Athletic Club - CA Osasuna
Jardunaldia 15
Liga

Athletic Club - CA Osasuna

Athletic Club
Athletic Club
20
CA Osasuna
CA Osasuna
  • 1' Yeste
  • 11' Llorente

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Nagusitasuna urte on bati amaiera emateko

Athletic Clubek 2-Osasunak 0Athletic Clubek Osasunari 2-0 irabazi dio 2009 urteko partidei amaiera ona emanez….

Athletic Club

Athletic Clubek 2-Osasunak 0


Athletic Clubek Osasunari 2-0 irabazi dio 2009 urteko partidei amaiera ona emanez. Yestek eta Llorentek zurigorrien golak egin dituzte norgehiagokaren hasieran eta hortik aurrera gure taldea jaun eta jabe izan da, lehen zatian joku ona eta aukerak sortuz eta bigarren zatian partida zailtasun gehigirik gabe kontrolatuz. Emaitza honen eskutik sailkapenean gora begira segitzen dugu, 26 puntu lehen itzulia amaitzeko lau partida falta direnean, eta gure jokalariek Gabonetako atsedena lasaitasunez eta merezimendu osoz jadanik hartu dute.

Derbia uste baino hobeto hasi da. Athletic Osasunak partida itxia eta borrokatua planteiatuko zuela jakinaren gainean zegoen eta lehiari espero eta behar zen moduan ekin dio. Gogoa eta nahiaren adierazgarria Llorenteren jarrera izan da, minutua bete barik presioan tematu da, baloia eskuin hegaletik lapurtu, arean sartu eta pasea eman Yesteri horrek ia marran bertan bat eta zerokoa ezar zezan. Hasiera ezinobea, baina ez da hor gelditu etxekoen nahia. Jo eta ke aritu dira Ligako azken neurketetan erakutsitakoa berretsiz, hau da, behin abantailaz ipiniz gero arerioek zailtasun ikaragarriak dituzte min egiteko.

Osasunari halaxe gertatu zaio eta hamaika ikusteko jaioak garenez gero, hamaikagarren minutuan nafarrei gauzak gehiago okertu zaizkie: Iraolak baloia arearantz bidali du, horko marran Llorentek baloia hartu, buelta eman, zirrikitua bilatu eta baloia eskuinez sareetara bidali du. Eta ikusle gehienek partida erabakita zegoelaren inpresioa hartu dute, bukatzeko oraindik ia laurogei minutu falta ziren arren. Athleticen hamaikakoan nobedade gutxi egon dira eta zelai erdian beste behin ere Gurpegik, Martinezk eta Orbaizek Yesterekin batera jokatu dute. Amorebieta zein Susaeta zigorra bete dute eta Palma de Mallorcan Toquero izango da bost txartel hori ikusteagatik egongo ez dena.

Atsedenaldira arte aukera guztiak zurigorriak izan dira. Hemeretzigarrenean epaileak Gurpegirena baliogabetu du, Gurpegik berak behartuta errematatu du jarraian eta hogeigarrenean Javi Martinezek kanpora jaurti du. Gauza bera egin du boleaz Llorentek ezkerrez 22. minutuan. Athletic Club jaun eta jabe zen, lasai zegoen, zain, hutsuneak aprobetxatuz eta bisitariek ez zuten modurik aurkitzen min egiteko.

Aitzitik, etxekoek gehienetan pase gutxi behar zuten Ricardoren arearantz heltzeko. Esaterako 26. minutuan Javi Martinez hegalera ireki du baloia, hor Iraolak Gurpegiri eman, honek Toquerori espaziora sartu eta honen pasea Iraolak gora bidali du. Beste jokaldi arriskutsu bat bat sortu da 38. minutuan Orbaizen ezkerkadaren bila Llorente abiatu denean, ez da gutxigatik heldu eta gainera bere mina berragertu da. Inolako gorabeherarik gabe atsedenaldira abiatu dira talde biak.

Itzulerak ez du aldaketarik ekarri eta gauzak bide beretik joan dira, ñabardura txiki batez: orain Osasunak baloia zeukan, baina Athleticek nahiago zuelako. Camacho izan da lehena aulkia mugitzeko orduan eta Portillo Juanfranen ordez sartu da. Osasuna 4-2-3-1etik 4-4-2ra pasa da, Masoud eskuin hegalera mugiaraziz eta Portillo, 66. Minutuan, izan da lehen arriskurik aipagarriena sortu duena, baina atzera egindako pasea Iraizozek moztu du.

Urrutitik egindako jaurtiketa pare bat aipa ditzakegu eta baita beste horrenbeste burukada bigun Iraizozen eskuetara, baina azken finean Iraizoz izan da beharbada hotz gehien igaro behar izan duen jokalaria, nahiz eta bigarren zatian Ricardok ere berotzeko ariketak egin behar izan dituen.

Aukerak ez ziren inondik inora agertzen, Athleticek ordenaturik segitzen zuen, ez zuen gehiagorik behar, eta albiste bakarrak aulkietatik zetozen. De Marcos Llorente mindutaren ordez 73. minutuan sartu da eta boste beranduago Muniainek bere urtebetetzea ospatzeko parada izan du Yesteren tokia hartuz.

Gorritxoen zaleek gure filosofiari buruz gure inguruan maizegi hedatu diren konplexuak azalarazten zituzten bitartean, Camachok aldaketa bikoitza egin du Taxoarrekoak ez diren Calleja eta Vadocz Nekounam eta Oier-en ordez zelairatuz. Gabilondok Toquero ordezkatu du bost minutu falta zirela eta segunduak eguraldiaren antzeko hoztasunarekin pasa dira hamaikagarren minutuan aurreikusita zegoena errealitatea bihurtu arte. Hogeita sei puntu, beraz beste hamasei edo lasaitasun matematikora heltzeko eta, bide batez, garaipenak etxean ere buru hotz eta eraginkortasunez lor daitezkela erakutsiz.