Athletic Club VS Real Sporting 2009-1-22 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
1/4

Athletic Club0 : 0Real Sporting

Laburpen bideoa
Estadioa
San Mamés
Herria
Bilbo
Data
22/01/2009
Ordua
20:00
Data eta ordua
2009-1-22 - 20:00

Athletic Clubek 0 Sportingek 0

Athletic Clubek eta Sportingek husna berdindi dute San Mamesen eta kanporaketa zabalik dago, El Molinon…

2009ko urt. 22a

Athletic Clubek eta Sportingek husna berdindi dute San Mamesen eta kanporaketa zabalik dago, El Molinon futbol zelaian erabakiko den arren. Asturiarrek zaleen babesa izango dute alde, zurigorriek bere atea golik jaso gabe utzi dutela eta goles beteriko edozein berdinketak finalerdietarako txartela emango lieke.

Azken finean Athletic Clubek denboraldi honetan jokatu duten partida kaxkarrenetariko bat izan da, erritmorik gabe, indarrik gabe, konbinaketetan asmatu gabe eta hala eta guztiz ere galdu gabeko hamargarren partida jarraian osatu dute eta bizirik daude kanporaketan. Gainera, Fernando Llorentek penalti bat izan du alde, baina kanpora bidali du jaurtiketa 28. minutuan.

Athleticen azken partidetako kemena gehiago espero zenean desagertu egin da. Alde batetik berezko gabeziengatik eta beste alde batetik Sportingek bide guztiak ondo itxi dituztelako. Bitxikeri moduan esan eurentzat denboraldiko lehendabiziko berdinketa izan dela. Zurigorriek ezin izan dute erritmorik ezarri eta zelai erdian asturiarrek armiarma sarea eratu dute. Bi euskarri eta punta erdi faltsu batez eta atzeko lerroa Ligan baino zertxobait gehiago aurreraturik. Hobeto kokatu dira, azken finean. Ez zuten arriskurik sortzen, baina azken bolada honetan San Mamesen ikusi ditugun hasiera indartsuekin alderatuz, gaurkoa pobreagoa izan da eta Sergio atezainak urrutitik ikusi du jokua gehienetan.
Esaterako lehendabiziko hurbilketa Llorenteren burukada izan da… hamazortzigarren minutuan! Bisitariek, aldiz, hogeita bigarrenean estraineko lana eman diote Iraizozi arrasean kanpora jaurtiz Barralen bitartez. Aurrelariak berak arrisku gehiago sortu du bi minutu beranduago, baina baloiak, zorionez, Llorenteren izterrarekin egin du topo. Une batez zoratu egin da lehia eta, Ligan bezala, penaltia egin diote Llorenteri. Gero gerokoak, babestuta omen dagoela entzuteko.
Atezaina engainatzea ez da nahikoa izan, jaurtiketa kanpora abiatu delako. Athletic nolabaiteko depresioan sartu ei da eta Sportingek minuturik onenak egin ditu, etxekoek baloia inoiz baino errezegi galtzen zutelaz baliaturik. Une hauetan atezainaren lana aztertu dute bisitariek: 29. minutuan Sastreren jaurtiketa harrapatzeko, 32. minutuan Loraren jaurtiketa langa gainetik desbideratzeko, 34. minutuan Diego Castrorena gelditzeko eta 44. minutuan David Barralen falta jaurtiketa desbideratzeko.

Gurean, zerbait kontatzearren, 43. minutuan Llorentek buruz “orraztu” duen baloia ekar dezakegu lerroetara. Atsedenaldirako argi eta garbi zegoen aurreko egunetako baikortasuna beste baterako utzi behar zela eta, harmailetatik ere, Kopako kanporaketa bi partidatara jokatzen dela ulertu da. Beraz, golik ez jasotzea aurrerapauso garrantzitsua zen.

Gutxienez bigarren zatia orekatuagoa izan da. Athletic Clubek ez zeukan indar gehiegirik, baina Sportingek aukera bakarra sortu du, 50. minutuan Barralen jaurtiketa Iraizozek harrapatu duenean. Hortik gutxira Llorentek, nahi gabe jakina, falta jaurtiketa buruz gure aterantz desbideratu du. Beste ateari begira, bigarren zati honetarako Caparrosek David Lopez atera du berdegunera Gabilondoren ordez, baina panorama antzekoa izan da. Jokalari askok gau txarra izan dute, baina talde arazoa zen. Txingarrik gabe ezinezkoa zen sua piztea, nahiz eta zaleriak taldeari, oro har, sostengua eman dion, une txarrenetan ere.

Ahalegin, ahalegindu dira gure jokalariak, gehienetan goitik, behetik sofrikarioa izan delako, kalkulu txarrarengatik paseak egitean, urdurikeriarengatik, batzuetan arrapaladan patxadarik gabe, eta, halaber, soropila nahiko astuna dagoelako. Martinezek buruz kanpora errematatu du 48. minutuan, Llorentek ondo buruz ere 54. minutuan, baina atzelari batek atepean urrundu du baloia. Ordubeterako Etxeberria sartu da Susaetaren ordez, 65. minutuan Llorenteren burukada kanpora abiatu da eta hurrengo minutuan David Lopezen jaurtiketa Sergiok gelditu du. Gurpegik oxigenoa eman dio zelai erdiari 75. minutuaz geroztik Martinezen ordez eta Llorentek, buruz nola ez, Sergioren eskuetara errematatu du 88. minutuan. Borobiltzeko epaileak, dirudienez, talde biren nekea nabaritu ei du, bi minutuko luzapena soilik eman duelako. Ez zen gehiago behar, asturiarrek etxeko norgehiagokan ipinita zeukaten burua jada, Preciadosek gure taldearen nekea aprobetzatzeko asmoz goiko postuetan aldaketa guztiak egin dituen arren, inolako emaitzarik gabe.

Athletic Clubek, gutxienez, partidaren irakurketa ona egin du, kanporaketaren bigarren zatian buru zein gorputz freskotasunarekin ekiteko itxaropena gordez. Bitartean galdu ez eta Ligan, seguruenik, aurpegi berri asko ikusiko dira Juegos del Mediterraneo estadioan Kopako helburua bizirik iraun dezan. Dena den, baikortasuna ez dadila ezkortasuna bihurtu partida eskas batengatik, aukerak bizirik dirau eta.