Athletic Club - RC Deportivo
Jardunaldia 13
Liga

Athletic Club - RC Deportivo

Athletic Club
Athletic Club
22
RC Deportivo
RC Deportivo
  • 22' Barragán (b.a)
  • 53' David López
  • Riki 63'
  • Taborda 89'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 2 Deportivok 2: Puntu bi azken unean galdu

Athletic Clubek bina egin du Deportivoren aurka San Mamesen. Barraganek bere atean eta David Lopezek…

Athletic Club

Athletic Clubek bina egin du Deportivoren aurka San Mamesen. Barraganek bere atean eta David Lopezek egin dituzte zurigorrien golak, Rikik eta Tabordak, aldiz, Deportivorenak. Pasa den jardunaldian gertatu zen legez, azken unean ihes egin dute puntuek, bat izan zen Bartzelonan eta bi gaurkoan. Gertaerak ez dira berberak izan, ezta partidaren bilakaera ere, eta zapore mingotsagoa geratu da azken honetan, merezimenduak askozaz argiagoak izan baitira sari potoloagoa eskuratzeko.

Bi puntuak galtzeaz gainera, partida honetan topiko eta klitxe asko bertan behera geratu dira. Esaterako: Deportivok askozaz hobeto jokatzen du etxetik at, erasora etab… bai zera, autobusa kokatu du hasiera hasieratik, hau da, talde ia guztiek etxetik at egiten duten/dugun moduan kontraerasoa gauzatu guran.

Beste klitxe bat. Athleticek atzean jokatzen du San Mamesen ere, itxoitera, bai zera. Inoiz baino jokalari erosokorragoak zelairatu dira batera. Hona hemen zerrenda Llorente, Etxeberria, David Lopez, Yeste, Gabilondo, Iraola atzean eta Orbaiz-Yeste bikotea zelai erdian. Inoiz baino baloi gehiago ukitu du taldeak, inoiz baino gehiago mugitu du esferikoa behetik eta inoiz baino minutu gehiago izan du baloia. Tamalez, ezin izan du partida hil, edo ez du jakin izan edota ez du behar legezko mugimendurik egin Deporrek atera jaurti dituen bietan. Halaz ere, balizko eta baldintza guztiekin geratu behar, zehaztasun eta matematika gutxi kabitzen baitira futbolean.

Era berean, beste hedabide-legenda bat, Deportivok baloia kanpora jaurtiko ez zuela iragarri berri du. Hori ere gezur hutsa da: binakoa lortu eta gero baloia kanpora bota du norgehiagoka gelditzeko eta ez aldiz binakoa lortu baino lehen gure jokalariren bat soropilean geratu denean edota Llorenteri Coloccinik takoak sartu dizkionean. Hots, guztiek egin duten bezala, komeni zaienean botako dute baloia kanpora.

Hasieratik Athletic eroso sartu da partidan, baloia pazientziaz mugitzen, albo batetik bestera eta partidaren ekimena eramanez. Elkarte interesgarriak osatu dira adibidez Yeste, Gabilondo, Koikili batetik eta Iraola, Orbaiz, Etxeberria, David Lopez bestetik. Deportivo atzean, gero eta zailtasun gehiago zeukan baloia gordetzeko. Athleticek aldiz, konbinaketa gehiago egiten zituen, baina ez zuen asmatzen azken pasean.

Aukerarik garbiena Iraolarena izan da hamaikagarren minutuan, baina bere zartakoa zutoinarekin egin du topo. Zorte gehiago izan du bere erdiraketa 22. minutuan, Barraganek buruz egin baitu gola bere atean baloia urruntzen zihoala.

Lotinaren jokalariek ez zuten arriskurik sortzen, ez zeroko berdinketarekin ezta geroago ere, Athleticek minutu batzuetan atzerapauso arriskutsua eman badu ere. Hori ez da bidea egoera horretan eroso sentitzen ez den taldearentzat, eta Manuel Pablo komunera abiatu behar izanak balio izan dio Athleticeri kobazulotik irtetzeko eta atsedenaldira arte lasaitasunez kontrolatu du lehia, baina arriskurik sortu gabe. Aurrean Manuel Pabloren gaitza bera ei zeukan Xiscok eta Bodipo sartu da bere ordez 40. minutuan.

Bigarren zatiaren hasieran ez dira gauzak gehiegi aldatu, baina Athleticek gehiago jokatu nahi zuen Deporren zelaian eta baita lortu ere. Hortik gutxira David Lopezek bere estraineko gola egin du Athleticeko kamisetarekin partida ofizialetan, 53. minutua zen. Yestek ireki du ezkerrera, Gabilondok ederto kontrolatu eta Llorenteri atzera pasa, honen jaurtiketa behartua David Lopezen hanketara iristeko eta kontrolarekin Aouate lekuz kanpo utzi du eskuinez bi eta zerokoa ezartzeko.

Ia hurrengo jokaldian Riki sartu da Juan Rodriguezen ordez eta Taborda Barraganen ordez 58. minutuan. Ondo atera zaio Lotinari, azken emaitza ikusita. Guzman eskuin hegalean kokatu du defentsan, Guardado eskuin hegalean erasoan eta Riki ezker hegaletik Taborda Bodiporekin batera erdian jarriz. Ez du emaitza berezirik lortu aldaketa eta Athleticek aise kontrolatzen zuen. Zoritxarrez jokaldi batean partidaren norabidea aldatu da 62. minutuan. Riki jauzi da (falta?) eta lurrean zela baloiak bere buruan jo du, altxatu da eta Yeste erasotzen saiatu da. Horia bientzat eta iazko denboraldian legez, falta jaurtiketa erdiratuta, zartakoa eta, lehen begiradaren ondorioz behintzat, txarto zegoen hesia erraz gainditu bi eta batekoa ezartzeko.

Deportivo sartu da lehian, baina Athleticek eutsi dio alaitsu jokatzeari. Inork ezin dio leporatu gure taldeari oraingoan atzera pauso ematea. Gainera 74. minutuan Bodipok kanpora buruz errematatu duen baloia kenduta, atera eta ate ingurura egin diren gainerako jaurtiketa guztiak zurigorriak izan dira. Besteak beste Llorentek 67. minutuan boleaz jaurti du kanpora, 70. minutuan Susaeta sartu da Etxeberriaren ordez eta 71. minutuan bota du Aouateren eskuetara, 74. minutuan Adurizek ordezkatu du Llorente (oraingoan txalo artean) eta 79. minutuan talde jokaldi on baten ondorioz David Lopezek jaurti du, baina Aouatek harrapatu du baloia.

Azken uneotan galiziarren ezker hegala ixteko asmoz Ustaritz sartu da David Lopezen ordez Iraola apur bat aurreratuz… baina beste aldetik heldu da berdinketa: Athletic aurrera joaten saiatu da berriro era 90. minutuan, baloia galdu da etsaiaren area inguruan eta kontraerasoan areaz erdiratutako baloia Amorebieta, Ocio eta Aranzubiaren gainetik errematatu du Tabordak. Binakakoa.

Puntu bi galdu, baina proposamen interesgarria futbol aldetik. Azkenean, betiko eztabaida da: joku ona ala puntuak? Biak batera joaten dira gehienetan, baina hori askotan ere zaila da lortzea. Aukera ona galdu da distantzia egiteko, baina holako ezusteak ematen du futbolak.