Athletic Club VS Valencia CF 2008-4-20 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
33. Jardunaldia

Athletic Club5 : 1Valencia CF

J.Martínez19'
Llorente49'
Llorente66'
Iraola85'
Aduriz92'
Villa75'
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
20/04/2008
Ordua
21:00
Data eta ordua
2008-4-20 - 21:00

Athletic Clubek 5-Valentziak 1: Gau borobila

Athletic Clubek 5-1 irabazi dio Valentziari (Llorentek 2, Javi Martinezek, Iraolak eta Adurizek, Villak bisitariena)…

2008ko api. 20a

Athletic Clubek 5-1 irabazi dio Valentziari (Llorentek 2, Javi Martinezek, Iraolak eta Adurizek, Villak bisitariena) eta gau borobila betetzeaz gainera, jardunaldiko emaitzen ostean agertu zitezkeen mamu guztiak uxatu ditu gure taldeak. Erritmoa, presioa, grina eta gogoa erakutsi dituzte zurigorriek kalitateaz horniturik hainbat goletan argi eta garbi geratu denez. Azkenik bost gol izan dira eta seigarren bat ere egin du Athleticek, baina jokoz kanpo seinalatu epaileak Etxeberriarena.

Bost gol ez dira eguneroko ogia, San Mamesen joan den mendetik ez bait genuen ikusten Ligan (1998-1999 Athletic Clubek 5-Alavesek 0, 1997-1998 Athletic Clubek 5-Meridak 1 eta 1996-1997 Athletic Clubek 6-Logroñesek 0 eta Athletic Clubek 5-Herculesek 0) baina bai Kopan, 2004-2005 denboraldian 6-0 Lanzaroteren aurka. Etxetik at, bitxia bada ere, mende honetakoak dira oroitzapenak 2002-2003 1-5 Osasunari eta Liejako 1-7 ahaztuezina 2004-05ko UEFAko Kopan.

Oraingo honetan bost gol Kopako txapeldunari Ligan zailtasun handiak pairatzen dituen arren, gure taldeak azken bi kanpainetan sufritu dituen ia berberak. Horregatik San Mamesek ez ditu ontzat hartu “A Segunda” esanez bota diren oihuak, nahiz eta zelai askotan, Valentziarena barne, antzekoak eta okerragoak jaso arren. Une horiek zailak dira oso ezein taldearentzat eta arlo horretan bikain cum laude dauka gure zaleriak.

Aitzitik, gaurkoak zenbatu ostean, bederatzi puntutara dago jaitsiera, puntu batera Intertoto, bost puntura UEFA eta bederatzi puntutara ere Champions League. Liga honen orekaren isla. Dena zabalik, gainditzeko dagoen egutegia gogorra oso den arren.

Kontuak kontu, Athletic Clubek errotik ezabatu ditu Riazorren sei jardunaldi galdu gabe zeraman bolada amaitu ondorengo maltzurkeriak eta, futbolean ere beharrezkoa den oreka faltan, gure taldeari paso egitea leporatzen ziotenek laudoriak baino ez dituzte prestatuko, eta joan den astean desagertu ziren helburu europarrak berragertuko dira osterabe. Dirudienez futbolak futbola izaten segitzen du.

Eta futbola denez gero Valentziak ez zuen zerurik espero, baina zerbait urratzeko itxaropena mantendu du hasireako minutuak ikusita. Talde biak errespetuz irten dira, biek gura zuten, baina biek baloi larregi galduz eta inork ez zuen kontrolatzeko gaitasunik erakusten. Gurean Yestek min hartu du bitan bere eskuin orkatilan eta horrek asko moteldu du zurigorrien erritmoa. Halaz ere, hogeigarren minutuko Javi Martinezen golak (Albiolen laguntzarekin) joera guztiak aldatu ditu. Athleticek konfiantza irabazi du eta Valentzia maldan behera abiatu da. Bat eta zero. Etxekoek erritmoa sartu diote partidari, hobetu presionatu dute goitik eta soilik Villak egin duen falta jaurtiketaren bitartez sortu du arriskua bisitariak lehen zati honetan. Alferrik.

