Xerez CD - Athletic Club
Jardunaldia 2
Liga

Xerez CD - Athletic Club

Xerez CD
Xerez CD
01
Athletic Club
Athletic Club
  • David Prieto (b.a) 32'

KokapenaChapín , Jerez de la Frontera

Xerezek 0 Athletic Clubek 1: Lan eta lan

Athletic Clubek 0-1 irabazi dio Xerez taldeari. David Prietok bere atean sartu du gola. Bi…

Athletic Club

Athletic Clubek 0-1 irabazi dio Xerez taldeari. David Prietok bere atean sartu du gola. Bi partida eta sei puntu, gainera golik jaso gabe, ez da uzta txarra, baizik eta altxor ona emaitzak heltzen ez direnerako. Orain ia atsedenik gabe UEFA Europa League datorkigu, baina garaipenekin askozaz lasaiago ikusiko dira gauzak eta ahaleginak, gaurkoa bezala, Xerez talde on bat bezala agertu baita eta are gehiago bere etxeko estreinaldiaren egunean.

Athletic ekimena eramateko prest irten da, baina etxekoek debutaren urduritasuna laster ahaztu dute eta laugarren minutuan Alexen jaurtiketa bortitza areaz kanpotik, Amorebietak jo eta gero, Iraizozek desbideratu du. Gauzak lasaitu direnean Abelen penaltia heldu da hamahirugarren minutuan, eskuak erabili baititu Toqueroren burukada mozteko.
Javi Martinezek jaurti du, baina Renanek norbaidea asmatu ondoren ongi desbideratu du. Gainera, ia jarraian Armenterosek ezkerrez kanpora bota du. Zoramena harmailetan eta, era berean, kritika gogorrak epaileari. Partida laua izatera pasatu da, ia abagunerik gabe, baina hogeitahamabigarren minutuan, aldiz, zortea izan dugu lagun eta Susaetaren erdiraketa gogorra aurrelaria aurkitu beharrean Prieto atzelariarekin egin du topo, baina emaitza ia bera izan da, hark baloia bere atean sartu baitu. Ez du zorte handiegirik atzelari honek Athleticarekin. Hurrengo minutuan Llorentek aukera izan du, baina gurutzatuegi jaurti du ezkerrez Renanen aurrean.
De Marcosek eta Toquero tokiz aldatu dira euria hasi denerako, baina uraren agerpenarekin etxekoen berpizkundea ezagutu dugu. Berrogeigarren minutuan Bermejoren burukada behartua Iraizozek harrapatu du zailtasun gehigirik gabe eta are gertuago egon da banako berdinketa 41. minutuan Francisek korner batean Victor Sanchezen buruzko erremate bat kanpora gorputzez bultzatu duenean. Bazirudien talde biak gorabehera gehiagorik gabe aldageletara abiatuko zirela, baina lehen zatiaren hondarrean Toqueroren pasea eta Llorenteren burukada langara joan da, behera etorri da baloia… langara ostera be Oscar de Marcos bertan prest zela barrura bultzatzeko.
Bigarren zatian Viqueira Sanchezen ordez irten da Xerezen zelai erdia indartzeko eta estrategian eraginkortasun handiaren bila, tarte honetan agi geratu denez. Hasteko Momok jaurti du areaz kanpotik Iraizozen eskuetara eta hortik gutxira Susaetak, zorionez jaurtitzeko inolako erreparorik erakutsi duena, ezkerrez kanpora jaurti du. Lehen zatian legez Bergantinosek aukera izan du 51. minutuan, baina baloia Ocioren gorputzean jo du eta kornerra izan da.
Gehiago estutu du zelaia Xerezek lehen ordu laurdenean, baina duela bi aste Espanyoli gertatu zitzaionez, ordubete osatu orduko indar eskasia erakutsi du. Gainera, aukerarik garbienak Llorentek (Renanek urrundu du banan banakoa) eta Martinezek (atzelari batek atera du atepean) izan dituzte. Une horretarako Munianek hartua zuen De Marcosen tokia eta Antoñito Abelena. Hortik gutxira Gurpegik Toqueri ordezkatu du eta Javi Martinez Llorenteren atzetik kokatu da.
Zelai erdiak indarra irabazi du eta Athletic baloia gero eta aurrerago berreskuratzen ari zen. Gure taldeko minuturik onenak ziren. Renanek geldiketa ona egin du Susaetaren ezkerkadaren ostean 70. minutuan eta Zigandak bere hirugarren aldaketa egin du Maldonado Bermejoren zurigorri ohiaren ordez sartuz. Baloia gehienetan Xerezen esparruan zen, Athletic partida kontrolpean zuen eta 74. minutuan aurreko protagonista berberak, Renan eta Susaeta, agertu dira, baina atezaina horretan ere fin ibili da.
Dena den horrelako partidak ixten ez badira, arerioa bizirauteko aukera aparta dauka eta halaxe gertatu da Chapinen ere. Gaueko justuriengatik bultzaturik edo, partidaren joera aldatu da une batetik bestera eta Xerezen azken erasoaldia burutu du. Viqueirak faltaz Iraizozen lanaren balioa agerian utzi du 81. minutuan eta laurogeita bigarrenean Momok gora jaurti du ezkerrez. Gabilondo sartu da Susaetaren ordez eta urdinen erasoaldia errotik moztu da Mendozak txartel gorria ikusi duenean Muniani sarrera itsusi batengatik. Hiru minutu falta ziren amaitzeko eta horiek gehi luzapena Xerezen eremuan ia osorik jokatu dira.
Bigarren garaipena eta lehendabizikoaren ostean bezala, lasaitasunak izan behar du ibilbidearen ardatza, batez ere hainbatetan aipatu dugun egutegiari erreparatuz gero. Oraingoan Champions eta holako gehiegikeriak irakurriko dugulakoan gaude, baina abuztuan bezala, talde honek pixkaka doala jakin badaki, eta hobetzeko tarte luzea oraindik dauka. Egia da iazko denboraldian sei puntu eskuratzeko hamar jardunaldi pasa zirela, beraz, ez goaz Ligaren bila, baina lan eskergak noizean behin emaitzak ematen ditu.