Athletic Club - Real Racing Club de Santander
Jardunaldia 29
Liga

Athletic Club - Real Racing Club de Santander

Athletic Club
Athletic Club
43
Real Racing Club de Santander
Real Racing Club de Santander
  • 13' Llorente
  • 18' Toquero
  • 78' Llorente (p.)
  • 87' Susaeta
  • Tchité 41'
  • Iván Bolado 80'93'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Gol asko, emozioa eta puntuak euripean

Athletic Clubek 4-Real Racing Clubek 3Athletic Clubek 4-3 irabazi du Real Racingen aurka eta bere…

Athletic Club

Athletic Clubek 4-Real Racing Clubek 3


Athletic Clubek 4-3 irabazi du Real Racingen aurka eta bere europar postua beste astebetez finkatu du Liga amaitzeko bederatzi jardunaldi falta direnean. Llorentek (2, bat penaltiz) Toquerok eta Susaetak egin dituzte gure taldearen golak eta Tchitek eta Boladok (2) kantabriarrenak. Partida futbolak duen ezaugarri ia guztiak izan ditu: joku ona hainbatetan, emozioa, alde batera zein bestera zihoazen boladak, eta ez bakarrik haizearenak, jende asko harmailetan astelehena izateko eta, batez ere, golak euripean. Gehienak zurigorriak izan direnez gero, ilusioak bizirik dirau azken etxeko zazpi neurketetatik sei irabazi eta gero. Oraingoan bai, jardunaldiko azken partidak etekina ateratzeko balio izan du Camp Nou futbol zelai zaila bisitatu baino lehen, baina askotan esan dugun legez, jada egindakoaz goza dezagun eta gero, gerokoa.

Lehia hastea eta hego haizea etenbako euria bihurtzeak futbolaren ordua iragarri du. Eguraldiaren aldaketaren eskutik lehen minutuak nahasiak izan dira, inolako talde menperatzailerik gabe, baina bapatean zurigorriek ekaitza sortu dute eta ordu laurden geldiezina erakutsi digute. Bisitariek ez zekiten nondik jo, ez zekiten Colcortiren ingurutik nola alde egin eta, eurentzat okerrena zena, tarte horretan bi gol hartu dute.

Toqueroren gorputzean jo eta kanpora abiatu den Susaetaren falta jaurtiketatik (8garren minutua zen) Llorentek orpoz primeran errematatu duen eta Coltortik “aurkitu” duen baloia bitartera (23garren minutua zen), erasoa euria bezala izan da: geldiezina, iraunkorra eta, onena, eraginkorra. Gainera Athletic Clubek azken partidetako zama gainetik kendu du eta kanpoko azken bi neurketetan definizio eza leporatzen bazitzaion, gaurkoan askozaz finago ibili da. Hamahirugarren minutuan Gabilondok maisuki jaurti du korner bat eta Llorentek, indartsu, burukada geldiezinaren bitartez bat eta zerokoa ezarri du. Zurigorriak ez dira horrekin konformatu eta lau minutu beranduago Llorentek alboko sake bat ateari bizkarra emanda kontrolatu du, bere markatzailea gainditu eta marratik atzera pasea egin du Toquerok eskuinez bigarrena egin zezan.

Historia hori ere ezaguna ei zen guretzat, baina Athleticek ez du behar legezko kontrolik egin eta Gabilondorik gabe hainbat minututan egon eta gero, buruan eman dioten kolpea dela-eta, jokua hoztu da. Zoritxarrez, Racing, ezer berezirik egin gabe, suspertu da eta jokaldi isolatu batean Tchitek kanpokoen lehendabiziko gola sartu du. Gola hartzeko une guztiak txarrak diren arren, bereziki txarra konsideratzen da atsedenaldiaren aurreko hori eta gure taldea erdi lokarturik zenez gero, lehen zatiko luzapenean Canalesek txarragoa bihurtzeko izan du, baina jardunaldiko gola beti sartzea ezinezkoa denez gero, atzelariek ondo erreakzionatu dute kontraerasoa ezerezean uzteko.

Zurigorriak bigarren zatian hots zelairatu dira, baina Iraizozek ederto desbideratu duen Canalesen falta jaurtiketa kenduta, indarrak orekatu dira eta minutuak aurrera joan ahala lasaitasun sentzazioa nabarmenagoa izan da, batzutan harmailetan Athletic galtzen zihoala bazirudien ere, Ligan gauza politak egiteko ilusioak sortzen duen presioaren eraginez ziurrenik.

Aukerak faltan, lehen aldaketak heldu dira. Gurean Gurpegik Iturraspe ordezkatu du eta Racingen Diop Serranoren ordez zelairatu da, Canales ezkerraldera pasaraziz eta Colsa punta erdiraino aurreratuz. Athletic animatu da eta San Josek buruz eta Toquerok eskuinez kanpora jaurti dute. Munitisek zelaia utzi du Aranari lekua egiteko eta partidak beste bolada bat ezagutu du, golaren txanda heltzear baitzen.

Colsak langa gainetik errematatu du, Coltortik barruan? kanpoan? marra gainean bertan ? Iraolaren erdiraketa harrapatu du eta hurrengo jokaldian Christianek Llorenteri penaltia egin dio. Aurrelariak hiru eta batekoa ezarri du eta bazirudien, bigarrenez, norgehiagoka kontrolpean zela. Matematikoki bazitekeen baietz, baina praktikan ez da horrela gertatu. Penaltia jaurti aurretik Ivan Bolado Tchiteren ordez berdegunera sartu da eta Muniainek Toqueroren tokia bete du aurrelari gisa.

Lasaitasunak hiru minutu baino ez du iraun eta Bolado irten berriak txilenaz izugarrizko gola lortu du. Emozioa nagusi eta unera arte falta zena, txartelen inguruko polemika. Oriolek bere lehen horia ikusi du baloia harrapatzeko eta zelai erdira lehenbailehen eroateko ahaleginetan Iraizoz bultzatu duenean. Garrantzirik gabeko jokaldia zirudien, baina ia hurrengoan, Oriol era askotako banatzailea dela erakutsi du eta besoarekin Llorenteren aurpegian jo du. Bigarren horia, beraz, eta gorria.

Gabilondo, egozketaren faltaren ondorioz, eta Ivan Boladok areaz kanpotik gola egiten saiatu dira, baina 87garren minutuan Iraolaren pase sakona Susaetak kontrolatu du eta banan banakoa ederto amaitu du Coltorti gainditzeko. Lau eta bi, baina dirudienez lasaitasun hitza ez zetorren Athleticeko hiztegian eta Ivan Boladok bere taldeko hirugarrena egin du. Hori bai, gaurkoz emozioa gehiegi zen eta zelai erditik atera eta berehala lehia bukatu da. Euripean, hasi zen bezala, baina hiru puntu gehiagorekin.