RCD Mallorca - Athletic Club
Final hamaseirenak
Kopa

RCD Mallorca - Athletic Club

RCD Mallorca
RCD Mallorca
21
Athletic Club
Athletic Club
  • 20' Jankovic
  • 102' Víctor
  • Yeste 67'

KokapenaOno Estadi , Palma de Mallorca

Mallorcak 2-Athletic Clubek 1: Kopari agur

Athletic Clubek Kopako txapelketari agur esan dio Mallorcarekin 2-1 galdu eta gero, luzapena behar izan…

Athletic Club

Athletic Clubek Kopako txapelketari agur esan dio Mallorcarekin 2-1 galdu eta gero, luzapena behar izan duen partidaren ostean. Jankovicek lehen zatian, Yestek bigarrenean eta Victorrek luzapenean egin dituzte golak. Leporatzen ei zitzaion gabezia ordenez aldatu bide du azken bi partidatan gure taldeak eta lehen zati eskaxa egin du arauzko denboran eta luzapenean, gauzak bigarren aldietan hobetzeko. Zoritxarrez ate aurrean izandako abaguneak ez dira behar bezala gauzatu eta Mallorcak, gizon bat gutxiagoz, hobeto aprobetxatu du luzapenaren lehen zatia kanporaketa bideratzeko.

Lehen minutuetan kontrakoarekin “mehatxatu” duen arren, Athletic Clubek oso txarto ekin dio partidari, baloia berehala galduz, idea argirik gabe eta Mallorcak ezer berezirik egin barik, ia nahi gabe, aukerak sortu ditu, batez ere Jankovicen eskutik. Hamabosgarren minutuan txilenaz errematatu du gutxigatik kanpora, hogeigarren minutuan bat eta zerokoa ezarri du baloia arean bertan errezegi errematatuz eta Piscuk 23. minutuan jaurti du gora.

Mallorcak kanporaketa bideratuta zeukan, baina gure taldearentzat itxaropena mantentzeko gola egitea ezinbestekoa zenez gero, panorama ez da gehiegi aldatu.

Gure lehen abagunea Llorentek izan du 25. minutuan, baina bere burukada Moyak harrapatu du. Une horretan lehen aldaketa egin du Athletic Clubek bere eskeman. Etxeberria eskuinaldera joan da, Iturriaga erdian kokatu da eta Dañobeitia ezkerraldean. Zerbait aipatzearren, beste bi aukera ikusi dira atsedenaldia baino lehen. Biak Mallorcakoek sortu dituzte, Arangok bere atean 31. minutuan, buruz gutxigatik kanpora bidali duena eta bigarrena Piscuk, baina Lafuentek harrapatu du.

Athletic Clubek hobetu du dena bigarren zatian, Mallorcak ez du abagunerik sortu luzapenera heldu arte, nahikoa izan zaion arren. Esan bezala, itxura aldatu dute zurigorriek. Hasteko Urzaiz irten da Casasen ordez 46. minutuan. Murillo pasatu da eskuin lateralera eta Exposito ezkerraldera, Iturriaga erdirago etorri da Orbaizekin batera eta Etxeberriak segitu du eskuin hegalean eta gauza bera gertatu zaio Dañobeitiari ezkerraldean. Goian Urzaizek eta Llorentek osatu dute bikotea.

Bihotzarekin buruarekin baino, etxekoen konfiantza gutxitzen joan dira Athleticekoak. Llorentek egin du tajuzko lehen errematea 57. minutuan, buruz gora, 61. minutuan Yeste sartu da Dañobeitiaren ordez eta Manzanoren mutilak oraindik atzerago kokatu dira. Falta guztiak gol aukera bihuru nahi izan du gure taldeak eta horrelako batean penalti eztabaidagarria seinalatu du epaileak. Yestek jaurti Moyak urrundu eta aldaratzea Yestek berak eskuinez barrura. Beste partida hasi da eta Athletic Clubek aukera franko izan du kanporaketa erabakitzeko minutu gutxitan. Hasteko Etxeberriaren errematea 72. minutuan, Moyak geratu duena, hurrengo minutuan Yestek banako jokaldi polita baloia gora bidaliz amaitu du, 74. minutuan abagunerik argiena: Etxeberriak boleaz jo eta atepean, bi metrora edo, errematatu du Llorentek baina baloia Moyaren aurka jo du eta 76. minutuan Sarriegik kanpora jaurti du buelta erdian.

Mallorca bizirik atera da. Iraola sartu da Etxeberriaren ordez 83. minutuan, behar bada luzapenari begira, baina oraindik denbora izan du Athletic Clubek partida desorekatzeko: Urzaizek buruz errematatatu du bakar bakarrik Iraolaren erdiraketa 92. minutuan, baina botea luzeegia izan da eta langa gainetik ihes egin du baloiak. Ordurako laguntzaileaari zerbait esateagatik txartel gorria ikusita zeukan Jankovicek, 85. minutuan hain justu ere eta bazirudien denbora kontua izango zela norgehiagoka luzapenean eskuratzea.

Ez da horrela gertatu. Igandean Racingen aurka gertatu zen legez, hamar jokalarirekin zegoenak indarrak atera ditu eta luzapenaren lehen zatia ahazteko modukoa izan da. Hasi eta berehala, 78. minutuan Piscuren ordez zelaira irten den Victorrek ate aurrean ez du asmatu, baina bai 101. minutuan ia nahi gabe Mallorcak lortu duen kornerraren ostean: bigarren zutoinean Pereyrak Ustaritzen gorputza aprobetxatu du jauzia eta errematea egiteko eta, baita buruz ere, Victorrek sareetara bidali du baloia.

Txarto hasi partida, norabidea zuzendu da, aukerak alferrik galdu dira eta partida menderatu behar zenean arerioak gola egin du. Hemeretzi minutu falta ziren, baina nahi eta ezinean ibili da gure taldea. Ezintasuna zela medio, Athletic Clubek jada ez du beste aukerarik sortu eta 113. minutuan Nunesek eskuz egin duen penalti nabarmena seinalatzea gehiegi zirudien eta halaxe gertatu da. Amaiera, hasiera bezala izan da: txarra. Zapore mingotsa sailkatzea eskura egon delako, baina gaur eta biharko lana dauka taldeak egiteke: morala altxatu eta aurpegi hobeagoa eskaini Ligan.