Real Sporting de Gijón - Athletic Club
Final laurdenak
Kopa

Real Sporting de Gijón - Athletic Club

Real Sporting de Gijón
Real Sporting de Gijón
12
Athletic Club
Athletic Club
  • 1' Carmelo
  • Gabilondo 41'
  • David López 50'

KokapenaEl Molinón , Gijón

Sportingek 1 Athleticek 2

Finalerdietan, SevillaAthletic Clubek 1-2 irabazi dio Sporting taldeari eta Kopako finalerdietan dago jada, hirugarrenez hamarkada…

Athletic Club

Finalerdietan, Sevilla


Athletic Clubek 1-2 irabazi dio Sporting taldeari eta Kopako finalerdietan dago jada, hirugarrenez hamarkada honetan (2001/2002, 2004/2005 eta 2008/2009). Partida gogorra izan da oso asturiarrek lehendabiziko minutuan gola sartu dutelako Carmeloren bitartez, baina gure taldeak markagailuari buelta eman dio Gabilondo eta David Lopezen golen bitartez. Bata atsedenaldia baino lehenago eta bigarrena bigarren zatia hasi eta berehala. Arerioa Sevilla eta Valentziaren arteko kanporaketatik irtengo da, ostegunean, urtarrilaren 29an, jokatzen dena. Finalerdiak otsailaren 4/5ean eta martxoaren 4/5ean izango dira.

Hasiera beldurtzekoa izan da, Sportingen erasoa espero zen, baina inongo pronostikorik ezkorrenean ez zen agertzen minutu erdirako bat eta zero galtzen joatea. Halaxe gertatu da eta Carmelok kanporaketa hankaz gora ipini du El Molinon ia betetzen zuen zaleriaren zoramenerako. Kopa beti Kopa denez gero eta gola bere egia, ia hurrengo jokaldian David Lopezen aukera heldu da, baina lekutara bidali du arean aurkitu duen baloia. Dena den, unerik txarrenak igaro ditu gure taldeak eta berarekin batera Xixoneraino heldu diren zale zurigorriak. Sportingek nagusitasuna zeukan zelai erdian eta horretan Carmelok zerikusi handia zeukan.

Seigarren minutuan Luis Moranen jaurtiketa kornerra desbideratu du Javi Martinezek eta zazpigarren minutuan David Lopezen penaltia eskatu dute etxekoek. Athletic lekuz kanpo zegoen, baina gola ezinbestekoa zenez indarra ateratzen zuen gora joateko eta abaguneak pilatzen hasi dira, baina fruiturik gabe. Sportingek baloia zeukan, abiadura jartzen zuen, hegaletatik barnealdiak, baina azken unean, zorionez, ez zuen errematerik gauzatzen.

Gure aldetik Koikilik, areaz kanpotik ezkerrez, lana eman dio Sergiori, baina horrek kornerra bidali du baloia. Honen sakean Amorebietak buruz errematatu du, baina atzelari batekin egin du topo atepean. Athletic Cluberi izugarri kostatzen zitzaion erasoari jarraipena ematea, halaz ere, berriro estrategian, Javi Martinezek buruz errematatu du… gutxigatik kanpora 27. minutuan. Denbora etenaldirik gabe zihoan aurrean, etxeko zaleerik zaratasuenak kanpoan zaleen autobusak harrikatzeaz gain, duela hamar urte gertatu zen bezala, barruan Gurpegi iraintzen segitzen zuten eta euskaldunek nazka ematen dietela aldarrikatzen zuten bitartean, markagailuak Molinon ia osoa pozez txoratzen zuen.

Sailkapena eskuratzeko gol batera zegoen Athletic, baina Sportingen bigarrena jasoz gero, kanporaketa pikutara joan zitekeen. Eskerrak berrogeita batgarren minutuan baloi loratua buruz jo duen Llorentek eta Gabilondok Sergioren irteera ederto ikusi duen baloia doi-doi loratzeko. Oxigeno hutsa izan da guretzako eta kolpe latza asturiarrentzat, beharbada guk jaso duguna baino bortitzagoa eta lehen zatiko azken lau minutuetan nozitu da zelai gainean eta harmailetan.
Bigarren zatiari ekiteko entrenatzaile biek aldaketa bana egin dute: Preciadok Camacho sartu du Matabuenaren tokian eta Caparrosek Yeste Gabilondoren ordez. Marrazkia ez da mugitu gure taldean, baina joera bestelakoa izan da oso. Aldi honetan Athletic izan da jaun eta jabe hasierako jokalditik aitzina. Ikasgaia argi geratu da lehen zatian eta zurigorriek ekimena hartu dute, gainera 51. minutuan David Lopezek Orbaizen erdiraketa fina buruz bidali du sareetara. Amaieraren hasiera Sportingentzat. David Barral Michelen ordez sartu da, Sporting 4-4-2koan jarri da eta zelai erdiko indarrak parekatu dira zenbakien aldetik, baina Athletic Clubek, aspaldiko partez egiten ari den bezala, ederto irakurri du partida bolada on berri bat hasteko eta baloia areatik urrun mantendu du.

Sportingen urduritasuna zen nagusi eta protestak eta txartelak pilatzen hasi dira, Athleticek aukerak sortzen zituen bitartean. Esaterako 61. minutuan Orbaizen jaurtiketa barrura zihoala zirudien, baina Llorente sartu da tartean eta jokaldia balio gabe geratu da. Hurrengo minutuan Ion Velezen bolea gutxigatik joan da gora eta 72. minutuan Barralek buelta erdian izan du bigarren zatiko lehendabiziko aukera, oso garbia izan ez den arren. Are garbiagoa izan da Yesteren falta jaurtiketa 74. minutuan, baina zutoinarekin egin du topo.

Preciadok Omar Luis Moranen ordez sartu da, alferrik zeren Koikilirekin egin baitu topo eta Caparrosek taldeari arnasa pixka bat eman dio Toquero Ion Velezen ordez sartuz eta Gurpegi David Lopezen ordez, azken hau denbora galtzeko batez ere. Tartean Carmelok zartako ederra egin du, baina Iraizozen erantzuna ez da nolanahikoa izan, amaiera ederra borrokatua eta itzulekoan politagoa izan den kanporaketari amaiera emateko.

Eta, esan bezala, Kopako finalerdietan dago Athletic Club, Valentzia ala Sevillara datorren astean abiatuko den jakin barik oraindik, baina une honetan gezurra badirudi ere buruan larunbateko hitzordua dago. Malaga, aurtengo denboraldiko ezustekorik handiena, da bisitari duguna eta partidarekin batera aukera ona gora begiratzeko. Bide batez, zaleek merezitako eskerrona emango diote taldeari guztiontzako amets egiteko aukera sortzeagatik.