Valentzia VS Athletic Club 2009-5-30 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
38. Jardunaldia

Valentzia2 : 0Athletic Club

Villa7'
Villa90'
Laburpen bideoa
Estadioa
Mestalla
Herria
Valencia
Data
30/05/2009
Ordua
21:00
Data eta ordua
2009-5-30 - 21:00

Valentziak 2 Athletic Clubek 0: Joan etorriak

Athletic Clubek 2-0 galdu du Valentziaren aurka. Villak egin ditu etxekoen gol biak. Kolore desberdinez…

2009ko mai. 30a

Athletic Clubek 2-0 galdu du Valentziaren aurka. Villak egin ditu etxekoen gol biak. Kolore desberdinez beteriko Mestallan, azken jardunaldiaren espedientea bete du Athletic Clubek eta joan den asteko partidan gertatu zen bezala definizioan egon da emaitzaren gakoetariko bat.

Llorentek ez du jaurti bigarren minutuan eta Villak bai seigarrenean, eta bat eta zerokoaren eskutik etxekoak jaun eta jabe izan dira. Villa beraren, askotan, zein Pablo Hernandezen eskutik. Halaz ere, ordu laurdenerako Llorentek beste aukera on bat izan du, baina ez ei dago boladarik onenean.

Valentziak ez zeukan inolako arazorik behin eta berriz kontraerasoan min egiteko. Minutuak aurrera joan ahala, Caparrosek Gurpegi zentral moduan ipini du eta Javi Martinez zelai erdian, hasierako kokapena aldatuz, Susaeta eta Lopezekin hegaletan bezala.

Lehen zatiaren azken txanpa orekatuagoa izan da, baina zurigorrien gabeziak berberak. Espazio gehiegi utzi, zehaztasun gutxi pasetan eta aurrean ezin asmatu. Esaterako Javi Martinezek buruz 40. minutuan. Segidan Pablok berebiziko aukera izan du eta ostean Eduk, baina partida zabalik, nolabait esatearren, heldu da aldageletara, Munoz eta Ion Velez beroketa ariketak egiten ari ziren bitartean.

Ostean Orbaiz eta Yesteren ordez irten dira. Bigarren zati hau dibertigarriagoa izan da, batez ere Athleticek aurpegia eman duelako eta aukerak ate bietan ikusi direlako. Agerian dago Llorente eta golarten arteko harremana hoztu dela, baina abaguneak askoren hanketan egon dira. Kronologikoki aspertzeko unerik ez da egon.

Eduk jaurti eta Iraizozek urrundu, Ion Velezek bakar bakarrik jaurti eta Cesarrek kornerrera desbideratu; Morettik jaurti eta Iraizozek harrapatu; Llorenteri atepean atera diote eta gero gutxigatik errematau du kanpora. Etxekoen txandan Villak Iraizozi lana eman dio eta gero altuegi jaurti du; Iraizozek Vicenteri geldiketa bikaina egin dio; Munozek gutxigatik kanpora jaurti du; gero Villak eta Vicentek aukera bana izan dute eta umorezko oharra epaileak jarri du, ene, Balenziagari eztabaidarako bigarren txartel horia erakutsi dionean. Portzierto Eduk eta Marchenak partida txartel bakarrarekin amaitu dute.

Amaitzeko Villa berriz ere saiatu da Iraizoz gainditzen, alferrik azken minutura arte, nahiz eta gure taldea aurreko minutuan berebiziko jokaldia egin duen, baina Iraolari errematea kanpora joan zaio.

Denboraldia amaitu da eta gogorra izango den hurrengorako pilak kargatu behar jada. Balantzea ona, baina horrek ez du hobetu ezin daiteenik.