Valencia CF - Athletic Club
Jardunaldia 32
Liga

Valencia CF - Athletic Club

Valencia CF
Valencia CF
20
Athletic Club
Athletic Club
  • 34'62' Silva

KokapenaMestalla , Valencia

Erantzuteko gaitasunik gabeko asmo onak

Valentziak 2-Athletic Clubek 0Athletic Clubek 2-0 galdu Valentziaren aurka Mestallan. Silvak egin ditu etxekoen gol…

Athletic Club

Valentziak 2-Athletic Clubek 0


Athletic Clubek 2-0 galdu Valentziaren aurka Mestallan. Silvak egin ditu etxekoen gol biak eta gure taldeak ez du erreakzionatzeko gaitasun nahikorik erakutsi eta, gainera, une erabakiorretan Cesar ere bidetik gurutzatu da. Zoritxarrez talde biek zeramatzaten boladei eutsi egin diete: Valentziak etxean sendo eta Athletic Club etxetik kanpo ahul, emaitzetan behinik behin. Kontsolamendu bakarra Athleticek sailkapenean seigarren segitzen duela, baina europar postua erdiesteko etxetik kanpo noizean behin punturik urratzea komenigarria da oso. Liga amaitzeko sei jardunaldi baino ez da falta, lau etxean eta beste bi etxetik at.

Nagusi argirik gabeko minutu batzuk pasa ostean, zazpigarrenean Joaquinen burukada Iraizozek atepean kornerrera desbideratu du eta berehala Susaetak erantzun du, bere jaurtiketa arrasean hamargarrenean Cesarrek harrapatu duen arren. Athletic ausart agertu da lehen une hauetan eta Gabilondok aukera izan du 12. minutuan baina jokoz kanpo zegoela esan du marrazainak.
Valentziak ezin zuen kontraerasoan jardun, hauxe zen gaueko gakoetako bat eta, era berean, estrategian min egiten saiatzen zen. Adibide gisa, hamar korner jaurti baitu lehen zatian eta zurigorriek bat ere ez.

Aitzitik gure taldea arearen inguruan zebilen, baina azken pasean kale egitea zen ohikoena. Aukeraren bat aipatzeko ia ordu erdira jo beharko genuke, Barajasek buruz errematatu duenean, baina kanpora. Halaz ere, aspaldian nagusi zen jada Valentzia, nabarmen, eta nagusitasunaren ondorioak larrutik ordaindu du Athleticek 35. minutuan Silvak bat eta zerokoa ezarri duenean, Iraizozen aldaratze bat gertutik barrura bidaliz. Korner baten ondorioz heldu da gola eta egoera hori ez da denboraldi honetan gehiegi ikusi. Banegak gora jaurti du 37garrenean eta nahiz etxekoak bere saltsan zeuden, azken txanpan Athleticek aurrera jo du, baina min egin gabe.

Bigarren zatia aldaketarik gabe hasi da, baina berehala 53garren minutuan hain justu, Caparrosek aldaketa bikoitza egin du, Iturraspe eta Yeste, David Lopez eta Gabilondoren ordez sartuz. Lopez eta Ustaritz izan dira hasierako hamaikako berrikuntzarik aipagarrienak.

Minutu gitxitan, itxaropenetik etsipenera pasa gara. Berdinketa eskura egon da 56garren minutuan Athleticek kontraeraso azkarra antolatu ondoren Susaetaren erdiraketa Llorentek buruz errematatu duenean, baina Cesarrek geldiketa bikaina eginez kornerrera bidali du. Lehia ireki da, espazioak agertzear zeuden eta agertu dira baina ez zegoen beste erremediorik. Okerrena izan da Athletic Clubek erreakzionatzeko gaitasuna erakusteko betarik ez duela izan, Silvak partida ia itxi egin du 62. minutuan, arean Villaren baloi bat hartuz eta buelta erdian baloia angelutik sartuz.

Gure taldea indarge geratu da, baina zeukan ia guztia beste amorrazio aldi berri batean jarri du zelai gainean: 71. minutuan Susaetaren jokaldi polita ikusi dugu eta osteko kornerrean zurigorri biren erasoaldia gora joan den burukadarekin amaitu da. Are nabarmenagoa izan da 72garrenean heldu dena: Llorentek baloia buruz “orraztu” du eta Susaetaren bolea Cesarrek atera du etxeko zaleen gozamenerako.

Apur bat lehenago De Cerio berdegunetara itzuli da txartel horia zeukan Javi Martinezen ordez eta Gurpegi euskarrira itzuli da.
Emery partida lasaitzen saiatu da eta esan daiteke Athletic haren asmoekin bat egin duela eta ez du punturik urratzeko meritorik egin. Dominguezek Villa ordezkatu du eta hortik gutxira Marchenak Brunoren tokia hartu du. Norgehiagoka amaitzeko hiru minutu falta zirela, Matak Vicente ordezkatu baino lehenago Koikilik zikloko bere bosgarren txartela ikusi du eta Zaragozaren
aurka ezin izango du jokatu.

Tamalez puntu barik itzuli da taldea etxera, baina seigarren postutik San Mamesen tinkotasuna mantendu behar dugu europar sailkapena gure eskutan gordetzeko, azken sei partidetatik lau etxean izango dira eta.