Gustora zegoen gure taldea eta jokaldiak gehiegi borobiltzearren galdu dira aukera batzuk. Lerro artean ondo mugitzen zen baloia eta Koemanen 1-4-1-4-1koak zailtasunak zituen aurrera jotzeko.

Abantailaz atsedenaldira, ohitura osasuntsua Athleticena azken bolada honetan San Mamesen, eta ohiko zalantza ere bai: defentsako lanaz beteriko bigarren zatia zain? Valentzia, badaezapada, euren jokalariek “nahi” duten 4-4-2koarekin irten da, Joaquin eta Morientes Maduro eta Arizmendiren ordez zelaian, hau da, bolbora gehiago, eta Athletic Garmendia Yeste lesionatuaren ordez.

Zalantzak argitu dira gutxira, 47. minutuan Athleticek izugarrizko jokaldia egin duelako, prentsa gehiago duen talderen batek eginez gero minutuak eta minutuak beteko lukeena. Iraolak eman dio baloia zelai erdian Etxeberriari, honek parean zegoen Susaetari, Markelek sakonean sartu Iraolari, usurbildarrak atzera zetorren Etxeberriari, elgoibartarrak, arean sartu baino lehen, atzelari baten hankapetik Llorenteri pasea egin eta iruindarrak oina sartu eta barrura. Bi eta zero.

Valentziak ez du amorerik eman. Morientesek lana eman dio Armandori eta Joaquinek kanpora jaurti du, baina elektrizitate berezia zerion Athletici, inoiz baino biziago zeuden gure jokalariak, inoiz baino bertikalagoak eta 66. minutuan erabakita utzi da lehia. Garmendiaren pase sakona Llorenteri, buruz buru Morarekin eta atezainak baloi loratua ikutu duen arren, Llorentek aldaratzea jaso eta oina ondo mugitu sareetara bidaltzeko. Hiru eta zero.

Edu sartu da Mataren ordez eta apur bat indartu da Valentzia eta zurigorriean aldetik Aduriz Llorenteren tokian. Villak txikitu du aldea faltaz Amorebietaren laguntzarekin 75. minutuan, baina Athletic ez zegoen txantxetarako eta azeleragailua zapaltzeari ekin dio berriro ere. Etxeberriari gola baliogabetu diote, sari polita egin duen partida kontuan hartuta, baina Iraola izan da golaren altxorra topatu duena 85. minutuan, honetan ere baloia ondo mugitu ondoren. Iraolak bere zelaian baloia hartu, Susaetari eman, horrek Etxeberriari eta honen pase sakona Iraolak jaso, atzelariarekin borrokatu eta ezkerrez sareratu. Lau eta bat.

Eta behin sariak banatzen hasiz gero, Adurizek ere eskuratu du berea. Minutu gutxi egon da, baina abagunea izan du, gutxigatik kanpora Albiol gainditu eta gero, gola eman Etxeberriari ere, baina laguntzaileak banderatxoa jaso jokoz kanpo ez zegoen arren, eta burukada baten bitartez luzapenean baliozko gola egin Etxeberriaren gaueko hirugarren goleko pasea errematatu eta gero. Bost eta bat.

Eskua Valentziari, Koemanek umorezko oharra ipini duen arren, esanez Athleticek “soilik” zortzi aldiz bota duela eta bost sartu, zilegitasun osoz, jokuz eta indarrez Athletic gehiago izan delako. Dena den, azken txanpa honetan Liga irabazteko faboritorik argienari egingo diogu bisita eta Real Madrilen aurkako lehia egun zoriontsua izango da Athleticentzat, duda barik, zeren emaitza albo batera utzita, Carlos Gurpegi behar zuen tokira itzuliko delako, berdeguneetara. Non eta Bernabeun. Esan bezala, horrelako gauzak dauzka futbolak eta datozen moduan hartu behar.