Athletic Club - FC Barcelona
Finala

Athletic Club - FC Barcelona

Athletic Club
Athletic Club
12
FC Barcelona
FC Barcelona
  • 45' De Marcos
  • Xavi 58'
  • Pedrito 68'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Athletic Clubek 1 Bartzelonak 2: Sari barik

Athletic Clubek 1-2 galdu du Bartzelonaren aurka. De Marcosek gola lortu du eta Xavik eta…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-2 galdu du Bartzelonaren aurka. De Marcosek gola lortu du eta Xavik eta Pedrok bisitarienak. Europa Leaguen gertatu zen bezala, joaneko partida aldapaz gora jarri da, baina kasu honetan “eragozpen” bakarra da itzuleko partidan aurrean ez dela talde suitzarra egongo, txapelketak pilatzeko aukera hartu ei duen Barça baizik. Halaz ere, gauza zailagoak ikusi dira futbolean, tartean Tromosoren aurkako lehiaren joanekoa ere jokatzeke dagoen arren. Boladaz beteriko eta erritmo handiko partidan, azkenik gorri-urdinen kalitateak desorekatu du dena, baina gure taldearen seinaleak askozaz baikorragoak dira hilabete hasierakoekin alderatuz.

Hasiera beldurgarria izan da, Bartzelona askozaz hobeto moldatu baita eta Athleticaren presioa ez zen nahikoa arriskua ekiditzeko. Bigarren minutuan Bojanek gurutzatuegi arrasean jaurti du, Bojanek berak laugarrenean langara bidali du baloia Iraizozek atzamar puntarekin ikutu eta gero eta hamargarren minutuan izugarrizko jaurtiketa Alvesena eta bezainbestekoa gure atezainaren desbideraketa. Aukeren pokerra ixteko, argiena izan du Xavik 23. minutuan, baina lekutara bidali du baloia ate aurrean bakar bakarrik zela.

Pixkaka lehoiak esnatu dira. Ordenaturik egon dira unera arte, zorte ezberdina presioarekin eta, hori bai aukerarik ezin zuten sortu, baina lehen zatiko azken ordu laurdenean lehia orekatu da eta zurigorriek abaguneak egiteari ekin diote. Gainera bisitariek baino trebetasun gehiago izan dute gola egiterakoan. Hogeita hamaikagarren minutuan Susaetaren erdiraketa bat Ociok gogoz errematatu du, baina Llorentek, gura barik, apur bat desbideratu du eta baloia langara joan da. Ez zen hasiera txarra eta San Mamesen debuta egin duen De Marcosek segida eman dio ia zelai erditik baloia maisuki loratuz, baina Valdesek kornerrera desbideratzea lortu du. Ostean, 42. minutuan konkretuki, Iraolak baloia De Marcosi laga dio eta Guardiakoak jaurti beharrean itzuli nahi izan dio baloia, baina ez du bitan pentsatu erlojua 45.era hurbiltzen ari zenean eta ezkerrez egindako jaurtiketa, Puyolen hankan jo eta gero, barrura abiatu da.

Zoramena eta Bartzelona menderatzea izan litekeena ikusi da. Zurigorriek askozaz
hobeto egiten ari ziren presioa, baloiak gune erabakiorretan lapurtzen zuten eta Xaviri taldea dinamizatzea kostatzen zitzaion. Aldaketarik gabe, taldeak amaierari antzeko hasiera eman dio bigarren zatian. Presioa ona zen oso, Barçak ez zeukan baloia eta bisitarien arearantz egindako erdiraketak maizago ikus zitezkeen.

Tamalez, lehiaren hasieran izan ez duen eraginkortasuna frogatzeko hamar minutu baino ez du behar izan Bartzelonak eta Xavik lehen, 58. minutuan, eta gero Pedrok, bederatzi beranduago, markagailua itzulipurdi ipini dute. Gol biren artean Toquero eta Castillo De Marcos eta Gabilondoren ordez irten dira, baina alferrik, Barça lasaiago kokatu delako eta abagune gehiegi sortu ez baduen ere, are garbiagoak izan dira, batez ere Alvesek 77. minutuan areaz kanpotik egin duen jaurtiketa bortitza, ozta-ozta langarantz Iraizozek desbideratu duena.

Nahi eta ezin, bihotzarekin buruarekin baino gehiago, Etxeberria Llorenteren tokian zelain zela, amaitu da lehia etxekoentzat, zaleriari tarteka joku ona egiteko gai direla erakutsiz eta, horregatik, harmailetatik saririk gabeko ahalegina eskertu da. Hori bai, ostegunean, Aste Nagusiko alaitasunarekin bat egin beharko du Athletic Clubek eta, hirugarrenean bai, San Mamesen irabazi. Aurrean ez da Barça izango, baina inork ez dezala pentsa helburua lortzea erraza izango denik.