Werder Bremen - Athletic Club
Jardunaldia 2

Werder Bremen - Athletic Club

Werder Bremen
Werder Bremen
31
Athletic Club
Athletic Club
  • 18' Hunt
  • 41' Naldo
  • 94' Frings (p.)
  • Llorente 91'

KokapenaWeserstadion , Bremen

Werder Bremenek 3 Athleticek 1: Aurpegi bi

Athletic Clubek 3-1 galdu du Werder Bremenen aurka. Llorentek gola lortu du eta germaniarrenak Hunt,…

Athletic Club

Athletic Clubek 3-1 galdu du Werder Bremenen aurka. Llorentek gola lortu du eta germaniarrenak Hunt, Naldo eta Fringsenak izan dira. Aurpegi biko partida izan da, Lehen zatian gure taldea motel ibili da eta bigarrenean hobeto, baina lehen zatiko bi goleko desabantaila erabakiorra izan da. Gutxienez Austriak eta Nacionalek bana egin dute eta sailkatzeko aukerak mantentzen dira.

Lehen zatia joku gutxikoa izan da, baina norgehiagoka hor erabaki da. Hasiera lasaia izan bada ere, Athleticek baloia oso gutxi zeukan eta germaniarrek arriskua sortzeko gaitasuna lan gehiegirik gabe erakusten zuten. Ordu laurdena arriskurik gabe igaro den arren, 17. minutuan Ozilek arrasean jaurti du eta hemezortzigarrenean Castillok ezin izan du behar bezala baloia urrundu eta Huntek boleaz bat eta zerokoa ezarri du. Lan eskerga egiteke, are zailago etxekoek espazioekin jokatzeko duten gaitasuna kontuan hartuta.

Athletic Club erreakzionatzen saiatu da, Yesteren korner jaurtiketa bat atezainak hatz puntarekin desbideratu du, baina sakontasunik gabe, zentral biei baloi luze errazegiak eskainiz. Lehia orekatu ei da, baina oreka artifiziala zen Werder Bremenk ez zuelako gehiagorik behar. Bapatean partida zoratu da eta Werder Bremenen oinarrizko estiloari dagokion norgehiagoka hasi da. Marinek aukera izan du, 36. minutuan, Iraizozek harrapatu du, eta segidan gure taldeak lehen zatiko abagunerik argiena ez du aprobetxatu: Llorentek ateko marratik jokaldi polita egin du eta pase ezinobea laga dio Toquerori, baina horrek ez du asmatu atea berarentzat zela.

Bueltako jokaldian Huntek ezkerrez gutxigatik kanpora jaurti du, Iraolak txartel festari ekin dio 40. minutuan eta bat geroago zurigorrien aldaratze motza, baloia area barrura, Amorebietak jokoz kanpoko balizko egoera apurtu du eta Pizarrok, lasaitasun osoz, Naldori pasa dio bi eta zerokoa ezar zezan.

Baina hor ez dira gure lehen zatiko komeriak amaitu, hurrengo jokaldian penalti garbia egin baitiote Toquerori epailearen aurrean, baina ez ei du ikusi. Jakintsuenei epaitzeko lana utziko diegu beraz, bigarren zatian ikusteko ere izan dute eta. Gainera ia azken jokaldian Ozil banan banakoa jokatzeko aukera izan du Iraizozekin, baina atezainak ondo harrapatu du.

Atsedenaldiaren bueltan Muniain Toqueroren ordez eta David Lopez Gabilondoren ordez irten dira. Nahiz eta zelaira irten eta berehala Pizarrok kanpora jaurti duen, Athleticek beste aurpegi bat erakutsi du bigarren zati osoan, alaiagoa, baloia hegaletara mugituz eta arerioari zalantzak sortzen. Esaterako, 54. minutuan Iraolak atzelari baten contra jaurti du eta aldaratzea Javi Martinezengana heldu da, baina bere ezkerkada atezainak desbideratu du. Kontraerasoan Ozilek aukera izan du, baina Iraizozek ondo itxi dio berriz ere.

Ordubeterako jokaldi erabakiorra suertatu da, behintzat zurigorrien aukerak handik aurrera handitu direlako. Niemeyerrek Bargfrederen tokia hartu du eta berehala txartel horia erakutsi diote. Miraria! pentsatu dute alkian eta harmaila zurigorrietan, ez baitzen orekatuegia epaileak zeraman irizpidea edo eskatzen zuen faltaren neurria txartela erakusteko. Bitxikeri hutsa zirudienak garrantzia hartu du hortik gutxira, jokalari berak sarrera bortitza egin baitio Muniaini. Ez zen lehena. Falta pitatu eta gero, baietz ematen zuen, txartela aterako ziola, gero ezetz, Pizarro keinuak egin ditu sendagilea eta masaiaria sar zitezen eta epaileak minduta zegoela ikusi duenean txartel horia atera dio. Bigarrena eta dutxara ia izerdi tanta bota barik.

Bat gehiagorekin saiatu dira zurigorriak, baina hegaletaraino joku txukuna egin duten arren, azken pasean ez dute asmatu. Adibide gisa 70. minutuan Gurpegik erdiraketa bikaina jarri du arean, baina errematatzailerik gabe. Ostean Etxeberriak Javi Martinez ordezkatu du eta Rosenbergek Marin. Gurpegi kokatu da erdirago eta David Lopez barrurago Muniain hegaletik min egiteko, min negin baitu gaurkoan… eta min egin diote berari.

Minutuak aurrera zihoazen. Etxeberriak beste pase bat egin du area txikiaren erdigunera, baina alferrik hau ere bai. Hurrengo korner batean baloia gutxigatik kanpora joan da. Llorentek gutxigatik ez du buruz errematatu 87. minutuan, baina Etxeberriaren pasea jaso eta gero, bueltaerdian eta ezkerrez Llorentek, azkenik, 2-1koa lortu du. Une batzuk itxaropenerako, baina ia astirik gabe amets egiteko, luzapenean dena, Fringsek hirugarrena penaltiz egin du eta. Talde indartsu baten aurka eta lehen zati txar baten ondorioz Multzo-faseko lehen porrota heldu da. Gutxienez multzoko beste partidan, teoriaz behintzat, emaitzarik onena gertatu da, berdinketa eta aurrera segitzeko aukerak indarrean dirau. Dena den, horretaz jarduteko aukera egongo da, igandean bertan Ligako erronka, eta ez makala, Valladoliden daukagu eta.