Athletic Club VS Valentzia 2009-1-18 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
19. Jardunaldia

Athletic Club3 : 2Valentzia

Gabilondo17'
J.Martínez42'
Llorente90'(p.)
Villa2'
Morientes29'
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
18/01/2009
Ordua
19:00
Data eta ordua
2009-1-18 - 19:00

Athletic Clubaren garaipen handia Valentziaren aurka

Athletic Clubek 3-2 irabazi du. Gabilondok, Javi Matinezek eta Llorentek lortu dituzte zurigorrien golak. Villak…

2009ko urt. 18a

Athletic Clubek 3-2 irabazi du. Gabilondok, Javi Matinezek eta Llorentek lortu dituzte zurigorrien golak. Villak eta Morientesek lortu dituzte Valentziarenak.

Partida handia ikusteko aukera izan dugu gaur San Mamesen. Athletic Clubek eta Valentziak duten guztia erakutsi dute zelai gainean eta azken unera arte norgehiagoka edozeinek irabaz zezakeen inpresioa baieztatu da hiru eta bikoarekin. Finean, gure taldeak urrezko hiru puntuak eskuratu ditu lehen itzuliari amaiera emateko eta 26 punturekin bederatzigarren postuan kokatzen da. Bitartean bederatzi partida dira jada jarraian galdu gabe daramagunak. Ia atsedenik gabe Kopako final laurdenak dauzkagu zain ostegunean Katedralean eta igandean Ligako bigarren itzulia Almerian hasiko da eta lehia horretan Aitor Ocio eta Javi Martinez baja izango dira, bosgarren txartel bana ikusi dute eta. Atsedenaldia ere ez zaie txarto etorriko.

Baliteke berdinketa justuena izatea. Aitzitik, ez dago inolako zalantzarik azken unean epaileak seinalatu duen penaltiaren inguruan eta partidaren hainbat uneotan Athleticek zein Valentziak abaguneak izan dituztela partida desorekatzeko. Ez da horrela gertatu eta Athleticek, bere buruarengan gero eta konfiantza gehiago erakutsiz, bitan buelta eman dio kontrako markagailuari garaipena eskuratu arte.
Emery Valentziaren entrenatzaileak Athletic Clubaren hasierako minutuak zaindu behar zituztela zioen larunbatean, baina futbola horren berezia denez, bigarren minuturako Villak bere kalitatea erakutsi du Mataren pase bikaina zetorkion moduan sareetara bidaltzeko. Arerioa zaila bazen, are zailago bihurtu da hasi eta berehala. Gainera bide guztia libre geratu da bisitarientzat gustatzen zaien kontraerasoa martxan jartzeko. Athleticek ezikusiarena egin ei du eta joku erasokorrari ekin dio behin eta berriz. Llorentek buruz laugarren minutuan eta Ion Velezek ezkerrez 11. minutuan etxekoen bidea zein zen argi eta argi adierazi dute: baloia bi hegaletatik, presioa eta presioa eta erdiraketa arriskutsuak arearantz. Valentziak, aldiz, pixkaka agertzen zen, baina nola! Villak beste pase bat jaso du sakonean eta Iraizozen gainetik loratu du… baina kanpora eta bi minutu beranduago David Lopez berragertuaren erdiraketa bikaina Gabilondok buruz sareetara bidali du.

Banakoarekin batera ordu laurden polita jokatu du Athleticek, Valentzia eskuloturik geratu ez den arren. Llorentek ez du ausardiarik izan atera jaurtitzeko 19. minutuan, Iraizozek esku oso ona atera du hesiak desbideratu duen Fernandesen falta jaurtiketa urruntzeko, 27. minutuan Llorenteri zalantzarako jokoz kanpo seinalatu diote buruz, edo bizkarrez, zutoinera errematatu duenean eta hortik gutxira Madurori izkin egin dio eta bere jaurtiketa Renanek harrapatu du, baina gola sartu duena Valentzia izan da. Baloi sakona hartu du Villak arean, ia angelurik gabe erdiratu eta Morientesek, atzetik etorrita, bat eta bikoa ezarri du hogeita hamargarren minutuan. Zaragozan eta Real Madrilekin bezala, Morientesek ia beti “opariren” bat dauka Athleticentzako.

