic, asko kostatu zaion arren, eta 35. minutuan Adurizek Murilloren pasea aprobetxatu du Sergiori aurrea hartzeko eta behetik bi eta batekoa ezarri du. Ia hurrengo jokaldian jokaldi beraren errepikapenean geundela zirudien. Tamalez ez da horrela izan. Kasu honetan penalti argia egin dio Sergiok Adurizi eta Pino Zamorano bertan zela ez du ezer ez ikusi edo behintzat ez du seinalatu. Lehenago Cesarrek Adurizi egniko erasoan ikusi ez duen bezalaxe. Eta balizko berdinketatik hirugarrenera, 37. minutuan Sergio Garciak Aimarren pasea jaso du, eta angelutik sartu du baloia, oso gol polita eta kolpe are gogorragoa. Egia esateko, hiru gol borobilak sartu ditu Zaragozak. Ez da horren borobila izan laugarrena, izan ez den falta baten ondorioz Murillok buruz sartu baitu gure atean.

Bigarren zatian Javi Gonzalezek Amorebieta ordezkatu du eta 56. minutuan Etxeberria Javi Martinezen tokia hartu du. Iraola kokatu da euskarrian Murilloren parean, Yeste euskarritik punta erdira pasatu da eta Etxeberria eskuin hegalean. Dena den, zuloak utzi ditu Athletic Clubek bigarren zatiaren hasieran eta Sergio Garciak, 48 eta 49. minutuetan, aukera alferrik galdu du Aranzubiak eta Expositok atepean arriskua urrundu dutelako. Aragoiarrek bosgarren eginez gero hondamendia genuen espero, baina Athleticek ez du amorerik eman. Gabilondoren areaz kanpoko jaurtiketa desbideratu du Cesarrek eta Aranzubiak aurpegiarekin Sergio Garciaren errematea. Hortik aurrera Athleticen txanda heldu da. Adurizek buruz 62. minutuan, Etxeberriak kanpora jaurti du 68. minutuan eta 71. minutuan penaltia egin dio Cesarrek ia area txikian izkin egin dionean… baina ez zen gol aukera nabarmena epailearen ustez. Beraz txartel horiarekin utzi du atezaina.

Adurizek gauzatu du penaltia eta beldurra hedatzen hasi da Zaragozaren jokalarien artean. Militok areaz kanpotik jaurti du kanpora eta Yesteren falta jaurtiketari erantzun ona eman dio Cesarrek. Iraolak jaurti du kornerra eta Adurizek buruz ezarri du lau eta hirukoa 77. minutuan.

Hortik aurrera lerroak batu ditu Zaragozak eta kalitate askoko jokalarien eskutik partida lokartu du eta baita aukera argi bat sortu Aimarren bitartez. Llorente sartu da Gabilondoren ordez 82. minutuan. Denbora gutxi falta zela eta, landutako jokua baztertu du Athletic Clubek eta baloi loratuak erabili dituzte zurigorriek punturen bat eskuratzearren. Ezinezkoa izan da eta epailearekiko haserrea handituz joan da zelaian eta zelaitik at. Zelaian epaileak 37. minutan laugarren epaileari bost minutuko luzapena agindu diolako… eta halaxe erakutsi du berorrek harbelan, baina epaileak 4 jartzera behartu du. Zelaitik kanpo are itsusiagoa izan da: kirola jardueraren aurka aritzea leporatzen diete epaileek jokalariei Lehiaketa Batzordeari nolabaiteko presioa egiteko. Pino Zamoranok horrela ipini du… Expositoren kasuan izan ezik, bertan epailearekiko gutxiespena leporatuz eta esanez helegitea aurkezten badugu kontuan hartuko dutelakoan La Romaredan ezin izan da eta finala San Mamesen da Mallorcaren aurka igandean, beste emaitzei inolako kasurik egin gabe eta ia zorte pitin batekin epaileekin. Gaur bezalako laguntzarik ez dugu gura behintzat.