Athletic Club VS Racing 2009-4-26 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
33. Jardunaldia

Athletic Club2 : 1Racing

Llorente21'
David López41'(p.)
Pinillos56'(p.)
Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
26/04/2009
Ordua
17:00
Data eta ordua
2009-4-26 - 17:00

Athletic Clubek 2 Racingek 1: Txartel festa

Athletic Clubek urrezko hiru puntu lortu ditu Racingen aurka (2-1). Lehen zatian zurigorriak izan dira…

2009ko api. 26a

Athletic Clubek urrezko hiru puntu lortu ditu Racingen aurka (2-1). Lehen zatian zurigorriak izan dira nagusi eta bi eta zeroko emaitzarekin aldageletara abiatu dira, Llorentek, buruz, eta David Lopezek, penaltiz, egin dituzten goleei esker. Bigarren zatian, aldiz, Pinillosek egin du bi eta batekoa zalantzazko penalti baten bitartez eta Yesteren kaleratzearekin batera txartel festa bizi izan dugu San Mamesen, 17 txartel hori eta 5 gorri guztira. Zorionez azken finean lasaitasun matematikoa eskuratzeko beste pausu garrantzitsua eman du gure taldeak, Eneko Boveda gaztearen estreinaldiaren egunean. Matematikekin hurrengo hitzordua domekan Xixonen izango da eta horretan bi jokalari itzuliko dira: Javi Martinez eta Aitor Ocio eta bi ez dira egongo zigorrak direla medio, Yeste eta Orbaiz.

Lehen zatian zurigorriak jaun eta jabe izan dira, lehen unetik epailearen azken txisturaino eta bi goleko abantaila ez da merezitako saria. Lehen laurdenerako aukera garbiak ikusi dira Colcortiren atean: Llorentek buruz errematatu du langara, Toquerok ezin izan du atezaina gainditu eta Llorenteren beste burukada Colcortiren eskuetara joan da. Guzti hori baloia Iraizozen areatik urrun mantenduz eta hamaika korner jaurtiz. Saria hogeitabatgarren minutuan heldu da. Yestek baloia ireki du ezker hegalera, Koikiliek erdiratu du eta Llorenteren burukada geldiezina bihurtu da Coltortirentzat. Athletic Clubek ez du oina azeleragailutik kendu, nahiz eta gauzak lasaitasun gehiagoz hartu dituen, eta atsedenaldira arte bisitariak ez dira gai izan tajuzko arriskurik sortzeko. Bai aldiz Athleticek.

Llorentek kanpora errematatu du 24. minutuan, baina are argiagoa izan da bi minutu beranduago Iraolak belaunarekin izan duen abagunea Yesteren falta jaurtiketaren ostean eta askozaz nabarmenagoa izan da 35. minutuan ikusi duguna: Toqueroren pase bikaina Susaetari eta horren jaurtiketa Coltortik urrundu du, aldaratzea berriz Susaetarengana heldu da eta horren jaurtiketa-erdiraketa bihurtu da Llorenterentzat, baina haren burukada altuegi abiatu da. Hurrengoan, lehen zatiaren hondarrean, Llorenteren banako jokaldi bikaina egin du eta jada indarrik gabe zegoenean Lacenek ostikada eman dio penaltia eraginez. David Lopezek ederto jaurti du bi eta zerokoa ipiniz.

Norgehiagoka bide onetik zihoala bazirudien, baina partida guztiak, azken aldi honetan Athleticarentzat bereziki, “molto longo” dira. Hasteko Muñizek, entrenatzaileak ez epaileak, Colsa eta J. Pereira sartu ditu Moraton eta Serranoren ordez, hau da kontrol gehiago zelai erdian eta sakontasun gehiago goian. Marcanok egin du kantabriarren lehen aukera, baina Iraizozek harrapatu du bere burukada, zurigorriak erantzuten saiatu dira, baina Llorente ez da jaurtitzen ausartu eta Toqueroren lagapena Orbaizi ezerezean geratu da. Dena den okerrena etortzeke zegoen Lacenek langara jaurti duelako 53. minutuan eta bi geroago epaileak penaltia seinalatu dio Yesteri eta, erabakiarekin batera, bigarren txartel horia erakutsi dio. Ez zirudien penalti, baina gure jakintsu maitatuek lan eskerga izango dute partidako jokaldi eztabaidagarri guztiak argitzeko. Pinillosek aldeak estutu ditu eta beste partida hasi da.

Zeharo ezberdina izan da. Aukerak desagertu dira, Racingek ez ditu egin eta Athleticek Llorenteren burukada arriskutsu pare bat baino ez. Yesterik gabe Athletic zazpi minutuz beldurturik bizi da, baina txartel bilduma ikusita estatistika zein denbora kontua ez zen Racingeko bat kalean amaitzea eta halaxe gertatu da Marcanok bigarren horia ikusi duenean 62. minutuan. Txartel gorri horrek Eneko Bovedaren debuta atzeratu du, baina azkenean David Lopezen ordez sartu da bere burua zelai erdian kokatzeko. Murillo ere itzuli da zelaietara Etxeita minduta baitzegoen, eta gauzak okertu dira Racingentzat Susaetak Pinillosi bigarren horia atera dionean, Etxeberriak ere jokatzeko aukera izan du Iraolak kolpea hartu eta gero, baina historia ez da hor amaitu eta joku, erritmo eta jarraikortasun faltan, txartelak nonnahi agertzen ziren eta Orbaiz zein Pereira aldegeletara abiatu dira lehia amaitu baino lehen. Azkenik urrezko hiru puntu, jaitsiera postuak zazpi puntutara, baina badirudi azken biak, jadanik eta zorionez, guregandik oso urrun daudela jokoan hamabost puntu soilik daude eta.