Real Racing Club de Santander - Athletic Club
Jardunaldia 10
Liga

Real Racing Club de Santander - Athletic Club

Real Racing Club de Santander
Real Racing Club de Santander
02
Athletic Club
Athletic Club
  • Gurpegi 31'
  • Iraola (p.) 73'

KokapenaEl Sardinero , Santander

Racingek 0 Athletic Clubek 2: Garaipen ona

Athletic Clubek 0-2 irabazi dio Racing taldeari. Gurpegi eta Iraola, penaltiz, golegileak izan dira. Garrantzi…

Athletic Club

Athletic Clubek 0-2 irabazi dio Racing taldeari. Gurpegi eta Iraola, penaltiz, golegileak izan dira. Garrantzi handiko garaipena partidaz beteriko astean eta Ligako sailkapenean gora begira jartzeaz gainera, asteazkenean Rayoren aurka Kopako begira gure jokalarien morala leporaino dago.

Athleticek beharrezkoa zen partida egin du, osteguneko nekea eta etxekoen premiak kontuan hartuta. Ez du estutasun gehiegirik pasatu eta, batez ere abantailaz, norgehiagokaren erritmoak markatu ditu. Hasierako hamaikakoan, azkenik Llorenterik gabe, Orbaiz, Susaeta, Ion Velez eta De Marcosen presentzia nobedadea izan da, osteguneko lehiarekin alderatuz. Zelai erdian, gainera, Orbaiz, Gurpegi (eskuinetik) eta Martinezek elkarrekin jokatu dute.

Lehenengo aukera seigarren minutuan heldu da, Christianek buruz kanpora errematatu duenean. Ostean, zortzigarrenean, De Marcosek abagunea izan du, baina Toñok bere jaurtiketa harrapatu du. Tchiteri txartel horia erakutsi diote bederatzigarrenean eta Geijok bere aukera izan du hamahirugarrenean, baina jaurtiketa doi-doi joan da Iraizozen eskuetara. Baloi gutxi zeukan Athleticek, edo errezegi galtzen zituen, eta Racingek ez zekien nondik jo. Halaz ere, korner baten ostean, 28. minutuan, Luis Garciak ezkerrez jo du eta Iraizozek eskua sartu behar izan du.

Jokoa falta zen, baina oraingo honetan sendo egoteaz gainera estrategian etekin bikaina atera du Athleticek Christiani txartel horia atera dioten faltaren ondorioz. Castillok atera du eta Gurpegik, buruz, sareetara bidali du. Lau urte beranduago erdilariak gola egin du eta, garrantzitsuena, futbolaritzat jotzen du berriro ere bere burua. Hurrengo abagunea zurigorria izan da baita ere, Orbaizek korner olinpikoaren parean egon denean, baina Toñok eskua sartu du.

Berrogeigarrean minutuan Ion Velezek txartel horia ikusi du Torrejonekin tupust egin eta gero. Atzelaria, odolez, aldageletara joan da puntuak jasotzera eta bat gutxiagorekin Tchitek abagune garbia izan du, baina Iraizozek jaurtiketa igerri dio 42 minutuan. Horixe izan da etxekoen aukerarik argiena partida osoan eta horren ostean atsedenaldira abantailaz joateak berebiziko garrantzia izan du.

Aldaketarik ez bigarren zatiari begira. Espero zen bezala, lehen uneotan berdinketaren bila gogotsu atera dira kantabriarrak, nahiz eta, beste behin ere, estrategiaren bitartez izan den. Korner baten jaurtiketaren ondoren Christianek jaurti du, baina Iraizozek eskua ondo atera du. Jarraian beste txartel bat, Pinillosentzat kasu honetan, eta gure jokalariak zelaian askozaz honeto kokatzen ari zirenez, kontrako arean ere aukerak ikusi dira. Esaterako, 52. minutuan De Marcosen ezkerkada Toñok langa gainetik kornerra desbideratu du. De Marcosek berak, berriro ezkerrez, 57. minutuan lana eman dio Toñori eta Orbaizek ondorengo kornerrean.

Mandia kolokan zegoen aulkian eta premiazko konponketaren bila edo, aldaketa bikoitza egin du: Xisco eta Arana Tchite eta Torrejonen ordez. Luis Garcia euskarrira pasa da, Moraton atzera eta Arana eskuin hegalera. Ustaritzek horia ikusi du 61. Minutuan eta Aranak urrutitik jaurti du 62.garrenean eta Iraizozek kornerra desbideratu du.
Aranari beste txartel horia atera diote eta hortik aurrera Athletic Clubaren nagusitasuna askozaz nabariagoa izan da partida amaitu arte. Hasteko 67. minutuan Orbaiz eta Racingen atezainaren arteko harreman estuaren besteatal bat bizi da. Kasu honetan faltaz izan da. Orbaizek jaurti du eta Toñok hatz puntarekin kornerra bidali du. Bitartean azken aldaketa egin du Racingek: Sepsi Christianen ordez sartu da 70 minutuan.

Alferrik, 74. minutuan Lacenek penaltia egin baitio Ion Velezi eta Iraolaren jaurtiketa bortzita gola izan da. Zero eta bi, zailaena egina, teoriaz behintzat, eta kasu honetan teoria gauzatu da. Ezusterik gabe pasatu dira minutuak eta gainera Caparosek aldaketa guztiak bata bestearen atzetik egin ditu. Bost falta zirela Diaz de Cerio Ion Velezen ordez irten da, gero San Jose Orbaizen ordez, Ligan bere debuta egiten zuela, eta, azkenik David Lopez, luzapenean jada, Susaetaren ordez eta partida amaitu da.

Gauzak horrela eta zailtasun guztien gainetik, toki lasaian dago gure taldea Ligan eta astea borobiltzeko Rayo Vallecano kanporatzea mundiala litzateke hurrengo geldialdian lan guztiak bete ondoren indarrak pilatzeko.