Athletic Club - Levante UD
Jardunaldia 38
Liga

Athletic Club - Levante UD

Athletic Club
Athletic Club
20
Levante UD
Levante UD
  • 60' Serrano (b.a)
  • 76' Gabilondo

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 2- Levantek 0: Salbazioa gauzatu da

Athletic Clubek salbazioa eskuratu berri du Levante taldea 2-0 mendean hartuta, Serranok bere atean eta…

Athletic Club

Athletic Clubek salbazioa eskuratu berri du Levante taldea 2-0 mendean hartuta, Serranok bere atean eta Gabilondok, azken jardunaldian eta beste denboraldi batez Lehen Mailan jokatuko du, Ligan 1929an ekin zion ibilbideari segida emanez. Partidaz gutxi hitz egingo dugu gaur, analisia baino, bidea baino, emaitza inoiz baino beharrezkoa zelako eta azkenean heldu da.

Sufrimenduz beteriko txapelketa amaitu da eta 2007/2008 denboraldian Zuzendaritza Batzan, aulkian eta aldagelan zein futbol zelaian egongo direnek behar legezko tresnak ipiniko dutelakoan gaude, horretaz ez dago inolako zalantzarik, baina eskasian errudunak bilatzeaz baino haratago, horixe baita joerarik normalena, gure taldeak betidanik erakutsi duen lehiakortasuna berreskuratzea litzateke hurrengo helbururik nagusiena. Lehiakorrenak goi mailako ezein lehiaketak kirol filosofien gainetik ematen dituen ezusteak ahalik eta hobekin ekiditzeko.

Bigarren Mailara joan diren hiru taldeek kirol filosofia ezberdina daukate, norberak bere ezaugarriekin. Seguruenik aurretik hartua zeukaten bideaz harro zeuden, baina lehiaketak beste maila batean kokatu ditu datorren denboraldiari begira. Denek zeukaten mundua harrobitzat eta denek ondo lantzen ei zuten etxeko altxorrak, baina gupidarik gabekoa da lehia batzurentzat eta horretaz libratu gara, agerian geratu denez, gauzak espero baino txartoago egin ditugun arren.

Gure ezaugarriekin, hau da gure kirol filosofiarekin, gauzak askozaz hobeto egin dezakegu geure buruarekiko begirada atsegina eta handikeriaren arteko erdibidea zeharkatuz, baina horretarako gure jarduerak gainerakoena baino hobeagoa, sakonagoa eta baita profesionalagoa beharko du izan.

Bestalde, aipatzea soberan dagoen arren, erantzun bikaina eman du zalegoak eta, futbol zelai berria dela medio, egitura guztiak indartzeko bidean, zabaltzeko aukera paregabea eta, beraz, taldeari babesa ez zaio faltako.

Bazkideak, peñakideak, gogaideak, etxean sufritu dituztenak, sinisten eta sinisten ez dutenak, amaieran txaloak eman edota txistua jo zutenak, gabonetan bezala astean eta partida amaitu eta berehala animo mezuak bidali dituztenak, negar egin dutenak, orain pozik daudenak. Inoiz gure Athleticarekin zerbait ospatzeko, adina dela eta, aukerarik izan ez dutenek traza hartu diote txapelketa bat irabaztean sentitu beharko denari. Beharbada gutxi izango da azken jardunaldian salbatzea, baina Athleticez harro gaudenontzat urrezko balioa du gaurkoan burutu dena.

Eta bostetatik aurrera partida bat jokatu da San Mamesen… eta irabazi dugu. Onena etortzeke dago… Aupa Athletic!