Athletic Club - Getafe CF
Jardunaldia 27
Liga

Athletic Club - Getafe CF

Athletic Club
Athletic Club
22
Getafe CF
Getafe CF
  • 13' Orbaiz
  • 78' Llorente (p.)
  • Manu 32'
  • Pedro León 86'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Dena eskura eta puntuarekin seigarrenak

Athletic Clubek 2-Getafek 2Athletic Clubek eta Getafek bina berdindu dute. Orbaizek eta Llorentek, penaltiz, egin…

Athletic Club

Athletic Clubek 2-Getafek 2


Athletic Clubek eta Getafek bina berdindu dute. Orbaizek eta Llorentek, penaltiz, egin dituzte gure taldearen golak eta Manuek eta Pedro Leonek madrildarrenak. Denetik izan duen partidan, zurigorriek ondo ekin diote partidari Orbaizen golaren eskutik, baina Manuk berdindu du eta atsedenaldia baino lehen Orbaizek berak txartel gorria ikusi du. Bigarren zatian Athleticek bisitarien erasoei eutsi die, bi eta batekoa ezarri du penalti puntutik Miguel Torres gorria ikusi duen jokaldiaren ondorioz, baina tamalez Pedro Leonen jaurtiketa batek Gurpegi eta San Joserekin egin du topo eta gure atean amaitu da. Hala eta guztiz ere, puntu honek seigarren postuan sartzeko eta Getaferekiko abantaila mantentzeko balio du. Zentzazio kontrajarriak azken finean eta jada burua Vicente Calderonen dago, hor Orbaiz eta Amorebietaren presentziarik gabe.

Partida primeran hasi da. Athletic nagusitu da lehen minutuetan eta Llorentek eskatu duen penaltiaren ostean, nahiz eta Manuk areaz kanpotik Iraizozi susto galanta eman dion, hamahirugarrenean Orbaizek, areaz kanpotik, Llorenteren pasea sareetara bidali du. Halaz ere, Getafek ez du amorerik eman eta pixkaka baloiaren jabetza monopolizatu egin du, sortu duen arriskua nabaria izan ez den arren: Mikuk buelta erdian kanpora eta Parejok desbideraturik jaurti dituzte, baina inozoa zirudien jokaldian, 32garren minutuan, Manuk jaurtiketa-erdiraketa barrura joan da.

Kolpe latza, Athleticek ez baitu bururik altza bigarren zatira arte. Gainera zorigaiztoko jokaldian Orbaiz lesionatu egin dute eta sarrera jaso ondoren Cortesi ostikada eman dio eta txartel gorria erakutsi diote. Atsedenaldira bizirik iristea zen helburua, eta lortzeaz gain, Llorentek aukera paregabea izan du azken minutuan, baina laguntzaileak inolaz ere ez zen jokoz kanpokoa adierazi du.

Bigarren zatiari begira Muniain Gabilondoren ordez irten da eta zurigorriak 4-2-3koa plazaratu dute, Gurpegi Martinezen ondoan zela eta Toquero, Llorente eta Muniain aurrean. Athleticek erronkari eutsi dio eta ezerezean utzi du Getaferen nagusitasuna, pausoz pauso partidak irakurtzen dakiela erakusten. Gogora dezagun lehen itzulian arerio beraren aurka lehen zatian bat gutxiagorekin geratu zela lehia berdinduta zela eta azkenean galdu egin zuen. Oraingoan partida orekatua irten da eta lehen ordu laurdenean talde biek hainbat aukera sortu dute zoramena heldu baino lehen. Parejok Iraizozen eskuetara, Castillok faltaz, Iraolak gurutzatuegi eta Toquero ez da gutxigatik heldu, Parejok faltaz, Mikuk behartuegia desbideraturik eta gero Iraizozen eskuetara eta Boatengek buruz korner bat errematatuz, beharbada ordurarteko bisitarien abagunerik argiena.

Getafek baloia nahi zuen, baina ez zen batere fidatzen eta beti lauko lerroa mantentzen zuen atzean, Athleticek gehiegi ez bait zuen behar beldurra sortzeko. Llorentek boleaz gora jaurti du eta gauza bera egin du Pedro Leon faltaz. Gavilan Manuren ordez irten da eta hotzgailutik irten berria zen Perez Burrull jauna, publikoaren protesten artean jada lehen zatian, bigarren horia barkatu dio Amorebietari, lehen Cortesentzat eskatzen zutenei muzin egin dien moduan eta Boatengen lehena ere ia amaierarako utzi du.

Azken txanpan, Susaetaren txanda heldu da 75garren minutuan, Toqueroren tokia hartuz eta Athletic Clubek haren presentziari berehalako etekina atera dio. Bi minutu beranduago Getafek zeukan baloia borrokatu du eta aldaratzea ate aurrean utzi du, atezainik gabe gainera. Beraz, Miguel Torresek penaltia egin behar dio eta txartel gorria erakutsi diote.
Bide batez Llorentek bigarrena egin du eta penaltien inguruko eztabaida oraingoz behintzat baztertu ei du. Hasiera ona, aldapaz gora eta orain bazirudien zailena eginda zegoela. Michelek dena jarri du berdegunean, Kepa eta Adrian Parejo eta Cortesen ordez eta gutxien espero zenean berdinketa heldu da Pedro Leonen bitartez baloia Gurpegi eta Sanjoseren gorputzean jo ondoren Iraizoz gainditu du eta. Amaitzeko bost minutu falta zen.

Llorentek garaipena erdiesteko abagunea izan du luzapenean, baina jada zelaian egotea merezi ez zuen Boateng zentral lana ere ederto egin du bere bolea oztopatzeko. Gaitzerdi. Liga amaitzeko hamaika jardunaldi falta dira eta aspaldiko partez gure taldea europar postuetan dago, seigarrenean hain zuzen ere, baina Deportivo eta Sevillaren porroten ostean beti ere pena apur bat geratzen zaigu… galdu dutenek gauza bera pentsatuko duten bezalaxe.

Azken finean beste pauso txiki bat eman du Athleticek erraza ez zen norgehiagokan eta antzekoa izango da ostegunean Atletico Madrilen aurka jokatuko duena.