UD Almería - Athletic Club
Jardunaldia 20
Liga

UD Almería - Athletic Club

UD Almería
UD Almería
21
Athletic Club
Athletic Club
  • 26' Juanma Ortiz
  • Del Olmo 66'

KokapenaJuegos Mediterráneos , Almería

Almeriak 2 Athletic Clubek 1

Bolada ona hamaikagarrenean amaitu da Almerian bi eta bat galdu ondoren eta hurrengo bolada onari…

Athletic Club

Bolada ona hamaikagarrenean amaitu da Almerian bi eta bat galdu ondoren eta hurrengo bolada onari hasiera asteazkenean Xixonen ematea da helburu barria. Juanma Ortizek eta Kalu Uchek etxekoen golak sartu dituzte eta Del Olmok gure taldearena. Lehendabiziko eguna zen berarentzat hasierako hamaikakoan eta zurigorriz jantzita estraineko gola lortu du.

Almeria nagusi izan da, ez gehiegi lehendabiziko minutuetan gure taldea atzeko zereginetan txukun aritu delako, baina Athleticek haizearen kontra borrokatu behar izan du ere eta hogeigarren minututik aitzina etxekoen abaguneak heldu dira, ez da uholaderik izan baina nahikoak partida aldapaz gora ipintzeko.

Negredoren bolea polit baten ostean, 21. minutuan, hurrengo abagunea gola izan da. Irineyren zartakoak langan jo du eta aldaratzea Juanma Ortizen burura joan da eta 26. minutuan bat eta zerokoa ezarri dute andaluziarren. Athletic erantzuten saiatu da eta Toqueroren pasea gutxigatik ezin izan du errematatu Etxeberriak ordu erdirako, Sorianok burukada ederra egin du 32. minutuan eta antzekoa izan da Iraizozen erantzuna, baina atezainak ezin izan du ezer ez egin hurrengo arrisku jokaldian gola ekiditzeko. Chicok oso txarto jaurti du, Negredorengana joan da baloia, txilenaz saiatu da baina Ustaritzen gorputzean jo du eta aldaratzea Kalu Ucherengana heldu da berak ezkerrez eta arrasean gola egin zezan.

Bi eta zero eta atsedenaldira arte zoriontsuak izan dira etxekoak, Athleticaren saiakerak antzuak suertatzen ziren bitartean. Athleticek partida galdutzat emango zuela pentsatzen zutenen ustea ustela izan da. Inolako jokalari aldaketarik gabe, zurigorriak berpizturik agertu dira zelai gainean eta haizea alde izan ez duten arren, abaguneak sortzeari ekin diote. Gauzak honela, 46. minutuan Del Olmoren zartako galanta Diego Alvesek desbideratu du, hiru minutu beranduago Yesteren falta jaurtiketarekin egin duen bezala. Beranduago atzelari bat izan da baloia desbideratu duena Koikilik jaurti duenean. Partida ireki da guztiz eta talde biren erasoko jokaldiak sortu dira, baina azken metroetan asmatu barik. Azkenik, 66. minutuan Toquerok baloia buruz luzatu du eta metroak izan ditu Del Olmok Alvesen aurrean banan banakoaz profitatzeko, ondo gainera, erabat engainatu baitu atezaina bi eta batekoa ezartzeko.

Partida bizirik zegoen. Orbaiz zelaian zen jada premiazko eskuin lateralean jokatu behar izan duen Balenziagaren ordez eta atzeko lerroan bere tokia betetzea Gurpegiri egokitu zaio, ondo gainera. Halaber, David Lopez sartu da Susaetaren ordez azken ordu erdia jokatzeko. Gureak bihotzez saiatu dira buruaz baino, baina ez dira abagune garbiegirik sortu. Aitzitik, Almeriak espazio gehiago aurkitu du eta gure aurka ia beti asmatzen duen Juanma Ortizek aukera pare bat izan du: 68. minutuan ezkerrez eta Iraizozek erantzun bikaina eman dio eta 77. minutuan Crusat azkarraen ordez sartu den Piattiren erdiraketa gora errematatuz.

Azken ordu laurdenean Iñigo Velez Etxeberriaren ordez zelairatu da, baina ezin izan du tajuzko baloirik harrapatu. Azkenik ezinezkoa izan da punturik urratzea gaurkoan Athleticarekin debutaria zen epailearekin, ondo aritu dena, batez ere jokatzen uzteko asmo garbia azalduz.

Hasieran esan bezala, bolada ona amaitu berri da eta horren amaieran taldea sailkapenean hamargarren postuan dago, jaitsiera postuetatik bederatzi puntuetara eta europar postuetatik sei puntuetara. Dena den, Ligan ere ondo dabilen Malaga hartu baino lehen, Kopako erronka erakargarria daukagu jada begi bistan eta ziur Molinonen Athletic ez dela bakarrik ibiliko. Ea asteazkeneko hitzordua bolada on berri baten hasiera den.