Real Madrid VS Athletic Club 27/4/2008 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
34. Jardunaldia

Real Madrid3 : 0Athletic Club

Saviola13'
Robben74'
Higuain76'
Laburpen bideoa
Estadioa
Santiago Bernabéu
Herria
Madrid
Data
27/04/2008
Ordua
21:00
Data eta ordua
27/4/2008 - 21:00

Real Madrilek 3-Athletic Clubek 0: Zigor handiegia

Athletic Clubek 3-0 galdu du Liga txapelketa eskura duen Real Madrilen aurka. Saviolak, Robbenek eta…

27 de abr. de 2008

Athletic Clubek 3-0 galdu du Liga txapelketa eskura duen Real Madrilen aurka. Saviolak, Robbenek eta Higuainek sartu dituzte golak. Carlos Gurpegiri bere garaian gertatu zitzaion moduan eta gure jokalariaren berragerpenarekin batera, zigorra handiegia izan dela argi eta garbi esan daiteke. Aitzitik, etxetik kanpoko azken partidaren alderatuz eta nahiz eta kontrako emaitza berbera izan, Athletic Clubek aurpegia eman duela eta hainbat pasartetan nagusi izan dela esan daiteke, baina onerako eta txarrerako jakin badakigu merezimenduak eta emaitzak ez datozela beti bat.

Garrantzitsuena, finean, Gurpegiren berragerpena izan da, zalantzarik gabe. Gure taldeak pertsona zeukan jada eta hemendik aurrera jokalaria era badauka. Larogeita hamar minutuak egon da futbol zelaian, nekatuta oso amaitu du lehia, jokaldi onak eta txarrak izan ditu eta ez du gehiegi nabaritu ia bi denboraldiko geldialdia. Ongi etorria, Ultra Surrekoek zapuztu gura izan dutena 23. eta 24. minutuan, baina oraingoan gutxienez, gainerako zaleen erreakzioak errotik moztu du iraintzeko gogoa.

Eta eguneko berriaz gain, Athletic Clubek hiru gauza erakutsi ditu berriro ere. Bi onak, taldeak ahalmen asko duela etorkizunari begira eta baloiarekin gaitasun handiak dituela eta bat txarra, konzentrazioa galtzen duenean larrutik ordaintzen duela. Real Madrilek, bere aldetik, ezin izan du Liga gaur bertan itxi, baina beste gauza pare bat erakutsi du: espazioekin min ikaragarria egiten duela eta atezainak bizia ematen diela ia uneoro.

Etxekoek eraman dute ekimena lehen minutuetan, baina aukera garbirik sortu gabe. Gure aldetik Garmendiak urrutitik frogatu du Casillas 13. minutuan, baina hortik gutxira heldu da partidako lehendabiziko gola: Armandok buruz-buruko baloia atera dio Rauli, Sneijderrek errematatu du aldaratzea, baina atezainak ezin izan du harrapatu eta Saviolak Athleticrekin daraman estatistika ona berresti du. Athletic saiatu da aurrera ateratzen, baina Real Madrilek kontraerasoetan zelai erdian zeukan nagusitasunari etekina atera dio hurrengo minutuetan. Robinhok lana eman dio Armandori 26. minutuan eta 27. minutuan Ramosek errematatu du buruz gora.

Halaz ere, Athletic Clubek hartu du ekimena lehen zatiaren azken txanpan eta partidari buelta emateko aukerak sortu ditu, aukera garbiak gainera. Etxeberriak buruz errematatu du 29. minutuan falta baten ondorioz, baina Casillasek gaueko ikuskizunari emn dio hasiera kornerrera desbideratuz. Lau minutu beranduago ezkerretik atera du falta Athletic Clubek, eta areara loratu beharrean Etxeberriarengana zuzendu da baloia, horrek atzerantz bidali eta zetorkion moduan zartakoa bota du Garmendiak… baina Casillasek geldiketa bikaina berriro ere egin du. Ostean, 36. minutuan, penaltia egin dio Heinzek Llorenteri, baina Garmendiaren jaurtiketa kornerrera desbideratu du Casillasek.
Etxekoen aldetik, Saviolaren jaurtiketa bortitz bat izan da arrisku guztia, baina Armandok kornerrera bidali du 39. minutuan. Partida polita zen oso, joan-etorri askorekin eta zurigorriek erasoa jotzeko gogo biziz aritu dira, behetik eta baloi luzeen bitartez. Tamalez, 1-0 galtzen erretiratu dira aldageletara.

Bigarren zatiaren lehen ordu laurdena Athleticena izan da osterabe Saviolaren jaurtiketa bat kenduta, 47. minutuan Armandok desbideratu duena, baina lelo bera errepikatu da: areara ondo heldu dira zurigorriak , baina azken errematean Casillas agertu zaigu, bitan kenduta, 52. minutuan Gurpegik buelta erdian gutxigatik kanpora bidali duenean eta 55. minutuan Susaetak gora jaurti duenean 55. minutuan hain justu ere. Ordubeterako Susaetak jokaldi ona egin du eta Iraolaren jaurtiketa atzelari batek desbideratu du kornerrera eta 63. minutuan David Lopezek Etxeberria ordezkatu du eskema ikutu barik.

Minutuak aurrera joan ahala erosoago jokatu du Real Madrilek, nahiz eta jaurtiketa bakarra atera bidali, 62. minutuan Armandok harrapatu duena. Gero eta espazio gehiago zeukaten zuriek eta gero eta zailago ikusten zen berdinketa eskuratzea. David Lopezen jaurtiketa desbideratu du Casillasek 67. minutuan, eta aldaratzea gehiegi gurutzatu du Iraolak.

Schusterrek aldaketa bikoitza egin du 72. minutuan¸ Robben sartu da Robinhoren ordez eta Higuain Raulen ordez. Hortik gutxira golek arrazoia eman diote. Susaeta sartu da zurien arean, atzelari bat gainditu du, baina ezin izan du gauza bera lortu bigarrenarekin eta kontraeraso azkarraren bitartez Higuainek sartu du baloia areara eta bizkarra hartu dio Robbenek Gurpegiri bigarrena egiteko. Aduriz prest zegoen Gabilondoren ordez irtetzeko, baina ia konturatu barik Higuainek hirugarrena sartu du.

Athleticek ez du amorerik eman, baina Casillasek bere horretan segitzen zuen eta Adurizen burukada onari erantzun ezinobea eman dio 78. minutuan. Norgehiagoka erabakita eta Athleticek utzitako jarrera ona baieztatu beharko dute zurigorriek igandean Mallorcaren aurka Gurpegiri San Mamesera ongi etorria emateko baliogarria izango den lehian. Intertoto hiru puntura dago egun, baina itxaropenak bizirik dirau.