UD Almería - Athletic Club
Jardunaldia 26
Liga

UD Almería - Athletic Club

UD Almería
UD Almería
11
Athletic Club
Athletic Club
  • 59' Negredo (p.)
  • Llorente 72'

KokapenaJuegos Mediterráneos , Almería

UD Almeriak 1- Athletic Clubek 1: Gehiago merezi da

Athletic Clubek banako berdinketa erdietsi du Almeriaren aurka askozaz gehiago eskuratzeko egin duen partidaren ostean….

Athletic Club

Athletic Clubek banako berdinketa erdietsi du Almeriaren aurka askozaz gehiago eskuratzeko egin duen partidaren ostean. Negredok penaltiz 52. minutuan eta Llorentek buruz 73. minutuan egin dituzte golak. Yestek eta Etxeberriak bosgarren txartel bana ikusi dute eta ezin izango dute Valladoliden aurka jokatu. Gaurko norgehiagokak, dena den, astero errepikatzen duguna ekarri digu gogora: berdintasuna dela nagusi Liga honetan eta, urrutira joan gabe, sailkapeneko zortzigarrenaren aurkako lehia izan da frogarik argiena. Almeria ez da inolaz ere gure taldea baino gehiago izan eta merezimenduak zein aukerak Athletic Clubek egin ditu. Datu argigarri bat: etxekoek behin bota dute atera, Negredok penaltiz gola egin duenean hain justu ere.
Bestalde, zurigorriek erakutsi dute gai direla aukerak sortzeko, baloia edukitzeko eta bi zati itxurosoak egiteko, baina ez dute asmatu Diego Alvesen aurrean eta jaitsieratik puntu batera mantentzen gaituen sari txikia eskuratu dute bakarrik.

Lehen zatian abagune guztiak izan dira zurigorriak. Almeria saiatu da eskuinaldetik batez ere eta estrategiako jokaldietan, baina ez du aterantz baloia zuzendu ere egin, hainbatetan area inguruan ibili den arren. Aitzitik, lana eman dio Alvesi Athleticek. Koikilik gutxigatik kanpora jaurti du areaz kanpotik hamargarren minutuan, 22. minutuan Gabilondoren erdiraketa itxia desbideratu du Diego Alvesek eta aldaratzea ondo jo du Yestek, baina, ia ia espero barik, urrundu du berriro atezainak. Urrutitik eta nahiko bigun jaurti du berriro ere Yestek 33. minutuan eta 38. minutuan Gabilondoren baloia ere harrapatu du Almeriaren atezainak.

Espero zen lehia ikusten ari ginen, itxia, baina etxekoek uste baino ekimen gutxiago zeukaten eta goitik egiten zen presioak ez zien eroso jokatzen uzten. Athleticek, aldiz, hegal biak erabiltzen zituen, baina zertxobait gehiago falta zitzaion gure taldeari aukeretako nagusitasuna garaipena bihurtzeko.

Atsedenaldiaren bueltan aldaketarik ez eta zalantza bat airean: beste batzuetako hasiera kaxkarra edukiko al zuen Athleticek? Erantzuna ona izan da. Melok merezimenduak egin ditu bigarren horia ikusteko eta Yestek bere bosgarrena ikusi du merezimendu osoz, eta txartelen gorabeherak bazterturik, Athletic partidaren bila zihoan gutxienez eta, berriro ere, aukerak sortzeari ekin dio. Lehendabizikoa oso argia izan da, baina Gabilondoren errematea ederto desbideratu du Alvesek 55. minutuan eta hurrengo jokaldian Susaetak ez du hauturik onena egin eta Llorente ala atzetik zetorren Gabilondori erdiratu beharrean, jaurtitzea deliberatu du, baina zaila zen oso hortik gola egitea. Etxeberriak ere bere bosgarren txartel horia ikusi du eta lehen aldaketak egin ditu Emeryk: Ortiz Juanma Ortizen ordez eta hortik gutxira Soriano Meloren ordez, bigarren txartela izateko boleto guztiak erosten ari zen eta. Ia inork ez zuen uste Almeria aurretik jartzeko gai izango zenik, baina halaxe gertatu da.

Kontraeraso azkar batean sartu berria zen Ortiz arearantz joan da ziztu bizian, txartel bilduma faltak egiteko gaitasuna murrizten zitzaien gure jokalariei eta penalti argia egin dio Yestek. Gutxienez ez diote bigarren txartel horia erakutsi, baina Negredok bat eta zerokoa ezarri du, Almeriaren emaitzarik estimatuena.

Aldapaz gora erreakzionatzeko gaitasuna duela agerian utzi du Athletic Clubek. Orbaiz sartu da Javi Martinezen ordez 66. minutuan eta berdinketaren bila abiatu dira zurigorriak. Bazirudien banakoa helduko zela 68. minutuan Llorente Alvesen aurrean bakar bakarrik geratu denean, baina ez dio baloia Gabilondori pasa eta ezin izan du atezaina gainditu. Azkenik, atzetik zetorren Etxeberriari utzi dio baloia, baina haren jaurtiketa ateapean atera du belaunez atzelari batek. Partida Almeriaren zelaian jokatzen ari zen jada.

Hortik gutxira, 72. minutuan, Adurizek ordezkatu du Etxeberria eta 73. minutuan heldu da berdinketa. Orbaizek baloia ireki du eskuin hegalera eta Susaetak, zetorkion moduan, buruz erdiratu du Llorentek buruz indartsu errematatzeko. Alvesek berriro ere ikutu du baloia, baina alferrik oraingo honetan. Berdinketa, urrezkoa, gehiago merezi den arren eta oraindik ere denboran luzatu da olatu erasokorra, Kalu Uchek Corona ordezkatu duen arte, 83. minutuan. Hortik aurrera azken erasoa antolatu du Almeriak, beste behin ere estrategiako jokaldietan oinarriturik eta Sorianok buruz 87. minutuan eta Uche, buruz ere, Amorebietak urrundu duena, eta Bruno, aldaratzea gora, 89. minutuan saiatu dira. Ez zen sari potoloa, baina bai saria azken finean, Almeria sasoian dabilen taldea delako eta gure taldeak gainditzen dituzten taldeak (Levante eta Atletico Madril kasu) ez zirelako horren txarrak, gure aurka galdu zutenean sinistarazi nahi ziguten moduan.

Amaitzeko esan gezurra badirudi ere partida nola joan den ikusita, epaileak hamaika txartela erakutsi duela, lau etxekoentzat eta zazpi gure taldearentzat… eta gehiago ikusteko aukera franko egon da. Dena den balantza ez da gure kontra desorekatu zenbakietan soilik, baizik eta une erabakiorretan ere. Adibidez, Brunori barkatu diote txartela hirugarren minutuan, goizegi omen zen eta, baina 75. minutuan bigarrena behar zuen jada. Melok bigarrena behar zuen ikusi 52. minutuan, epaileak ez dio atera eta Emeryk zelaitik at ipini du hortik gutxira. Yestek penaltiaren jokaldian, 58. minutuan, behar zuen bigarrena eta, amaitzeko, Juanma Ortizek merezimenduak egin ditu lehen zatian gorria ikusteko Ocio zapaldu eta gero. Zer egingo diogu, txartel gehien ikusten duen taldeen artean gaude eta badirudi horrela amaituko dugula denboraldia.

Gora begira dagoen taldea albo batera utziz, gure Ligako etsaiak datozkigu arrapaladan eta behetik alde egiteko lehen aukera Valladolid izango da igande honetan bertan.