FC Barcelona - Athletic Club
Jardunaldia 30
Liga

FC Barcelona - Athletic Club

FC Barcelona
FC Barcelona
41
Athletic Club
Athletic Club
  • 27' Jeffren
  • 39'58' Bojan
  • 67' Messi
  • Susaeta 76'

KokapenaCamp Nou , Barcelona

Arerio ona, aukera asko eta sari gutxi

FC Bartzelonak 4-Athletic Clubek 1Athletic Clubek 4-1 galdu du Bartzelonaren aurka (Jeffren, Bojan -2-, Messi…

Athletic Club

FC Bartzelonak 4-Athletic Clubek 1


Athletic Clubek 4-1 galdu du Bartzelonaren aurka (Jeffren, Bojan -2-, Messi eta Susaeta golegileak izan dira) eta gainerakoen emaitzen zain dago jada datorren igandean Almeriaren kontra San Mamesen jokatzeko orduan europar borrokan zernolako egoeran egongo den jakiteko. Zaila da oso Bartzelona gainditzea, etxekoen hamaikakoa bata zein bestea izan, baina are zailagoa da arerioak baino askozaz abagune izan arren gehienak alferrik gastatzen direnean. Zurigorriak atsedenaldira bi eta zero galtzen joan dira eta bigarren zatian, golaz aparte, Athletic Clubek beste zortzi aukera garbi eduki du. Aitzitik, egungo txapeldunak lau izan ditu, baina bitan asmatu du gure gola heldu baino lehen.

Hasiera ez da txarra izan. Hirugarren minutuan Susaetak gutxigatik kanpora jaurti du. Ostean Susaetak berak kontraeraso azkarra egin ahal izan du David Lopezekin batera, baina bi baten kontrakoa ez da behar bezala amaitu. Bartzelonak baloiaren jabetza zeukan, ohikoa den legez, baina arrisku garbirik ez zuen sortzen.

Zerbait aipatzekotan, hamabigarren minutuan Maxwellek ezkerrez kanpora jaurti du, baina arriskuak Messiren abizena zeraman, atzo bigarren punta moduan. Ordu laurdenerako Tourek desbideraturik jaurti du eta hurrengo minutuan Javi Martinezek Valdesen eskuetara. Messi agertu da 21. minutuan Bojanen pasea jasoz, kontraerasoan, baina kanpora jaurtiz.

Partida funtsik gabekoa zen, baina Barçak, jakina denez, ez du gehiegirik behar gola egiteko. Hogeita zazpigarren minutuan jokaldia ezkerretik hasi da eta Abidalen pasea kontrako zutoinean Jeffrenek barrura bultzatu du. Athleticek ez du tajuzko erantzunik eman eta hurrengo abagunea etxekoena izan da, Chygrynskyik buruz kanpora errematatu duenean.

Halaz ere, gure taldeak partidan sartzeko aukera izan du 34garren minutuan, Llorentek gora bota du eta, Gabilondoren erdiraketaren ondoren, Chygrynskyik ikutu eta gero Valdesen aurrean bakar bakarrik zela. FC Bartzelonak, aldiz, ezerezetik arriskua sortzeko gaitasuna duenez gero, gure atezainari lana eman dio Bojanen eskutik 37garrenean. Abisua besterik ez zen. Bi minutu beranduago, Javi Martinezek baloia atera du, bi arerio gaindituz, baina Puyolek bere ondorengo pasea moztu du eta Bojani eman horrek Iraizoz gaindi zezan. Bi eta zero Toquero eta Yeste beroketa ariketak egiten ari ziren bitartean. Bojanek bere tradizioari eutsi dio, hau da, guri ia beti gola egiten digu eta gaurkoan Ibrahimovicen ordez azken unean zelairatu da, suediarrak beroketa ariketetan ondoezik sentitu da-eta.

Berotzen ari zirenak, bigarren zatian jada, David Lopez eta Gabilondoren ordez irten dira. Toquero goian kokatu da eta Susaeta eskuin hegalean. Yeste ezker hegalean ipini da. Athletic erasokor irten da, goian presionatzen, eta hasi eta amaitu berdin berdin: Valdesen inguruan. Athletic Clubek zortzi aukera garbi sortu du eta Barçak aldiz lau, baina gol kopuru bikoitza lortu du.

Ikus ditzagun. Berehala Toquerok eta Llorentek, buruz, aukera bana izan dute. Lehendabizikoa Valdesek desbideratu du eta bigarrena kanpora joan da; 52garren minutuan Llorenteren burukada kornerrean amaitu da eta Javi Martinezek gola egiteko abagune paregabea izan du 53garren minutuan, baina gutxigatik bada ere, baloia kornerrean amaitu da. Korner atera eta Gurpegiren aukera kontuan hartzekoa izan da, baina bere burukada kanpora joan da Valdesek irteeran huts egin eta gero.

Xavik Sergio Busquets ordezkatu du. Barçak ekimena berreskuratu du eta Messiren barnealdi bat Iraizozek ezerezean utzi du. Jeffren lesionatu da eta Pedro irten baino lehen Bojanek hirugarrena egin du Abidalen pasea jasoz. Ordu erdi luze bat aurretik eta etxekoen eraginkortasuna ikaragarria zela frogatzeko argudio nahikorik.

Partida erabakita zegoen arren, intentsitatea ez da jaitsi. Epaileak Toure eta Javi Martinezi txartel hori bana atera die, nahiz eta lehenak beste kolorekoa merezi zuen. Sasi guztien gainetik Athleticek ez du amorerik eman eta Llorentek, buruz, beste aukera garbi bat izan du, baina baloia langa gainetik galdu da 66garren minutuan. Eta eraginkoratasunak eraginkortasun, Messik, aldiz, 67. minutuan barrura bidali du Pedroren erdiraketa San Jose enegarren aldiz jauzi dela aprobetxatuz.

Iturraspek Llorente ordezkatu du 70garren minutuan eta Susaeta gorago pasa da, egindako lanari saria eskuratzeko denborarekin, zorionez aukeraren bat aprobetxatu dugulako eta Yesteren pase dotorea jaso eta gero 77garren minutuan Valdesen irteera gainditu du. Lau eta batekoarekin Iturraspek berebiziko aukera izan du, baina bere jaurtiketa, Susaetaren pasea jaso eta gero, Valdesek atepean desbideratu du eta gauza bera egin du Iraizozek 81minutuan Xaviren jaurtiketa urruntzeko.

Etxekoek errondoa egin dute hainbat uneotan, kalitatea eta umiltasun falta nahasten diren mugan, zaleak lur horietan horren arruntak ez diren oleak gora eta behera zirela. Amaitzeko Gurpegiren azken aukerak partidaren patua deskribitu du. Bere zartakoa Valdesek kornerra desbideratuz amaitu da dena. Barçak behar zuen guztia egin du, txukun, eta gu, aldiz, behin eta berriz saiatu garen arren, inoiz baino aukera gehiago sortu dugu Camp Noun betiko moduan galtzaile ateratzeko… horregatik Bartzelona Liga eta Champiosen bila dabil eta gu seigarren postuan, batere txarto ez dagoena, baina eraginkortasunak margozten duen paisajean egun urrun uzten gaituena.