AD Alcorcón - Athletic Club
Final hamaseirenak
Kopa

AD Alcorcón - Athletic Club

AD Alcorcón
AD Alcorcón
01
Athletic Club
Athletic Club
  • Gurpegi 54'

KokapenaSanto Domingo , Alcorcón

Seriotasuna eta hasiera ona Kopan

Alcorconek 0 Athletic Clubek 1Athletic Clubek 0-1 irabazi dio Alcorcon taldeari Santo Domingo futbol zelaian…

Athletic Club

Alcorconek 0 Athletic Clubek 1


Athletic Clubek 0-1 irabazi dio Alcorcon taldeari Santo Domingo futbol zelaian zale zurigorri askoren presentziarekin. Gurpegik zurigorrien gola lortu du bigarren zatian eta, beraz, gure taldeak final hamaseirenetako kanporaketari bide onetik ekin dio.

Seriotasuna izan da nagusi Athleticen portaeran, batez ere iazko esperientzia eta gaurko arerioak etxean erakutsitako emaitzengatik, Kopan (Real Madril kanpoan utziz) eta Ligan, maiatzetik hona ez baitzuen etxeko partidarik galtzen.

Beharbada horregatik lehen minutuetan indarrak parekaturik egon dira eta hemezortzigarren minutura arte aukerarik ez da ikusi, eta aipatzekoa dena, Llorenteren burukada, desbideraturik joan da. Orekara iristeko talde biek joku zuzena hobetsi dute eta falten artean minutuak igaro dira. Parekotasun gehiago izateko etxekoen erantzuna buruz ere heldu da, Alberdik enegarren falta jaurtiketa kanpora errematatu duenean 23garren minutuan. Erritmo handiko eta joku gutxiko lehia zela esan daiteke.

Hala eta guztiz ere, era honetako partidatan lan eskerga egiten duen jokalari bat ate aurrean nabarmendu da gaurkoan. Korner batean Gurpegik buruz errematatu du eta atzelari batek atepean urrundu du baloia eta ordu erdia bete baino lehen Sanzek buruz langa gainetik errematatu du.

Aukerak faltan, bultzatu nahi eta kontrolatu ezin ibili dira talde biak eta zaletuek txartelak eskatzen pasatu dute atsedenaldirareko abagunerik bako minutuak. Egia esan, epaileak aukera bat baino gehiago izan du hala izan zedin.

Bigarren zatian hasi eta hiru minutura Iraolak ezkerrez jaurti du eta Raulek gelditu du. Gure taldeak beste itxura bat eman du, ekimena bereganatuz eta Alcorconek, lehen zatian bezala, joku guztia Moraren bitartez sortzen zuen, baita estrategian ere, baina Athleticek ondo landu du arlo hori ere.

Dinamika positibo honen baitan Gurpegik lehen zatian izan ez duen saria 55. minutuan eskuratu du areaz kanpoko eskuinkada bikaina zero eta batekoa bihurtuz.

Aldapaz gora, Alcorconek lehen bi aldaketak egin ditu 61garren minutuan: Carlos Martinez eta Sales Jeremy eta Montañes ordez. Hala eta guztiz ere zurigorriak ez dute atzerapausorik eman eta partida etxekoen zelaian jokatu da gehien bat, baina arrisku nabarmenik sortu gabe. Norgehiagoka amaitzeko ordu laurden bat falta zela Quini aurtengo denboraldiko golegilea Borjaren ordez zelairatu da.
Bi aurrelarirekin zelaian Alcorconekoek aurrepausoa eman dute eta Quinik partidako atera egindako lehen jaurtiketa egin du, baina Iraizozek harrapatu du. Laurogeigarren minutua zen.

De Marcosek Susaetaren tokia hartu du eta Orbaizek Martinez mindutarena. Aldaketa bien artean Llorentek buruz langa gainetik errematatu du. Azkenik Aurtenetxek Toqueroren tokia hartu du, atzeko lerroa erditik indartuz azken minutuetako baloi luzeak hobeto defendatzeko asmoz.

Garaipen garrantzitsua itzuleko partidari begira eta bultzada igandean etxean Getaferi aurre egiteko, Aitzitik, askotan gertatzen den legez, alderik txarrena ere aipatu behar da: Gurpegiri zuzendutako irainak. Behin baino gehiagotan aipatu dugu neurriak hartu behar direla, moda eta batzutan ezintasunaren oihua bihurtzen ari bait da, baina eza da txatxetarako gauza. Esaterako, irakurleak irudika dezake Euskal Herriko Itzulian bere errugabetasuna etengabe aldarrikatzen duen Contadorri bere jarduera profesionala betetzen ari den bitartean zaletu multzo askok Contadorri junkie bide bazterretatik oihuka? Irudikatu eta gero, hedabideen eta agintarien erreakzioa imajina daiteke. Ba horixe bera beharko luke oraingoan!