Athletic Club - RCD Mallorca
Jardunaldia 35
Liga

Athletic Club - RCD Mallorca

Athletic Club
Athletic Club
13
RCD Mallorca
RCD Mallorca
  • 44' Llorente
  • G.Castro 43'
  • Nunes 50'
  • Aduriz 51'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Europa apur bat urrunago geratu da

Athletic Clubek 1-RCD Mallorcak 3Athletic Clubek 1-3 galdu du Mallorcaren aurka. Llorentek egin du gure…

Athletic Club

Athletic Clubek 1-RCD Mallorcak 3


Athletic Clubek 1-3 galdu du Mallorcaren aurka. Llorentek egin du gure gola eta Castrok, Nunesek eta Adurizek bisitarienak. Emaitza honekin aldapaz gora dago hurrengo denboraldian europar lehiaketetan parte hartzeko txartela, baina aukera dagoen bitartean gure taldeak borrokan segi beharko du, ea gaurkoan baina zorte eta joku hobeagoarekin. Mallorcak ez du beste munduko gauzarik erakutsi lehen zatian eta zurigorriek ozta-ozta berdindu dute. Bigarrenean, aldiz, gauzak hasieratik okertu dira eta antzuak oso izan dira egindako saiakera guztiak abantaila lasaitasunez kudeatu zuen taldearen aurka. Zelaian erakutsi duen zintzotasuna zelaitik at hartzen diren konpromezuak betetzeko orduan azaltzea ere idealena litzateke.

Futbol hutsa eta hutsalari dagokienez, partida hasi baino lehen seigarren postua eskura zegoen. Amaieran zortzigarrenarekin konformatu beharko. San Mamesen giroa zegoen, baina profezia moduan edo, ez zen beharbada denboraldiko partidarik garrantzitsuenak eskatzen zuena edota beste partida askotan bizi izan dena. Halaz ere, zurigorriek norgehiagokari ondo ekin diote eta hirugarren minutuan Gurpegiren pase zehatzak Toquerori Aouateren aurrean bakar bakarrik utzi du, baina horrek, aurrera jo beharrean, inozoegi edo azkarregi jaurti du.

Lehenengo minutu hauetan kontu handiz aritu dira talde biak, abaguneak kolore berekoak ziren arren. Hamargarren minutuan Llorentek, lehen zutoinean, Toqueroren erdiraketa errematatu du, baina Aouatek baloia kornerrera bidali du. Adurizek, betiko lez, etengabeko borroka planteaitzen zuen eta horrela segitu du nahiz eta hamabigarren minuturako txartel horia jada ikusita zeukan. Pixkaka Athleticek min egiten zuen eta hamaseigarrenean Gabilondok ezkerrez gutxigatik kanpora errematatu du.

Dena den, zerbait arraro zegoen giroan eta ez zen preseski Mallorcak Adurizengatiko bere zorra kitatzeko pankarta edota oihu bitarteko protesta. Ez. Gaurko arerioa talde indartsua zen eta, zorrak aparte, ez dago kasualitatez laugarren tokian, sendoa da eta ondo landuta dirudi, baina bertaratu direnen artean askok beheko multzoko bisitaria zela uste ei zuten, bestela ulertezinak dira gure jokalarientzako txistuak baloia luze jokatu beharrean behetik jokaldiak hasten saiatzen zirenean (batzuk ondo irten direnak eta beste batzuk ez, jakina) urduritasunaren isla ez badira behinik behin. Baliteke beste talde bat horrelako asmoarekin hona etorri behar izatea kanpokoen kalitatea goratzeko.

Zaila zen oso bisitarien erresistentzian zulo garbirik aurkitzea eta norgehiagoka parekatu da oso. Athletic bertikalagoa zen, Mallorcak pazientzia gehiago zuen eta lehen abisua 26. minutuan heldu da Webok atzera buruz langa gainetik errematatu duenean, baina ekitaldia isolatua zen.

Ez atzera ez aurrera zegoen dena, baina korner bat zela eta ez zela, azkenik korner seinalatu du epaileak eta 43. minutuan Gonzalo Castrok buruz, aldaratze bat errematatu ondoren, zero eta batekoa ezarri du. Kolpe gogorra, batez ere aurkariak ezer berezirik egiten ez zuelako, baina zoritxarrez oraingo denboraldian ez da gauza berria. Berehala zortea eta justizia elkar eskutik hartuta ibili dira eta minutu bateko luzapena justu pasatuta zela, Iturraspek ezkerrez areara bidali du eta Llorentek buruz eta min egiten duen tokira errematatu du berdinketa ezartzeko.

Psikologikotzat hartzen den gol horietakoa zen eta bolada erasokorrari eusteko asmoz, Susaeta Iturrasperen ordez zelairatu da. Gurpegi euskarrira pasa da. Aitzitik, ustezko bolada txarrari bira eman diona Mallorca izan da eta nola gainera. Segituan ezinezko partida Joseba Etxeberriari prestatuko zaion agur eguna baino lehenago heldu da. Lehen aukera Adurizek izan du, baina jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da.

Beste “gili” korner batean denboraldi honetako alderik indartsuena ahultasuna bihurtu da. Juliok izkinatik bota eta Nunesek eskuinez 1-2koa ezarri du 49garren minutuan eta okerrena izan da, ia konturatu gabe, 52garrenean hain juxtu ere, Adurizek hirugarrena dotorezia handiz egin duena. Ezin zailago.

Muniain Koikiliren ordez sartu da 54. minutuan eta Gabilondo ezker lateralera pasa da. Bultza eta bultza Athletic, abantaila kudeatzen irlakoak eta, gainera, Athleticek uzten zituen zuloak nabarmenagoak ziren minutuak aurrera joan ahala. Beraz, borondatea etxekoa zen bitartean, aukerarik garbienak bisitarienak: 58garrenean Adurizek buruz errematatu du eta Iraizozek gelditu du baloia.

Gurean aldaketa gehiago heldu da: Yeste Gurpegiren ordez 67garren minutuan ea horrela zeozer lortzen zen, baina lehen bezala, abagunea Mallorcarena izan da. Ez zen eraso denboran iraunkorra, baina bai zorrotza eta, esaterako, Castrok zartakoa zutoinera bidali du Suarezek Webo ordezkatu baino zertxobait lehenago.

Gure aldetik Toquerok buruz Aouateren eskuetara errematatu du eta Castrok kontrako aterantz gauza bera egin du Mattioniri bere lekua utzi baino lehen. Arestian aipatutakoa izan da aukerarik argiena eta baloi loratuen sorta amaigabea zirudien arren, eraginkortasun falta nabaria zen. Egoera zaila bazen, are gehiago okertu da Javi Martinez lesionatu denean eta kojuaren golaren bila Mallorcaren arearantz abiatu da, Toquero atzerago mugiaraziz. Egunaren destinu petralari amaiera emateko, ezin izan du ezta kojuaren gola egin, azken unean aukera on bat izan duen arren. Txarrena soilik hiru jardunaldi falta direla eta onena asteazkenean bertan etxean gora begiratzeko beste aukera bat daukagula.