Real Sporting de Gijón - Athletic Club
Jardunaldia 26
Liga

Real Sporting de Gijón - Athletic Club

Real Sporting de Gijón
Real Sporting de Gijón
00
Athletic Club
Athletic Club

KokapenaEl Molinón , Gijón

Punturik urratu, baina ez merezi aina

Sportingek 0-Athletic Clubek 0Athletic Clubek eta Sportingek husna berdindu dute El Molinon futbol zelaian. Zurigorriek…

Athletic Club

Sportingek 0-Athletic Clubek 0


Athletic Clubek eta Sportingek husna berdindu dute El Molinon futbol zelaian. Zurigorriek aukera gehiago egin dituzte hiru puntuak erdiesteko, Gabilondori Juan Pablok desbideratu dion penaltia barne. Halaz ere, gure taldeak hirugarren partida jarraian golik jaso gabe darama eta europar postuak eskuratzeko borrokan segitzen du buru belarri eta larunbatean Getaferen aurka bere nahiak baieztatu beharko ditu.

Athleticek, azken finean, Xixonen puntuak urratzeko duen ohitura osasuntsuari ekin dio beste behin ere, partida etxekoen erasoarekin hasi den arren. Lehen minutuan Barralek jaurti du eta Amorebietak kornerrera desbideratu du. Ostean burukada Iraizozen eskuetan amaitu da. Sporting nagusitzen ari zen, baina gure taldeak lehiari neurria hartzen ez ziolako, gure atea arriskutik salbu zegoen eta.

Orekaren eskutik gatzik gabeko minutuak bizi izan ditugu, baina Athletic apurka apurka baloi gehiago izaten zuen eta jada Sporting zen atzerago zain zena. Halaz ere, abagunerik gabeko aldia 22. minutuan amaitu da Gabilondok Llorenteren lagapena izan duenean, baina baloiak ihes egin dio eta arrematea lekutara joan da. Bi minutu geroago Iraolak, sorbaldan minduta, Susaetari bere tokia utzi dio eta Gurpegi eskuin lateralera pasa da, baina zorionez taldeak ez du gehiegi nabaritu gero eta erosoago baitzegoen zelaian. Oreka ia osoa izan zedin, etxekoek ere zauritua izan dute eta Sastrek Jose Angeli lekua utzi behar izan dio.

Euriarekin gertatzen zen bezala, partida atseden uneak eduki bazituen, baina lehen zatiko azken txanpan gauzak animatu dira. Camachok 37. minutuan buelta erdian kanpora jaurti duen arren, zurigorrienak gehiago eta argiagoak izan dira: Javi Martinezen zartakoa Juan Pablok urrundu du 39. minutuan, hurrengo jokaldian Llorentek buruz kanpora errematatu du, Susaetak 42. minutuan eskuinez gurutzatu du gutxigatik kanpora. Jose Angelek boleaz Iraizozen eskuetara jaurti du eta, amaitzeko, Javi Martinezek buruz gora errematatu du.

Bigarren zatiaren hasiera lehen zatikoaren antzeko izan da, hots, asturiarrak indartsu irten dira eta lehen minutuak pasa ondoren nagusitasuna zurigorrientzat izan da. Botiak ia espero gabe aukera izan du eta Jose Angelek areaz kanpotik 51. minutuan sortu du etxekoen garbienetako bat, baina Iraizozen eskua bikaina izan da.

Hor amaitu dira arriskuak Toqueroren txanda heldu baita eta “in crescendo” gainera. Hasteko 53. minutuan areaz kanpotik jaurti du Juan Pabloren eskuetara, ostean buruz gutxigatik kanpora errematatu du eta hirugarrenean erne ibili da Juan Pabloren sake motza mozteko eta Jose Angelek penaltia egin dio. Tamalez atezainak Gabilondoren jaurtiketa igerri du eta penaltien sofrikarioa bizkar gainean eroaten segitzen dugu. Hamabi jaurti dira 09/10 denboraldian eta bost ez dira sartu (Llorentek, Javi Martinezek, David Lopezek, Iraolak eta Gabilondok) eta beste zazpiak bai (Llorentek -3-, Martinezek -2-, Etxeberriak eta Iraolak).

Taldeak zutik segitu du, ekimena bereganatuz eta garaipena erdiesteko ahaleginak egiten, baina hurrengo aukeran ere Juan Pablorekin egin du topo, Gabilondoren osteko Llorenteren burukada esbideratu baitu. David Lopezek Gabilondoren tokia hartu du 69. minutuan eta berak ateratako falta buruz laga dio Llorentek Javi Martinezi, baina honen bolea langa gainetik joan da. Beste aukera galdua.

Preciadok Kike Mateo sartu du berdegunera eta Luis Moran aldageletara abiatu da. Sartu berria Barralen atzetik kokatu da eta De las Cuevas eskuinaldera pasa da. Sportingek hortik gutxira azken aldaketa egin du: Carmelo De las Cuevasen ordez.
Panorama ez da aldatu. Athleticek jo eta ke segitu du, sendo atzean eta biderik azkarrena bilatzen, baina ezinezkoa izan da. Gainera hiru puntuak erdiesteko merezimenduak egin eta gero, ia azken unean Gurpegik atepean baloia atera behar izan du Kike Mateoren jaurtiketa urruntzeko. Eta partidaren isla bezala, luzapenean Llorentek irten berria zen Muniainen erdiraketa kanpora errematatu du ezkerrez. Pena.