Athletic Club - RCD Mallorca
Jardunaldia 35
Liga

Athletic Club - RCD Mallorca

Athletic Club
Athletic Club
12
RCD Mallorca
RCD Mallorca
  • 8' Llorente
  • Güiza 3'68'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1-Mallorcak 2: Jaia ez da osoa izan

Athletic Clubek 1-2 galdu Mallorcaren aurka. Llorentek egin du gure taldearen gola eta Güizak bisitarien…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-2 galdu Mallorcaren aurka. Llorentek egin du gure taldearen gola eta Güizak bisitarien biak. Azkenik jaia ez da osoa izan eta harmailetatik Gurpegiri eskainitako omenaldi hunkigarria izan da jardunaldiko onena Etxeberriak Ligako 415 partidarekin ezarri duen bigarren markarekin batera. Ostean, futbol zelaian Mallorca izan da nagusi eta aurreko partiden sendotasuna galtzen joan dira zurigorriak eta, era berean, eraginkortasuna ere eta horren lekuko azken unean Gabilondok eta Amorebietak huts egin duten aukera paregabea.

Athletic Clubek hamaikagarren tokian segitzen du. UEFA ezinezkoa da bederatzi puntura baitago jokatzeke bederatzi puntu falta denean, nahiz eta matematikoki oraindik posiblea den Sevillak dena galduz gero eta, jakina Athleticek falta diren hiruretan asmatzen baldin badu.
Intertoto zegoen moduan dago, hau da, hiru puntura, baina partida bat gutxiagorekin. Jeitsiera, azkenik, sei puntura dago gehi gol aldea alde Recreativorekiko. Beraz, Recreativok, partida bat galduta, ezinezkoa luke Athletic harrapatzea, kontuan hartuta ere beste sei talde tartean dagoela. Gauzak horrela, jada Bigarren Mailan dagoen Murtzia mendean hartzea litzateke botikarik onena.

Gaurkoan hasiera beroa bezain azkarra izan du lehiak. Bigarren minuturako Arangoren pasea ederto harrapatu du Güizak Gurpegiri bizkarra hartuta eta erraztasun osoz ezarri du zero eta batekoa. Aitzitik, erreakzioa beheralakoa izan da eta Llorentek buruz bere Ligako hamargarren gola egin du korner bat ederto errematatuz. Partida polita izan da une hauetan, talde biek gola bilatzen baitzuten inolako beldur barik, etxekoak ekimena eramaten bazuten ere. Halaz ere, Mallorcak abagune garbienak izan ditu. Arangok faltaz gutxigatik kanpora bidali du 24. minutuan eta 30. minutuan Güizak buruz lana eman dio Armandori. Athleticen Yestek eta Garmendiak aldatuak zituzten hasierako tokiak, Garmendia erdi puntara pasatu da eta Yeste euskarrira.

Caparrosen mutilen erantzuna ere heldu da. Garmendiak areaz kanpotik jaurti du 34. minutuan eta Moyak desbideratu du jaurtiketa, 41. minutuan Llorentek ez du gutxigatik gol sartu Yesteren falta errematatuz, nahiz eta atsedenaldira joan baino lehenago Webok abisua eman duen, baina bere burukada langa gainetik abiatu da.

Bigarren zatian oreka nagusi izan da lehen ordu laurdenean. Etxeberriak Yesteren tokia hartu du 52. minutuan, Llorenteren parean jokatzeko eta 61. minutuan Ibagaza sartu da Weboren ordez. Aurrelariari ez zaio batere gustatu aldaketa, baina bere taldeak eskertu du, hortik aurrera nagusitasuna eskuratu baitu zelaian. Kanpotarrek 4-5-1 argiago antolatu dute eta gure taldeari lan eskerga kostatu zaio aurrera jotzea eta baloia bereganatzea. Caparrosen erreakzioa ia berehalakoa izan da da Murillo Garmendiaren ordez zelairatuz jokoaren joan-etorriak nolabait kontrolatzearren. Helburua ez da bete eta Mallorcak aukerak pilatzen joan da: Arangoren falta jaurtiketa kornerra bidali du Armandok, kornerra ederto atera dute Mallorcakoek eta Varelaren zartakoak kornerra bidali du gure atazeinak. Tamalez, hirugarrenean heldu da garaipenaren gola bisitarientzat. Kornerra atera, baloia lehen zutoian orraztu eta segidan, gertu gertutik, Güizak buruz egin du bat eta bikoa.

Denbora zegoen aurretik. Lehen neurria izan da Aduriz Susaetaren ordez zelairatzea eta Etxeberria pasatu da eskuin hegalera. Manzanoren erantzuna ere bapatekoa izan da: Ramis erdilaria Güizaren ordez sartu da eta Arango geratu da bakar bakarrik aurrean. Athletic Clubek baloi luzeak aukeratu ditu eta aukera pare bat sortu du. Etxeberriak, 81. minutuan, izkin egin dio atzelariari baina gora joan zaio ezkerkada. Azkenik, 95. minutuan Llorentek laga du baloia buruz, Gabilondok ezin golik egin buruz eta aldaratzea Amorebietaren gana heldu da, baina atzelaria, eskuinez, kanpora bidali du. Pena, baina zentzazioak oraindik onak direnez, Liga ondo amaitzeko aukera dago, aste honetan bertan. Murtzian eta etxean garaipen binarekin.