Real Murcia CF - Athletic Club
Jardunaldia 36
Liga

Real Murcia CF - Athletic Club

Real Murcia CF
Real Murcia CF
12
Athletic Club
Athletic Club
  • 18' Iván Alonso
  • Llorente 32'
  • Gabilondo 83'

KokapenaNueva Condomina , Murcia

Murtziak 1-Athletic Clubek 2: Pronostikoa bete da

Athletic Clubek 1-2 irabazi du Murtziaren aurka. Ivan Alonsok sartu du etxekoen gola, Llorentek berdindu…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-2 irabazi du Murtziaren aurka. Ivan Alonsok sartu du etxekoen gola, Llorentek berdindu du atsedenaldia baino lehenago eta Gabilondok egin du bigarrena norgehiagoka amaitzeko zortzi minutu falta zirela. Gure taldeak pronostikoa bete du ia inertziaz, erasokor atera den talde baten aurka, baina jeitsiaren zama daramana, garaipen bidera itzuli da eta aukerak mantentzen ditu europar lehiaketetan sartzeko, zirrikitu gutxi dagoen arren. Bide batez, baten batek zalantzarik izanez gero, matematikoki ere jeitsiera postuetatik salbu dago jada Athletic Clubek.

Alaitsu, kementsu eta zuzen irten da Clementek gidatzen duen Murtzia. Bere hamaikakoak argi eta garbi zioen zeintzuk ziren asmoak eta gauzatu egin ditu hegal bietatik erraz sartzen eta hainbat baloi paseatu dira Armandoren aurretik, baina, zorionez, errematatzailerik aurkitu gabe. Atera joan den lehendabiziko errematea Ivan Alonsorena izan da, buruz, baina angeluan sartu du eskua gure atezainak. Minutuak aurrera joan ahala Athletic Clubek aurrerapausoa eman du eta gauzak baretu dira, teoriaz behintzat, 18. minutuan Ivan Alonsok aldaratze batez aprobetxatu delako eta eskuinez buelta erdian bat eta zerokoa ezartzeko.

Athleticen txandan Adurizek gola sartu du 23. minutuan, baina epaileak eskuarekin lagundu dela uste izan du baliogabetzeko. Zurigorrien nagusitasuna ez zen garbia, zelai erdiko lerroa aise gainditzen zen arren. Hiru pase segidan egiteko oztopo izan da haizea, baina batez ere norberaren gabeziak. Halaz ere, Llorentek lortu du berdinketa 31. minutuan eta, honako partida grisetan gertatzen den legez, estrategian heldu da gola. David Lopezek falta bota du zelai erdia pasata Adurizek buruz ikutu eta Llorentek hanka sartu Cariniri aurrea hartuz. Hurrengo minutuan aldatu dira paperak eta Llorenteren burukada ezin izan du errematatu Adurizek.
Norgehiagokaren dinamika aldatu da lehen zatiko txanpa honetan, Athleticek abagunerik sortu ez duen arren. Aipatzeko bakarra izan da Iñigoren jaurtiketa Armandoren eskuetara.

Gure hamaikakoan bost izen izan dira aipagai, Prieto, Cuellar, David Lopez eta Aduriz hasieratik jokatu dutelako eta Gurpegi euskarrian aritu delako. Hiru partidako astea da eta hori ere nabarmendu da arbelan. Bigarren zatian Yestek ordezkatu du Javi Martinez horrek atseden har zezan eta Murtzian Cuadradok ordezkatu du Marañon, lesionaturik. Sartu berria eta Richi dira Murtzian geratzen diren bakarrak 2003-2004ko denboraldian egin zen bisitaldiaren geroztik. Gurean Luis Prieto, Del Horno, Iraola, Gurpegi eta Yeste, izan dira errepikatu dutenak, aulkian egon diren Aranzubia eta Etxeberriarekin batera.

Hasiera ia berbera izan da: Murtzia erasoan eta Athletic Club lekua hartu barik. Aquinoren jaurtiketa harrapatu du behetik Armandok 46. Minutuan, geldiketa ona egin dio De Lucasi 48. minutuan falta jaurtiketaren ostean eta Ivan Alonsok buruz errematatu du kanpora 61. minutuan. Gure aldetik bakarrik Gurpegiren burukada bat kanpora aipa dezakegu. Bazirudien talde biak erdi lokarturik zeudela, telebistaz partida ez zela ikusten jakitun edo. Hainbat minututan erritmoa ia desagertu da zelaitik eta laugarren epailearen markagailu txikiaren disdira izan da gauzarik aipagarriena: Gabilondok Cuellar ordezkatu du 62. minutuan, David Lopez eskuin hegalera pasaraziz. Hurrengo minutuan Abel sartu da Iñigoren ordez zelai erdian nagusitasuna lortu guran, bost minutu beranduago Baianok ordezkatu du Goitom eta ostean Garmendia sartu da David Lopezen ordez.

Baianok lana eman dio Armandori buruz 70. minutuan eta hortik aurrera, inertziaz bada ere, baloi asko galduta eta erabateko nagusitasuna erakutsi ezean, zurigorriak aurrerantz jo dute. Aitzitik, aukera ez zen heltzen eta, nola ez ba, estrategian aurkitu du Athletic Clubek lasaitasuna eta itxaropenaren altxorra. Yestek bota du falta bigarren zutoinerantz, bertan Llorentek errematatu eskuinez, Carinik urrundu eta Gabilondo erne egon da baloia ezkerrez sareetara bultzatzeko. Zortzi minutu falta ziren eta Athleticek ez du zailtasun berezirik izan puntuak eskuratzeko,

Armandorekin topo egin duen Bainoren jaurtiketa bat kenduta lehia amaitzear zela. Adurizek, Gabilondoren pasea ezkerrez errematatuz 85. minutuan, izan du aukera ere zero eta bikoa ezartzeko, baina gutxigatik abiatu da kanpora bere errematea.
Azken finean pozarren joan diran bertaratu diren ehundaka zale zurigorri, denboraldiko etxekolanak bete dira, aise gainera, eta bederatzigarren postutik oraindik zertxobait gehiago lortzeko itxaropena dago. Ez dira samurrak gelditzen zaizkigun bi arerioak, baina igandean Racing mendean hartuta edozein gauza gerta daiteke. .. Denboraldiko agurra San Mamesen eta, telebista present egongo denez gero, onena emateko testuingurua prest dago. Gainerakoa jokalariek ipini behar zelai gainean.