Athletic Club - RC Recreativo
Final hamaseirenak
Kopa

Athletic Club - RC Recreativo

Athletic Club
Athletic Club
20
RC Recreativo
RC Recreativo
  • 32' Ion Vélez
  • 41' David López

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 2 Recreativok 0

Athletic Clubek 2-0 irabazi dio Huelvako Recreativo taldeari eta pauso handia eman du Kopako final…

Athletic Club

Athletic Clubek 2-0 irabazi dio Huelvako Recreativo taldeari eta pauso handia eman du Kopako final zortzirenetan egoteko. Ion Velez eta David Lopez, biak lehen zatian, gure taldearen golegileak izan dira. Zurigorriak nagusi izan dira norgehiagokan eta horregatik partidaren amaieran zapore mingotsa geratu da aldagela zein harmailetan, aukera egon bazegoen kanporaketa askozaz gehiago bideratzeko. Onena, lortu den abantailaz gainera, emaitzen bolada txarrari amaiera eman zaiola da eta taldeak ez duela golik jaso. Partida aurretik edonork sinatu zezakeen emaitza azken finean.

Talde biek hainbat jokalari gorde dute Ligako azken jardunaldiarekin alderatuz eta asteburuan bertan datorrenari begira. Athletic Clubaren hasierako hamaikakoan bost egon ziren Bernabeun eta beste hainbeste Recreativon Valentziaren aurka. Datu adierazgarria, Bilbokoak garenez gero, askok pentsatuko edota esango baitute Huelvakoak paseo ematera etorri direla, Kopan jokalari aldaketa joerarik arruntena dela konturatu barik.

Athletic Clubek erritmo biziko partida eskaini gura izan diete San Mames erdia baino gehiago bete duten zaleei eta baita lortu ere. Ekimena zurigorria zen, Ligako estualdirik gabe, talde biek ia eskema bera erabili duten arren, 4-4-2koa bi aurrelari petoekin gainera. Aukerak, aldiz, zurigorriak izan dira soilik. Ion Velezen jaurtiketa Lamasen gorputzean jo du, Iraolaren jaurtiketa Robertok harrapatu du eta ordu laurdena pasa eta gero dinamika bera zen, baina abagunerik gabe. Isila zen Athleticaren lana eta behin erresistentzia gainditu ondoren, atsedenaldira arteko ekaitza zurigorria pairatu behar izan dute bisitariek.

Hogeita laugarren minutuan Ion Velezek ez zirudien penaltia eskatu du eta zortzi minutu beranduago gaueko lehen gola egin ere: Iraolaren pasea jaso, jaitsi baloia eta ezkerrez sareetara. Zailena zen hori, bidea irekitzea eta Athletic Clubek bere indarrengan sinistu egin du. Iraolaren barnealdia eskuz moztu du atzelari batek, baina penaltirik ez da seinalatu 35. minutuan. Zurigorriek hegal bietatik jo eta ke segitu dute eta 41. minutuan David Lopezek faltaz ezarri du bi eta zerokoa. Iazko denboraldian bezala, Kopan egin du gola hesia gaindituz. Gosez amorraturik, beste bi aukera sortu du Athleticek, Susaetaren erdiraketa talde jokaldi polit baten ostean ezin izan du Llorentek errematatu elastikotik heldu diotelako eta luzapenean David Lopezek lekutara bidali du baloia arearen aurreko marratik.

Irudipena bakarra zen: kanporaketa erabaki daiteke. Zentzazio hori biderkatu egin da bigarren zatia hasi eta berehala Ersen Martinek txartel horia ikusi duenean. Tarte horretan Athleticaren erasoa nabarmenagoa eta konbentzituagoa izan da eta aukera pare bat sortu du. Batetik Koikilik ormarena egin du Ion Velezekin eta Roberto atezainaren hanka tartetik baloia sartu ere, baina kanpora joan zaio jaurtiketa. Ordubete bete denean Javi Martinezek Robertori argazkirako jartzeko aukera eman dio.

Aldaketak hasi dira talde bietan (Joselito, Jesus Vazquez Akale eta Javi Fuegoren ordez; Del Olmo David Lopezen ordez) 69. minutuan Iraolaren enegarren erdiraketa ezin izan du gutxigatik errematatu Llorentek eta hor amaitu da etxekoen grina. Muñozek Martinezen tokia hartu du gero eta Alcarazek Pablo Oliveira Marco Rubenen ordez sartzea deliberatu du. Aldaketa bi goleko desabantaila ez handitzeko egina bazirudien, baina kontrako eragina lortu du, lehia amaitu bitartean askozaz gehiago ibili baitira andaluziarrak Iraizozen arearen inguruan eta etxean gol bat jasotzea tamalgarria da Kopan.

Honi gehitu zaio gure taldeak, oraingoz, irabazteko duen ohitura falta eta giro ezkorra hedatu da San Mamesetik. Gutxienez ez da golik hartu eta abantaila ederra da itzuleko partidari begira. Honekin batera taldeak hartu duen morala da daturik garrantzitsuena larunbatean heltzen zaigun hitzordua kontuan hartuta, urrezko puntuak baitaude jokoan, baina gauza bakoitza bere unean.