Real Valladolid CF VS Athletic Club 2009-10-4 | Athletic Clubeko Webgune Ofiziala
06. Jardunaldia

Real Valladolid CF2 : 2Athletic Club

Diego Costa60'
Nivaldo75'
Susaeta10'
Muniain77'
Laburpen bideoa
Estadioa
José Zorrilla
Herria
Valladolid
Data
04/10/2009
Ordua
17:00
Data eta ordua
2009-10-4 - 17:00

Valladolidek 2 Athletic Clubek 2: Zoramena

Athletic Clubek puntu bat atera du Zorrilla Berria futbol zelaitik Valladolidekin bina berdindu eta gero….

2009ko urr. 4a

Athletic Clubek puntu bat atera du Zorrilla Berria futbol zelaitik Valladolidekin bina berdindu eta gero. Gure golak Susaetak eta Muniainek sartu dituzte (Iker ga Ligako jokalaririk gazteena gola egitean) eta etxekoenak Diego Costak eta Nivaldok. Partida zoro batean onda hasi da, okertu gero Llorenteren lesioa (ondo dago baina lotara Valladoliden geratuko da) eta Ustaritzen txartel gorriarekin, are txarrago ipini da Pucelakoek bi gol egin dutenean, Muniainek berdinketa ezarri du eta amaieran nagusitasuna zurigorria izan da eta talde biek gola egiteko abaguneak izan dituzte. Athletic Club goiko postuetan dago Ligak geldialdia duen honetan.

Hasierako ekimena zurigorria izan da eta arriskua morezuria, batez ere kontraerasoetan. Sisik izan du estraineko abagunea eta Toquerok erantzuna burukada desbideratu baten bitartez. Berehala Susaetak zero eta batekoa ezarri du areaz kanpotik bota duen zartakoari esker. Lehiak itxura ona zeukan, baina… di-da batean gertakizun guztiak gure kontra ipini dira. Hasteko Nivaldoren eta Llorenteren arteko talka. Aurrelariak okerrena eraman du eta konortea berehala berreskuratu duen arren, zelaia utzi behar izan du Etxeberriari lekua egiteko. Atzelariak txartel horia ikusi du, lehen zerrenda amaigabe eta batzutan zentzugabeari hasiera emoteko. Aditu eta orojakileek aztertzeko lan asko izango dute partida honetan.

Txarto dagoena okertu daitekeenez, eta Sesmaren beste aukera baten ondoren, Ustaritzi txartel gorria atera diote. Alderatze bat Ustaritzen gainetik pasatu da, Diego Costa jokoz kanpoko posiziotik zetorrela tartean sartu da eta burrukaren ondorioz falta eta txartel gorria Ustaritzi. Gainera laguntzaileak bandera altxatu du falta gertatu baino lehen, baina alferrikakoak izan dira gure jokalarien protestaldiak. Hogeita bigarren minutua zen eta Canobbiok zutoinera jaurti du. Are gehiago okertu da egoera Yestek zelaia utzi behar baitu, lesionaturik. Dagoeneko eskatuta zeukan aldaketa erdilariak. Etxeita bere ordez sartu da.

Tartxelak gora eta txartelak behera etxekoen erasoa itogarria zen eta Athletic Clubek ez zuen arriskurik sortzen. Ideia falta nabarmena zen talde bietan, nahiz eta lehen zatiko azken uneotan Borjak abagunea izan duen eta Diego Costaren erdiraketa zitalak ez du errematatzailerik aurkitu.

Bigarren zatian Marcosek Barraganen tokia hartu du. Athleticek lasai pasatu ditu lehen minutuak eta Gurpegik buruz langa gainetik errematatu du. Ostean Manuchok Borjaren tokia hartu du. Mendilibarren apostua garbia zen eta lau minutu beranduago fruituak lortu ditu. Sisiren pase sakonak Diego Costa bakar bakarrik Iraizozen aurrean utzi du eta aurrelariak ez du hutsik egin. Aldapaz gora dena, batez ere gora heltzeko zailtasunak ikusita.

Azken aldaketa, 25. minuturako bi eginak zituen Athleticek, Muniain Toqueroren ordez izan da. Valladolidek ez zuen bide errazik aurkitzen Iraizozengana heltzeko. Dena den falta baten bitartez bigarrena lortu du. Iraizoz irten da ukabilez urruntzera, baina Nivaldok buruz aurreratu da. Ordu laurden falta zen amaitzeko eta azken tartea jende oro zoratzeko modukoa izan da.

Erditik atera eta berehala Marcosek bigarren horia ikusi du eta Pablo Baraja prest zegoen irtetzeko. Susaetaren erdiraketa atzelari batek urrundu du, baina ez da nahiko izan Muniain gainditzeko, honek kontrolatu du berdinketa eta golik gazteena Ligan egiteko. Baraja berriz berotzera abiatu da.

Zoramenaren gurpila ez da eten. Sesmaren jaurtiketari geldiketa bikaina egin dio Iraizozek eta ia jarraian Nivaldok bigarren horia ikusi du. Nagusitasuna zurigorria zen, hamar minutuz bazen ere. Martinezek gutxigatik kanpora areaz kanpotik jaurti du eta orduan bai Baraja Sisiren ordez sartu da. Valladolidek ez du amorerik eman, Sesmak eta Costak lan eman diote Iraizozi, batez ere bigarrenak, eta zurigorriek nekearen eragina nabaritu dute, baloia edukitzen zuten bakoitzean ia arearantz iristen ziren eta. Eta irabazteko aukera izan dugu ere Etxeberriak Muniani Jacoboren aurrean utzi du eta, tamalez gaztearen jaurtiketa atezainak urrundu du.

Amaieran berdinketa eta beste puntu bat estuturik dagoen Ligan ondo kokaturik segitzeko eta, garrantzitsua dena ere, azken hiru partidako joera ezkorrari agur esateko. Orain pilak kargatu, atsedena, ahal den neurrian, hartu eta denboraldiko bigarren aldi gogorrari aurre egin. Ez da orain artekoa balantze txarra, baina denboraldia luzea da oso.