Athletic Club - RC Recreativo
Jardunaldia 23
Liga

Athletic Club - RC Recreativo

Athletic Club
Athletic Club
11
RC Recreativo
RC Recreativo
  • 49' J.Martínez
  • Aitor 32'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1 Recreativok 1

Athletic Clubek eta Recreativok bana egin dute San Mamesen bisitariek hiru puntuak eskuratzeko merezimenduak egin…

Athletic Club

Athletic Clubek eta Recreativok bana egin dute San Mamesen bisitariek hiru puntuak eskuratzeko merezimenduak egin dituzten arren. Aitorrek egin du zero eta batekoa lehen zatian eta, bigarrenean, Javi Martinezek buruz, ezarri du berdinketa. Partida eskasaren ondorengo balantzean puntu bat gehiago dauka gure taldeak eta sailkapenean gauzek bere horretan segitzen dute, norgehiagokaren alderik onena zalantzarik gabe.

Lehen zatia triste bezain aspergarria izan da. Talde biren aldetik. Abagunerik gabe, ia erritmorik gabe eta testuinguru horretan erosoen zegoena Recreativo zen, bere 4-1-4-1koarekin arazo franko sortu baitio Athletic Cluberi, gure aldetik baloi luzeak ez zirelako nahiko arriskua sortzeko. Gauzak horrela lerro artetik baloia hobekien administratu duen taldeak atera du etekina, gehiegizkoa beharbada, baina etekina. Hogeita hamabigarren minutua zen, Camuñas sartu da Balenziagaren bizkarrera eta azken pase zehatza egin dio Aitorri bat eta zerokoa ezartzeko. Gure aldetik oso gutxi, zerbait aipatzearren Iraolaren erdiraketa bat Gabilondok buruz Asier Riesgoren eskuetara errematatu duena 36. minutuan eta Etxeberriari 26. minutuan egin dioten ustezko penaltia.

Eta ustezko beste penalti batekin hasi da bigarren zatia, erditik atera eta oso gutxira baloi bat erdi-erditik Adrian Colungaren oinetara heldu da, banan banakoa Iraizozen aurrean eta izkin egiten saiatu denean atezainak eskua sartu du baloia eta oina ikutuz. Baloia desbideraturik irten da eta aurrelaria lurrera. Jokaldi eztabaidagarria emozio gehiagoz bizi dugun bigarren zatiari hasiera emateko.

Parau barik, Gabilondoren korner erdiraketa Riesgok ozta-ozta harrapatu du 48. minutuan eta hurrengoan protagonista bera izan da Athletic Clubaren aldetik, Gabilondo, baina kasu honetan bere falta erdiraketa Javi Martinezek buruz sareetara bidali du. Banakoa eta partida zabal zabalik. Zabalegia Athleticen interesentzako, azken jokaldia bitartean ia abagune guztiak Recreativorenak izan direlako, erraztasun gehiegiz batzutan.

Berdinketarekin Athletic aurrerantz joan da, Toquero eta Susaeta jada zelaian zirela aldageletan geratu diren Etxeberria eta David Lopezen ordez, baina bisitariek jokua moteltzen jakin izan dute eta konbinaketa erraz bezain azkarrak egin Iraizozen area ingurura iristeko. Adibidez, 55. minutuan Colungak arrasean jaurti du eta 56. minutuan jokalariak berak baloia gehiegi loratu du.

Joan-etorriz beteriko lehia zen, baina Athleticaren txandan bihotza zen nagusi eta Recreativorenean, aldiz, burua, azken metroetan ezik. Esaterako 64. minutuan Athleticen bihotzak ia guztiak kornerra errematatzera eraman ditu eta Recreativok, liburuetan aurki dezakegun kontraerasoa zentzuz gauzatu du. Barberrek zelai erditik baloia eraman du, burua altzatu eta atzetik zetorren Colungari laga dio, bana Iraizozek berebiziko geldiketa egin du Athletic bizirik mantentzeko, bi minutu beranduago Iago Bouzonen errematea harrapatu du atezainak eta, eskerrak, aldaketek erritmoa moteldu dute. Del Olmo Gabilondoren ordez, Maidana Aitorren ordez eta Javi Fuego Barberren tokian. Dinamika ez da aldatu eta hurrengo aukera Maidanak izan du, urrutitik jaurtitzean, eta Del Olmok Riesgori lana eman dion arren, Camuñasena izan da aukera garbiago bat 82. minutuan arrasean kanpora bidali duenean.

Zaleek, gaurkoan ohi baino hotsagoak, taldea bezala, eta jokalariek berdinketa ez zela txarra ulertu dute eta partida noiz bukatu zen zain zeuden. Aitzitik, azken uneotako aukerak zurigorriak izan dira Orbaizek kontraeraso batean eta azken jokaldian Ion Velezena heldu da. Korner sake baten ostean baloia aurrelariarengana iritsi da, baina bere jaurtiketa Bouzonek urrundu du buruz atepean. Gaitzerdi! Irabaztea ezinezkoa denean berdinketa ez da txarra. Dena den, entrenatzaileak prensa aretoan aipatu duen legez, zaila da oso Kopako finalerdietako itzuleko partidan burua ez izatea, baina ezinbestekoa da Ligan lasaitasuna eskuratzeko falta diren lau garaipenak lehenbailehen erdiestea. Bitartean, esan bezala, berdin gaude: UEFA sei puntura eta jaitsiera bederatzi puntura. Ea Getafen madrildar taldearen aurka etxetik at lehendabiziko garaipena eskuratzen dugun, lehen itzulian kontra izan genuen zorte txarra alde izanik bada ere. Ez litzateke ez seinale, ez bultzada txarra.