FC Barcelona - Athletic Club
Jardunaldia 26
Liga

FC Barcelona - Athletic Club

FC Barcelona
FC Barcelona
20
Athletic Club
Athletic Club
  • 16' Busquets
  • 31' Messi (p.)

KokapenaCamp Nou , Barcelona

Bartzelonak 2 Athletic Clubek 0: Crisis? What crisis?

Athletic Clubek 2-0 galdu du Bartzelonaren aurka etxekoen nagusitasuna nabaria izan den norgehiagokan pairatzen omen…

Athletic Club

Athletic Clubek 2-0 galdu du Bartzelonaren aurka etxekoen nagusitasuna nabaria izan den norgehiagokan pairatzen omen zuten balizko krisiaren aztarnarik gabe. Busquetsek buruz eta Messik penalti izan ez dena gauzatuz lehen zatian etxekoen golak lortu dituzte. Bigarrenean, aldiz, FC Bartzelonaren nagusitasuna askozaz handiagoa izan da, baina Iraizozen geldiketak alde batetik eta langa zein zutoinak bestetik erabakiorrak suertatu dira golkadarik ez hartzeko. Liga baino haratago begiratuta bi ondorio azkar eta inolaz ere zientifikoak aterako genituzke: Sevillaren aurka gertatu zen bezala Kopako lehia bestelakoa izango da eta, ea hitzordu historiko horretarako epailea Undiano Mallenco ez den edonor tokatzen zaigun, Athletic Club eta epaile hori gurutzatzen direnean zerbait gertatzen delako… eta ia beti aurka jakina. Hori bai, Kopako finalerdiaren osteko nekea ez da inolaz ere aitzakia izango puntu eta gehienetan jokurik gabeko partida zuritzeko.

Espero zen bezala baloiaren jabetza Bartzelonarena izan da, lehen zatian gure taldeak espazioak nahiko ondo itxi dituen arren, baina krisian murgildurik ei zegoen Barçak (“Crisis? What Crisis?” zioen 1975ean Supertramp musika taldeak) estrategiaz eta penaltiz sartu ditu bi golak, partida bideratzeko balio zaizkionak hain justu ere. Eta normalean zorte pittin bat beharrezkoa bada Camp Noun irabazteko, bigarren zatian soberan izan duguna, jada behar ez genuenean akaso, hasierako une erabakiorretan bizkarra eman digu. Zortea jokoan, hamaseigarren minutuan Fran Yestek Susaetaren pasea jaso du Valdesen aurrean bakar bakarrik zela, baina kanpora jaurti duelako eta hurrengo minutuan epaileak lasai asko seinalatu barik utz zezakeen faltaren ondorioz Busquetsek buruz bat eta zerokoa ezarri duelako. Eta zortea epailearekin, Iniestak behartu duen penaltia ikusi duelako, erdilariak bere hanka erditik kendu gura zen Gurpegirengana zuzendu duenean. Protestak nonnahi, alferrikako lana bada ere eta are gehiago Undianorekin. Iazko denboraldian bezala, horrelako penalti bat jaso behar eta ia hogei minutu itxaron aldeko falta izateko.

Atsedenaldira arte Gabilondok arrasean kanpora jaurti du eta Javi Martinezen burukada bat altuegi joan da. Bitartean, Guardiolaren taldeko jokalariek, apur bat erosoago, espazioak bilatzen zituzten hegaleko jokalarien bizkarrean, batez ere eskuin hegaletik, Messiri egiten zitzaion presioa aprobetxatuz.

Bigarren zatiari begira, Toquero sartu da Javi Martinezen ordez. Berdinketaren bila bolbora gehiago, Yeste atzeratu da euskarrira, baina oro har jokalari bat galdu dute zurigorriek zelai erdian eta kontraeraso azkarrak antolatzeko erraztasuna izateaz gainera, aurreko gizonen kalitateaz profitatu dira etxekoak baloiak askozaz argiagoak eta askozaz arriskutsuagoak zirelako. Honi estrategiako jokaldietan Athleticek erakutsi duen tentsio falta gehitzen badiogu, lehen ordu laurdenean batez ere, zurigorriek sufritu duten eraso etengabea adieraztea zaila da partida ikusi ez duenarentzat. Eskerrek Iraizozek antzuak egin dituela Eto’o, batik bat, Henry eta Messiren lana eta atezaina iristen ez bazen, hor zeuden zutoinak eta langa, Eto’o bitan, Henry zein Iniestaren jaurtiketak ekiditzeko. Eskerrak.

Gurean, partida markagailuari begira itxuroso amaitzea bihurtu da helburua, aukera garbiegirik ez baitu sortu Athletic Clubek, Iraolaren jaurtiketa bat, boleaz eta angelu gutxirekin, kenduta. Llorente ordubeterako abiatu da aldageletara, bere tokia Garmendiari utziz, baloi gehiago izateko asmoarekin. Gauza bera gertatu da Muñoz Orbaizen ordez sartu denean ordu laurden beranduago. Eta Undiano partida eskuetatik ihes ez egiteko txartelak halamoduz banatzen zituen bitartean publikoak gehiago gura zuen, Messiri alfonbra gorria ipintzea edo. Azkenean punturik ez eta jada behartuta gaude Ligako garaipenaren ildoari ekiteko, hiruzpalau ahal bezain laster erdiesteko. Hurrengo aukerak San Mamesera beste klasiko bat dakarkigu, Real Madril, aukera paregabea Sevillaren aurka ikusitako zentzazioak berreskuratzeko, hori bai Kopako historiak oraingoz albo batera utzita.