Real Sporting de Gijón - Athletic Club
Jardunaldia 34
Liga

Real Sporting de Gijón - Athletic Club

Real Sporting de Gijón
Real Sporting de Gijón
11
Athletic Club
Athletic Club
  • 61' Bilic
  • Iraola 89'

KokapenaEl Molinón , Gijón

Sportingek 1 Athletic Clubek 1: Kostata

Athletic Clubek bana berdindu du Sportingen aurka. Bilicek eta Amorebietak egin dituzten partidaren gol biak…

Athletic Club

Athletic Clubek bana berdindu du Sportingen aurka. Bilicek eta Amorebietak egin dituzten partidaren gol biak bigarren zatian, epaileak Iraolari apuntatu badio ere. Puntua garrantzitsua da eta beheko hirugarren taldearekin distantzia mantentzen du gure taldeak, zazpi puntu, Liga amaitzeko lau norgehiagoka falta direnean. Lehia ez da ikusgarria izan, baina Athleticek izugarrizko eraginkortasuna erakutsi du beste behin ere dena eman duen taldearen aurka. Gaurkoan Adrien Goñiren debuta ezagutu dugu, aurtengo Ligan jokatzen duen hogeitahamargarren jokalaria. Azken finean lan eskerga punturik urratzeko, larunbatean Kopa aurreko azken partidan Betisen aurka borobildu behar dena.

Sportingek berehala hartu du partidaren ekimena eta aukera garbiak sortzen ez bazituen ere, Preciadoren taldeak jokuan den dena zeukala erakutsi du. Tamalez gure taldeak ez du jakin izan presak eragindako gabeziak aprobetxatzen. Barralek bitan kanpora jaurti du eta Iraizozek motzean desbideratu duen Sastreren eskuinkada izan dira jokaldirik aipagarrienak. Hori eta Llorenteren lesioa. Aurrelariak gure arean hartu du min baloi bat defendatzean eta koadrizepseko ondoeza dela eta, Ion Velezek hartu du bere postua hemeretzigarren minutuan.

Etxeko taldeak bereari ekin dio, harmailak bultzatuta, aurrera edozein eraz baina 29. minutuan Michelek egin duen burukada baino ez du egin. Iraizozek harrapatu du. Athleticek, aldiz, arestian aipatzen genuen eraginkortasuna izan du ia baloirik ikutu gabe: Iraolak Ion Velezek buruz luzatu duen baloia ez du behar legez konektatu eta are nabarmenagoa izan da Ion Velezen aukera, baina Cuellarren hanketarea errematatu du atsedenaldira joateko minutu bat falta zela.

Atsedenaldian Muñoz zelaietara itzuli da Adrien Goñi debutariaren ordez. Ez da zelai erdian ikutzeko partidarik izan eta horixe zen erronka bigarren zatiari begira. Hasteko Sportingek atzerapausoa eman du eta Athletic erosoago mugitu da. Javi Martinezek Cuellarren eskuetara buruz errematatu du, bigunegi, baina minutuak aurrera joan ahala etxekoek kontraerasoan egin dute min gehiago, zalegoak bultzatuta, epailearen aurkako giroa gaiztotzen zen bitartean. Esaterako Amorebietaren penaltia eskatu dute 56. minutuan. Baloia eskuan jo du nabarmen, baina aurrelariak Amorebieta desorekatu ondoren eta baloia jotzeko inolako asmorik gabe. Dena den, Athletic lasaien bizi zen unean giroa zeharo aldatu da Iraola eta Javi Martinezen artean ados ipini ez direnean. Diego Castrok kontrolatu eta erdiratu du baloia eta Bilicek, bakar bakarrik, area erdian, buruz egin du bat eta zerokoa.

Aldapaz gora, zoramena harmailetan, edo ia harmaila guztietan, hirugarren aldaketa egin du Caparrosek Etxeberria Del Olmoren ordez sartuz. Espazioetaz profitatu dira asturiarrak eta Bilicentzat izan da hurrengo abagunea 71. minutuan eta partida erabat zatitu da, hau da, abaguneak biderkatu egin direla. Iraolak zutoinera bidali du baloia 77. minutuan eta hurrengo kornerrean Amorebietak buruz errematatu du, baina Cuellarrek ozta-ozta desbideratu du, ia segituan Carmelo ez da gutxigatik heldu Bilicen erdiraketara eta dinamika eteteko neurriak hartu dituzte etxekoek. Alde batetik talde guztiek erabiltzen dituzten armak erabiliz, hots, denbora galtzen eta aldaketak egiten: Luis Moran eta Matabuena Carmelo eta Diego Castroren ordez zelairatuz.

Aitzitik zurigorriek ez dute amorerik eman eta ohikoa den legez, ez dute partida bota, berdinketa urrezkoa zelako. Ion Velezek azken minutuan jaurti du, baina baloia kornerrera joan da. Susaetak atera du, Etxeberriak ikutu, Amorebietak sareetara errematatu eta baloia marra gainditu ostean atzelari batek eskuarekin zelaira itzuli du, baina Iraolak sareetara bultzatu du berriro ere. Oraingoan bai, gola eman du, baina, puntua bezala, kostata.