Athletic Club - Atlético de Madrid
Jardunaldia 37
Liga

Athletic Club - Atlético de Madrid

Athletic Club
Athletic Club
14
Atlético de Madrid
Atlético de Madrid
  • 68' X.Etxeita
  • Raúl García 59'
  • Forlán 73'77'
  • Forlán (p.) 87'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1 Atletico Madrilek 4: Merezi gabe

Athletic Clubek 1-4 galdu du Atletico Madrilen aurka, galera merezi ez duen arren eta are…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-4 galdu du Atletico Madrilen aurka, galera merezi ez duen arren eta are gutxiago emaitza horrekin. Etxeitak egin du zurigorrien gola eta Forlanek (3) eta Raul Garciak madrildarrena, guztiak bigarren zatian. Azkenean taldeak aurtengo denboraldiko dohain guztiak erakutsi ditu, zaleengandik hasita: grina, borroka, presioa, estrategiari etekina atera… Halaber, hutsuneak ere agerian geratu dira: aukera asko behar du gola egiteko eta atzeko despisteak batik bat … eta gainera, gehienetan bezala, zorte ez da lagun izan, ezta aurrelaria gure arean irristatzen denean ere.

Giro polita San Mamesen Frente Atleticekoak agertu diren arte, nahiz eta Athletic Clubek astean zehar Atletico Madrili horientzat sarrerarik ez emateko espreski eskatu. Taldeak garaipen batekin agurtu gura zuen aurtengo etxeko jarduna eta zaleek hala espero zuten azken hilabeteotako “honeymoon”ari segida emoteko edo. Ez da horrela gertatu, baina ez da borondate faltagatik izan eta halaxe ulertu dute harmailetatik.

Arerioa Champions Leaguerako txartela zeukan eskuragai, ia lortu dute, baina une askotan ardura gurea zela bazirudien. Athletic Atleticoren bila joan da hasieratik, baina bisitariek ere, euren kalitate ukaezinaz baliaturik, arriskua sortu dute partida joan etorriz beteriko lehia bihurtuz. Heintingak buruz, ostean balizko penaltia Toquerori, Susaetaren jaurtiketa Leo Francoren eskuetara, Javi Martinezen erremate behartu gutxigatik kanpora, Forlanen lagapena Agueroren hurbileko jaurtiketa kanpora, Gurpegik buruz ezin golik egin gertutik eta Agueroren abagunerik garbiena 34. minutuan, baina burukada langa gainetik joan da. Oreka markagailuan, oreka aukeretan eta ekimena etxekoena, batez ere Athletic Clubek zelai erdian baloi asko lapurtzen zituelako.

Joera are garbiagoa izan da bigarren zatiaren hasieran. Atleticok gura zuen, baina zurigorriek lehiari neurria hartu diote, bost minututan partida bideratzeko aukera haina sortuz. Hasteko 52. minutuan Llorentek ezin izan du Leo Franco gainditu banan banako jokaldian, ezta 53. minutuan ere, baina askozaz argiagoa izan da 56. minutuko abagunea: Toquero eskuinaldetik sartu da eta bere pasea Llorenterengana heldu da, aurrelaria, bakar bakarrik zela, konfiatuegi, hau da bigunegi, jo du ezkerrez eta baloia doi-doi joan da kanpora ate guztia berarentzat zuela.

Eta hor hasi da hondamendia. Atleticok lau gol egin ditu eta ezin dugu inondik inora esan jokaldi landuak edota ikusgarriak izan direnik, hastapenean behintzat, azken erremateak ondo eginak izan baitira. Hasteko 59. minutuan errebote bat harrapatu du Raul Garciak areaz kanpotik boleaz ezkerkada bikaina sareetara bidaltzeko.

Athleticek ez du amorerik eman eta Etxeitak bere Ligako estraineko gola egin du zazpi minutu beranduago sartu berri zen Joseba Etxeberriaren korner jaurtiketa errematatuz, eta zazpi minutu beranduago Forlan agertu da. Duela aste pare bat Espanyolen aurka gertatu zitzaien bezalaxe, nahikoa izan da hamarkadaren hasieran (Manchester Uniteden zela) gure kluberi euskal jatorrizko arbasoak ei zituelakotz eskaini ziguten aurrelaria agertzea partida erabakitzeko. Badirudi ez dagoela, baina zas, agertzen da bapatean. Bat eta bikoan Amorebietak baloia moztu du arearen marra parean eta baloi soltea Forlanengana abiatu da ezkerrez gola egiteko. Lau minutu beranduago goitik zetorren baloi erdibitua irten da haren gunerantz eta azkartasunez, ezkerrez ere, gurutzatu du baloia.

Eta eguna biribiltzeko penaltien zozketan hat-trick egiteko jaungoikoa agertu zaio, arean sartu, irristatu egin da eta, alaitasuna!, penaltia bat eta laukoa egiteko. Horixe eta Raul Garciaren jaurtiketa desbideratua izan da dena bigarren zatian, baina nahikoa min handia egiteko eta ezaguna den kalitatea egiaztatzeko. Zigor gehiegi, baina denetik ikasten omen da.