Aldapaz gora berriro ere eta, hasierarik legez, etengabeko animoak harmailetatik, taldea bezala zaleak sasoian daude eta. Partida zertxobait trabatu egin da, baina Athleticek azken txanpa indartsua egin du. Gainera Renan valentziarren atezaina lesionatu da eta ez da samurra izan Guaita ordezkoaren estreinaldia, sartu eta berehalako jokaldian David Lopezek falta jaurti du Javi Martinezek buruz binakoa ezar zezan. Berrogeita bigarren minutua zen, baina ez dira emozioak hor amaitu eta, hurrengo minutuan, Llorentek buruz errematatu du kanpora eta Villa urrutitik saiatu da baloia gehiegi loratuz. Atsedenaldia, lau gol eta aspaldian San Mamesen ikusi dugun futbol partidarik osoenetariko bat.

Talde biek beste aldaketarik gabe ekin diote bigarren zatiari eta Valentzia izan da indartsuago irten dena. Joaquinek langara jaurti du 47. minutuan eta Matak lekutara bidali du baloia bakar bakarrik zela Ocioren aldaratze eskasaz baliaturik. Athletic esnatu da, apur bat kostatu bazaio ere, eta ia jarraian gola baliogabetu diote Llorenteri jokoz kanpo zelakoan eta Guaitak Javi Martinezen areaz kanpoko jaurtiketa kornerra desbideratu du.

Entrenatzaileek gaurko eta baita iraganeko zein gertu dagoen Kopako partidak kontuan hartu dituzte aldaketak egiten hasteko. Toquerok Ion Velezi arnasa eman dio eta Michel gaztea sartu da Villaren ordez 65. minutuan.
Hortik lehia amaitu arte, Athletic izan da abagune garbiak sortu duen bakarra, esaterako Llorentek buruz inozentziaz Guaitaren eskuetara zuzendu duena, eta, gainera, partida ondo irakurtzeaz gainera, norgehiagoka hasi baino lehen gertatzea komeni zaiona ere egiteko parada izan da. Arlo horretan Javi Martinezen eta Ocioren bosgarren txartelak kokatu behar dira.

Dena den, partidak ere kontatzeko asko zeukan. Azken aldaketak lehenengo eta behin: Caparrosek Balenziaga sartu du Gabilondoren ordez, Koikiliren aurretik jartzeko, eta Orbaiz kendu du Yeste berrager zedin. Emeryk, bitartean, Vicente berdegunera atera du Joaquinen ordez eta Mata eskuinera pasatu da. Ordu laurden bat jokatzeke eta joan etorriak ate bietan. Athletic biziberriturik zelai erdian Yesteren bitartez eta Valentziak bereari eutsiz Fernandes ahalguztidunaren eskutik. Inork ez zuen ez baloirik ezta metrorik oparitzen, baina zurigorriek arriskua sortzen segitu dute 81. minutuan bezala, Toquerok ez duenean buruz gutxigatik errematatu Llorenteren erdiraketa eta atzean zegoen David Lopezek zutorinera errematatu du.
Berdinketarantz abiatzen zen lehia, txarra ez zen emaitza kasu bietan. Guri dagokigunez jaitsiera postuetatik zuloa handitzeko eta bolada onari eusteko balio zuen, baina gorantza segitu dute zurigorriek eta azken minutuan Javi Martinez besotik heldu du disimulurik gabe Fernandesek eta indartsuen arteko deman Martinezek ozta-ozta Guaitaren gorputzaren aurka errematatzea lortu ba du ere, “penalti, penalti” zurrunbiloa harmailetatik hedatu da. Megiak horrela adierazi du eta, berriz jaurtiarazi behartu gabe. Llorentek hiru eta bikoa ezarri du, futbola eta grinari omenaldia. Azken unean karneta ordaindu dutenak partidara sartu ahal izateko ez dira damutuko.