Athletic Club - Xerez CD
Jardunaldia 21
Liga

Athletic Club - Xerez CD

Athletic Club
Athletic Club
32
Xerez CD
Xerez CD
  • 2' Muniain
  • 64'87' Llorente
  • Moreno 10'
  • Mario B. 40'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Bultza eta bultza garaipena eskuratu arte

Athletic Clubek 3 Xerezek 2Athletic Clubek 3-2 irabazi dio Xerez taldeari. Muniain eta Llorente (2)…

Athletic Club

Athletic Clubek 3 Xerezek 2


Athletic Clubek 3-2 irabazi dio Xerez taldeari. Muniain eta Llorente (2) golegileak izan dira eta ezerezean Moreno eta Mario Bermejorenak utzi dituzte. Garaipenari esker bolada onari ekiteaz gain, gure taldeak sailkapeneko zazpigarren postuan dago, europar lekuetatik gertu. Iker Muniainek oso goiz buruz gola egin duen arren, zurigorriak atsedenaldirako desabantailaz abiatu dira eta bigarren zatian, bultza eta bultza aritu dira, bihotzarekin buruarekin baino eta arrisku asko hartuz, baina azkenean Llorenteren gol bien eskutik hiru puntuak San Mamesen geratu dira.

Gauzak ezin hobeto hasi dira. Bigarren minutuan Llorentek buruz baloia Toquerori laga dio eta honen erdiraketa Munianek buruz, kontrako zutoinean, sareetara bidali du Redondori aurrea hartuz. Orain arte gure taldeak horrelako partidak primeran kudeatu ditu, baina gaur ez da eguna izan.

Ia ezer berezirik egin gabe urdinak Iraizozengana hurbildu dira. Gauzak horrela 8. minutuan Bermejok baloia loratu du atezainaren gainetik, baina honek azkar erreakzionatu du eta ateko marratik bertatik kornerra bidali du. Ia osteko jokaldian, Momoren erdiraketa inozoa, askozaz gehiago ezin zuen atera, Morenok boleaz areaz kanpotik ederto errematatu du banakoa ezartzeko.

Gola hartzea inoiz espero ez denez eta aurtengo denboraldian lehen zatian are gutxiago, Athleticek txipa aldatu behar izan du eta aurretik minutu pila zegoen arren, azkarregi jokatzeari ekin dio. Baloia Xerezeko arean zegoen maiz. Esaterako, 12. minutuan Martinezek jaurti du area barrutik eta Xerezeko atzelari batek eskuin hankan ikutu dio. Jokaldi zalantzagarri batetik jokaldi barregarri (edo negargarri) batera pasa gara eta bietan epailea protagonista izan da. Bisitarien erasoko jokaldi batean Alvarez Izquierdo tartean sartu da, baloiak bere hankan jo du eta Athleticek baloi jabetza berreskuratu du, halaz ere, epaile batek talde baten kamiseta noizean behin ipintzen duen metafora San Mamesen gorpuztu da hamaseigarren minutuan epaileak baloia orpoz Xerezeko jokalariengana nahita zuzendu duenean.

Harriduraren atzetik unerik sosoenak ikusi ahal izan ditugu. Iraizozek kornerra bultzatu du baloi loratu bat, eta 25. minutuan Orbaizek falta jaurti du eta Renanek kornerrera desbideratu du. Athletic urduri zegoen, Xerez gero eta lasaiago eta baloia ia beti zelai erdian. Basamortutik irtetzeko emozioak itzuli dira. Adibidez 36. minutuan Muniainen jaurtiketa Giodak eskuekin moztu du epailearen aurpegiaren aurrean eta protesta guztiak antzuak izan dira. Esan bezala etxekoek zuten ekimena, baina Xerezek jokaldi azkar eta ondo landua, 40. minutuan, markagailuan aurretik ipini da Bermejok Momoren baloi sakona jaso du eta, ederto, Iraizozen irteera gainditu duenean. Kolpe latza eta atsedenaldira abiatu aurretiko erantzun bakarra Llorenteren jaurtiketa izan da, jada luzapenean, baina Renanek kornerrera urrundu ahal izan du.

Talde biak atsedenaldira, kanpotarren arean hainbat ika-mika ikusi eta gero, eta aldageletan Orbaiz geratu da Susaetari lekua utziz. Gurpegi euskarrira pasa da. Irten eta berehala Athletic Clubaren asmoak agerian geratu dira: Llorenteren jaurtiketa kanpora joan da, baina bigarren zatiko joera iragarrita zegoen. Athletic bultza eta bultza eta Xerez atzean sartuta kontraerasoaren zain.
Dinamika horretan 48. minutuan Gurpegik buruz errematatu du eta hortik gutxira Gurpegik berak areaz kanpotik kanpora ere jaurti du. Esan bezala, Gorositoren mutilak aukeraren zain zeuden eta pixkaka bildurra sartu dute. Lehendabiziz Keitak areaz kanpotik kanpora jaurti duenean. Jarraian, gero eta nabariagoak ziren hutsuneak aprobetxatuz, andaluziarrak animatu dira eta horren buru Bermejo izan da, 54. minutuan desbideraturik jaurti du, eta geroago buruz gora errematatu du.

Gauzak ez ziren garbi ikusten, baina zaleriak, gaurkoan beste askotan baino sartuago beharbada, ez du etsi eta jokalarien gogo, grina eta borondate ukaezinaren eskutik batetik eta epailearen lanaren eskutik bestetik saltsan mantendu da. Era berean, arbelan mugimenduak hasi dira. Gurean 61. minutuan De Cerio Gurpegiren ordez sartu da eta Toquerok bere kokapena atzeratu du eta 63. minutuan Bergantiños Victor Sanchezen ordez. Xerez kobazuloan zegoen eta aldaketaren eraginkortasuna frogatzeko astirik ez dio eman, Susaetak ondo erdiratu baitu eta Llorentek buruz angelura errematatu du binakoa ezartzeko.

Partida zegoen eta Athletic Clubek oina kendu du azeleratzailetik kendu du, bisitariak aurrerantz jotzen saiatu diren bitartean. Hurrengo aukera, dena den zurigorria izan da 71. minutuan Martinezek buruz korner baten jaurtiketa kanpora errematatu duenean. Gorositok 78. minutuan Viqueira Momoren ordez ipini du, Athletici gehiago kostatzen zitzaion area ingurura heltzea eta Susaeta urrutitik saiatu da, baina Renanek kornerra bidali du. Aulkietatik azken mugimenduak burutu dira: 81. minutuan David Lopezek Toquero ordezkatu du eta 82.an Alustiza Carlos Calvoren ordez irten da.

Azken txanparen zain geunden, ea azken aukera iritsiko ote zen eta heldu da 87. minutuan Llorentek ezkerrez Susaetaren erdiraketa-jaurtiketa gola bihurtu duenean. Hala eta guztiz ere, sofrikario ez zen hor amaituko, ia azken unean Alustizak gutxigatik ez baitu ezkerrez sartu. Azkenik, eta Vila-realera joan baino lehen, Athleticek etxeko lehen azterketa gainditu du, azken orduan eta asko kostata bada ere, bana inork ez zuen iragarri erraza izango zenik.