Athletic Club - Levante UD
Jardunaldia 23
Liga

Athletic Club - Levante UD

Athletic Club
Athletic Club
10
Levante UD
Levante UD
  • 55' Llorente

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1 – Levantek 0: Arnasa apur bat

Athletic Clubek 1-0 irabazi dio Levanteri Llorentek 56. minutuan buruz egin duen golari esker. Garaipenaren…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-0 irabazi dio Levanteri Llorentek 56. minutuan buruz egin duen golari esker. Garaipenaren bitartez arnasa hartzen du taldeak sailkapenean, gaurko jardunaldiaren ostean jaitsierako lehen postua bi puntura dagoelako eta asteko hika-mika guztiak gainditu ei direlako. Halaber, behean dagoen talde batekin aldeko emaitzak lortu dira partida bietan eta golik jaso gabe beste partida bat gehitzen du taldeak. Jokua, agi denez, ez da beste mundukorik izan, baina Levanteren aurka baino norgehiagoka hobeagoak jokatu dira aurtengoan hiru puntuak eskuratu barik eta, gutxienez, ez da errepikatu azken denboraldiotan azken sailkatuen kontra ohikoa bihurtzen ari zen porrota.

Partida ez da batere erraza izan. Askok kontrakoa uste zuten arren, horrela da “medio” ez ezagutzeak dakarren arriskua, soldata jasotzeko arazoak izateak ez dio jokalariari profesionaltasuna kentzen eta halaxe dela erakutsi du soberan Levantek. Atzean ondo ordenaturik, Alvaro, Miguel Angel eta Iborrak osatu dute euren bizkarrezurra.

Erasokor ekin badio ere, ez du abagunerik sortu gure taldeak lehen ordu erdian. Hamargarren minutuko Llorenteren jokaldi eta pase bikaina kenduta, Ramosek gutxigatik errematatu ez duena, esan bezala, ordu erdira arte ez da gola gertutik ikusi. Une horretan Yestek erdiratu egin du eta baloiak zutoinean jo du, David Lopezek ez du ondo jaurti eta Alvarok Aitor Ramos lesionatuaren ordez sartu berria zen Adurizi baloia kendu dio. Del Hornok buruz ez du behar legezko keinurik egin 35. minutuan eta Llorentek korner baten jaurtiketa buruz bidali du langara.
Joku gehiegirik gabe abaguneak sortu dira abantailaz joateko. Aitzitik, Levantek aukera bakarra izan du, 23. minutuan, baina Alvaroren burukada atepean urrundu du Del Hornok.

Laburpen gisa bazirudien estrategiako jokaldiek berebiziko garrantzia izango zutela eta arlo horretan saiatu dira talde biak lehen zatian. Bigarrenean Javi Martinezen areaz kanpoko jaurtiketa izan da lehen daturik aipagarriena 46. minutuan eta berehala, 48. minutuan, heldu da bisitarien aukerarik onena partida irabazteko eta, auskalo, Lehen Mailari eusteko itxaropenak handitzeko. Hegaletik atera du luze Levantek, aurrelari batek orraztu du buruz eta atzetik zetorren Miguel Angelek buruz errematatu du bakar bakarrik… zutoinera. Denbora izoztuta geratu da San Mamesen eta horrela segitu du Courtoisek ezkerrez aldaratzea errematatu duenean… kanpora.

Behin sustoa pasata, oreka itzuli da eta orekarekin batera zailtasunak partida irabazteko. Zorionez 56. minutuan Kujovicek ez du behar bezala atera, David Lopezek zetorkion moduan jo du arrasean eta sakontasunez Adurizi, horrek eskuinaldetik sartu da, burua altzatu eta bigarren zutoinean zegoen Llorentek buruz ipini du baloia sareetan. Duela hiru denboraldi bezala, Ligako lehendabiziko gola lortu zuenean, Llorentek gola egin du urdingorrien aurka. Di Biasi Levanteren entrenatzaileak jokoz kanpo eskatu du jokaldian, baina ondo zegoen Aduriz Lopezek jo duenean eta lerroan Llorente Adurizek erdiratu duenean.

Zailena egina zegoela zirudien arren, Athleticek ez du lasaitasunik izan lehia ixteko eta sufritu du, ez arerioak aukera garbiak sortu dituelako, baina bai, batez ere estrategian, baloi gehiegi Armandoren area inguruan ibili delako. Lehenengo eta behin 60. minutuan Riga Etienen ordez irten da. Sartu berria Iborrarekin batera kokatu da aurrean eta Pedro Leon eskuinaldean. Ostean Cuellarrek David Lopez ordezkatu du 66. minutuan eta zurigorriak geratu dira kontraeraso miragarriaren zain.

Miguel Angelek izan du berdintzeko abagunea 67. minutuan baina Armandok harrapatu du baloia. Saul sartu da hortik gutxira Iborraren tokian eta hainbatetan saiatu dira gure ezker hegaletik sartzen, azken aukera Llorenterena izan bada ere, 78. minutuan, buruz errematatu duenean berriro ere, Kujovicek ondo geldituz. Garmendia Yesteren tokian sartu da 80. minutuan ezker hegala itxi guran eta minutuak pasatzen joan dira, baina zelai erdiko falta bakoitza arearantz bidaltzen zuten valentziarrek eta luzapena bost minutuko izan denez gero, sufrimendua hedatu da Katedralean azkenik urrezko hiru puntuak etxean geratzeko.