Getafe VS Athletic Club 2009-2-22 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
24. Jardunaldia

Getafe1 : 1Athletic Club

Soldado15'
Llorente41'
Laburpen bideoa
Estadioa
Coliseum Alfonso Pérez
Herria
Getafe
Data
22/02/2009
Ordua
19:00
Data eta ordua
2009-2-22 - 19:00

Getafek 1 Athletic Clubek 1: Partida irekia

Athletic Clubek bana egin du Getaferen aurka. Soldadok buruz egin du bat eta zerokoa 15….

2009ko ots. 22a

Athletic Clubek bana egin du Getaferen aurka. Soldadok buruz egin du bat eta zerokoa 15. minutuan eta Llorentek buelta erdian banakoa ezarri du 40. minutuan. Partida irekia izan da hasieratik eta talde biek gol gehiago egiteko merezimenduak egin dituzte. Lehen ordu erdian etxeko taldeak eta ostean gureak. Partida osoan, aldiz, inor kontent utzi ez duen epailea, denetik eta denentzako izan baitu.
Ongi etorria izan dadila puntua Ligako ustezko lau handien aurkako etapa hasi eta Kopan Sevillaren aurkako finalerdietako itzuleko neurketa jokatu baino lehen.

Lehen itzulian bezala Jacobo ondo egon bada ere, oraingoan gutxienez gola egin du Athletic Clubek. Gainera, jada dira gehiago Getafen punturik urratu dugun partidak esku hutsik itzuli garenak baino, Athletic Clubek bertan bi aldiz galdu eta hiru berdindu duelako. Sailkapenean, balantzea nolabait borobiltze arren, bederatzigarren segitzen dugu UEFAko postuetatik eta jaitsiera postuetatik distantzia berbera mantenduz: zazpi puntura hain zuzen ere. Azkenik esan Yestek bosgarren txartela ikusi duela eta ezin izango duela jokatu heldu den larunbatean Sevillaren aurka San Mamesen Ligan.

Partida iazko denboraldikoa bezala hasi da, gutxi gorabehera, hau da, Getafek arrisku zortzeko oso gutxi behar zuen. Soldadok buruz gutxigatik gora errematatu du hirugarren minutuan, 8. minutuan abagune polita izan du Granerok atzera pasea egin duenean, baina aurrelariak oso txarto errematatu du. Hirugarrenean bai, asmatu du. Ordu laurdenerako izan ez den falta seinalatu du Ayza Gamezek, areara bota du Getafek eta Javi Martinezen aldaratzea faltaz oztopatu ei du Cata Diazek, baloia inguruan geratu da eta Soldakok buruz sareetara bidali du, nahiz eta Iraizoz baloia ikutu duen.

Ordurarte Athleticek Getaferen gabeziak antzematen zituen, baina sakondu barik. Golaren ostean, lojikoa denez, zurigorriak erreakzionatzen saiatu dira. Hasteko 17. minutuan Jacobok tupust egin du Etxeitarekin, baloia jausi zaio eta Iraolak sareetara bidali du. Alferrik, epaileak baliogabetu du eta. Hemeritzagarrenean Mariok etxeko jokalariek protestatu duten penaltia egin dio Llorenteri, baina hamaika metroetatik ez dabil fin gure taldeak eta Jacobok urrundu du Iraolaren jaurtiketa. Soldadok eskuinez Iraizozi lana eman dio segidan, baina Athleticek ez du amorerik eman eta partida ireki da oso, horrek zekarrean arrisku guztiekin, Getafe presio barik askozaz askatuago eta erosoago dabil eta.

Gure taldeak min asko egiten du estrategian eta hori nabaritzen da arerioek nola defendatzen duten ikustean. Hogeita seigarren minutuan Javi Martinez gutxigatik kanpora orraztu du eta bost minutu beranduago penalti argiagoa egin diote Llorenteri. Iruindarrak prensa aretoan azaldu duen legez, zaila da oso falta eta korner guztietan atzelarien zama lepotik eramatea. Aitzitik, Ucheren jokaldi on baten ostean Getafek partida bideratzeko aukera izan du 35. minutuan, baina Cortesen burukada kanpora joan da. Eta, minutu asko jokatzeke zeuden arren, horixe izan da Getaferen aukerarik garbiena partida amaitu bitartean.
Athletic Clubek minutu politak jokatu ditu, baloi luzeak eta lerro arteko konbinaketak tartekatuz eta horrelako batean Orbaizen baloia arearantz Ion Velezek asistentzia bikaina bularrez bihurtu du. Esferikoa Llorenterengana heldu da, horrek tokia atzelariari irabazi dio eta buelta erdian eskuinez sareetara jaurti du. Aldegeletara joan arte, aukera ere izan du beste bultzakada jasotzeko, baina zaila dirudi, oraingoz ezinezkoa, partida batean jokalari berari egiten dioten penalti bat baino gehiago txistukatzea.

Atsedenaldiaren bueltan indarberriturik agertu da Athletic. Gefatek, aldiz, hasi eta berehala Soldado, minduta, kendu du Victor Muñozek Albin sartzeko. Zurigorriek, bitartean, aukerak pilatzen hasi dira. Susaetaren erdiraketa ezkerretik, lehen zatian jada aldatu du bere kokapena Yesterekin, ez du errematatzailerik aurkitu 48. minutuan, eta hurrengoan Ion Velezek bolea langa gainetik bidali du, 53. minutuan Orbaizen zartako ederra gutxigatik joan da kanpora zale zurigorriak zeuden harmailaren ondoan eta 59. minutuan Llorentek errematatu du buruz baina langa gainetik kanpora.

Athletic zen jaun eta jabe, baina golik gabe. Toquerok Ion Velez ordezkatu du eta, era berean, neurri berriak abian ipini ditu Muñozek. Contra zelairatu da Lichten ordez, Cortes ezkerraldera bidaliz. Ordenaturik, leku beroan baloi asko lapurtzen zuen Athleticek eta 73. minutuan Toqueroren erdiraketa onak Llorente bakarrik utzi du Jacoboren aurrean, isiltasuna nagusitu da Alfonso Perezen, baina bere burukada gehiegi ziurtatu guran edo, kanpora abiatu da. Pena.

Azken ordu laurdenean talde biek berdinketari egin diote so. Etxekoek Albinen bi burukada izan dute, bat gora eta bestea Iraizozen eskuetara eta Athleticen Gurpegik eta Gabilondok Orbaiz, txartelarekin, eta Susaeta ordezkatu dute. Amaieran berdinketa maite ez den zelai batean eta poza bertaratu diren ehundaka zaleentzako. Orain Sevillaren txanda da, aspaldian desiratzen ari ginen eguna hor dago beraz, bere bi bertsioetan bada ere.