Athletic Club - Málaga CF
Jardunaldia 21
Liga

Athletic Club - Málaga CF

Athletic Club
Athletic Club
32
Málaga CF
Málaga CF
  • 37' Yeste
  • 70' Llorente
  • 85' Susaeta
  • A.Luque 2'
  • Lolo 63'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athleticek 3 Malagak 2

Partida polita arerio on baten aurkaAthletic Clubek Malagari 3-2 irabazi dio, Ligaren erritmoari eutsiz eta…

Athletic Club

Partida polita arerio on baten aurka


Athletic Clubek Malagari 3-2 irabazi dio, Ligaren erritmoari eutsiz eta arerioarekiko gol aldea ere alde jarriz. Yeste, Llorente eta Susaetaren golek ezerezean utzi dute Luquek eta Lolok lortu dituztenak. Hiru puntuekin sailkapeneko erdialdean segituko du Athleticek eta gure jokalariek jada pentsamendua Kopan ipinita daukate. Finalerdietako erronka ez da makala, gaurko garaipenak morala ederto indartzen duen arren.

Kopako garaipenaren ostean errendimenduari buruzko zalantzak izatea lojikoena zen, chip aldatu beharra, nekea eta bi lehiaketa gurutzatzean pilatzen diren faktore guztiak kontuan hartuta. Hala eta guztiz ere, gure taldeak erantzun bikaina eman du kalitate handiko partidan eta maila handiko taldea mendean hartuz. Beharbada aukerak eta markagailua nola joan den begiratuta, berdinketa ez zen emaitza txarra ezta justiziari gabekoa ere, baina taldea eta zaleria olatuaren gainean daude eta azken bolada honetan aurkaria partida hasi eta berehala aurretik jartzea bitxikeri hutsa baino ez omen da.

Hasi eta berehala, bi minutu besterik ez, kolpe handia: Luquek Apoñoren jaurtiketa bultzatu du sareetara eta jokoz kanpoko eskatzea antzua izan da. Hor zebilen lerroa, baina Athletic Clubek azken bolada honetan ohikoa bihurtu den zereginari ekin dio, hau da, markagailuari buelta eman, ez baitzen batere komenigarria izaten Ligan atzerapausurik ematea. Ion Velezen barnealdiak eta jaurtiketak Goitiarekin egin dute topo laugarren minutuan eta Llorentek Goitiaren oparia kanpora bidali du hamabigarrenean. Ez zuen espero atezainari baloia ihes egitea.

Alternatibaz beteriko partida zenez gero, Malagak estualdia gainditu du eta bere aukerak izan ditu partida bideratzeko. Ia nahi gabe, Luquek zutoinera erdiratu duenean 18. minutuan, epaileak jokaldia korner bihurtu duen arren. Bahak bakarrik ezin izan du barrura bultzatu ia atepean zela 25. minutuan eta hurrengo jokaldian baloi loratua bidali du oso urrutitik, baina Iraizozek kornerra bidali du. Norgehiagoka joan-etorri zoro bat bihutu da askotan eta ekimen zurigorriaren txandan Llorentek ezkerrez bidali du gora. Abisua besterik ez zen, gaurkoan inoiz baino gehiago saiatu baita arearen marraren inguruan botatzen.

Gainera, golegilea izateaz gainera, pase bikaina eman dio hasierako hamaikakora itzultzen zen Yesteri 37. minutuan, erdilariak gol ikusgarria lor zezan. Banakoa markagailuan, Athletic gora eta Malaga arriskutsua kontraerasoan, bi minutu beranduago Dudak izkin egin baitio Iraizozi, baina angelurik gabe geratu da eta gainera eskuinez jaurti behar izan du. Zorionez. Atsedenaldia baino lehenagoko minutuetan epaileak txartel hori pare bat barkatu dio Athletici eta, geroxeago, horrek Welingtonen sarrera Ion Velezi horitzat soilik hartzeko eragina izan duelakoan gaude.

Ion Velez geratu da minduta aldageletan eta Toquerok bere lekua hartu du. Athletic garaipenaren bila erasokor irten da, baina ordu laurdena gainditu eta gero Malagaren txanda heldu da, horrela, kolpeka, lehen zatian bezala. Oraingoan etekina atera die bost minutu magikoei, 58. minutuan Bahak buruz errematatu du gora, Luquek urrutitik 59. minutuan gutxigatik kanpora eta Dudaren beste falta jaurtiketa onari esker, Lolok behera errematatu du buruz bat eta bikoa ezarriz. Hirurogeita hirugarren minutua zen.
Gero eta zailago zirudien, baina zaleriak ez du amorerik eman ezta taldeak ere. Aulkitik Gabilondo eta Susaeta irten dira Javi Martinez eta David Lopezen ordez 67. minutuan eta berpiztu da taldea. Gabilondoren burukada kanpora irten da gutxigatik 69. minutuan eta partida amaitzeko hogei falta zirela Llorentek Yesteren pasea jaso du eta izkin egin dio atzelariari ezkerkada bikaina sareetara bidaltzeko.
Adrianok atsedena eman dio Luqueri andaluziarren erasoa piztu guran, baina ekimena zurigorria zen definitiboki, Malagak arriskurik ez sortzearen sinonimoa ez bazen ere. Llorente jokaldia eskuinarekin errepikatzen saiatu da, Weligton ez da gutxigatik heldu buruz errematatzera, Iraolaren jaurtiketa gutxigatik kanporantza abiatu da eta Baharen jaurtiketa doi-doi Joan da Irazizozen eskuetara.

Arestian esan dugun legez, berdinketa ez zen txarra, partida, arerioa eta sailkapena ikusita, baina Athletic Clubek birtute eta akatsen gainetik konfiantza dauka egiten duen lanarengan eta 86. minutuan fruitua eman dio, behar bada behetik gehien jokatu duen lehian. Koikilik bandatik sakea egin du, Toquerok arean baloia kontrolatu, buelta erdia eman, erdiratu eta Susaetak buruz hirugarrena egin. Zoramena zelaian eta harmailetan, sufritzeko minutu batzuk genituen arren. Luque D.A.k, Duda jokalari puxkaren ordez zelaian zena, falta jaurtiketa egin du, baina langatik gora. Amaieran pozarren guztiok, baina alaitasuna jada amaituta dago eta Kopa zain dago Ligan Valladolidera abiatu baino lehen urtarrila eta otsailaren aldaparen azken astebetea borobiltzeko asmoz. Ea honela den.