Athletic Club - AD Alcorcón
Final hamaseirenak
Kopa

Athletic Club - AD Alcorcón

Athletic Club
Athletic Club
20
AD Alcorcón
AD Alcorcón
  • 26' Gabilondo
  • 90' Orbaiz

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Garaipena final zortzirenetan egoteko

Athletic Clubek 2 – AD Alcorconek 0Athletic Clubek irabazi du 2-0 AD Alcorconen aurka eta…

Athletic Club

Athletic Clubek 2 – AD Alcorconek 0


Athletic Clubek irabazi du 2-0 AD Alcorconen aurka eta Kopako final zortzirenetan dago. Golegileak, Gabilondo eta Orbaiz izan dira. Gure taldeak egin beharrekoa egin du, sorpresari zirrikiturik ez utzi, itzuliko partida irabazi, golik jaso ez, eta, funtsezkoena, burua final zortzirenetan sartu. Bisitariak ez dira makalak izan eta hasierako minutuetan presio gogorra egin dute, baina gero boladak izan dituzte, Athletic menderatzeko nahikoak izan ez diren arren.

Bosgarren minututik aurrera Athleticek zegokion ekimena eskuratu du. Zazpigarrenean David Lopezek arrasean kanpora jaurti du eta hamargarrenean argia izan da aukera, baina Aurtenetxek buruz atezainaren eskuetara errematatu du.
Hala eta guztiz ere, kanpoan eguraldi petralarekin gertatzen zen bezala, ez zen giro eta gatz eta piperrik gabeko minutu batzuk bizi ahal izan dugu. Zorionez zurigorriak berriz animatu dira eta 25garren minutuan Gabilondok David Lopezen erdiraketa ona sareetara bultzatu du. Tamalez, lesioetarako tartea ere egon da, eta 34garren minutuan Igor Martinez Toqueroren ordez zelairatu da.

Alcorcon ez zen ezta hurbildu ere egiten eta gure taldeari gola baliogabetu diote jokaldi on bezain eztabaidagarrian. Dena den, Alcorconek beste bolada hartu du eta lehen zatiko azken lauzpabost minutuak ez dira errazak izan. Abagunerik argiena atsedenaldirako bi minutu falta zirela heldu da, Borjaren falta baten jaurtiketa hesian jo ondoren langa gainetik abiatu denean.

Bat eta zerokoa, protagonista askok lehiari eman dioten abizen berbera zeukan, tranpa, alegia. Gauzak horrela talde biak gogotsu zelairatu dira, baina Athleticentzat lehen aukerak izan dira, 52. minutuan Orbaizek arrasean kanpora gutxigatik jaurti du eta 54. minutuan Iraolak eta Gabilondok ezin izan dute asmatu atetik gertu zeudela.

Bisitarien txandan bisitarien norgehiagokako abagunerik argienak heldu dira. Lehen Bermudezek urrutitik egindako jaurtiketaren bitartez, eta Iraizozek ahal izan duen moduan baloia gainetik kendu du. Ostean Salesek boleaz jaurti du Iraizozek geldiketa bikaina egin zezan.

Anquelak minutu gutxitan gaueko aldaketa guztiak egin ditu: Montañes eta Rueda, Jeremy eta Hernandez ordez hasteko eta, azkenik, Quini Salesen ordez. Baloia madrildarrena zen, baina ezinegona, batez ere harmailetan, arriskua baino handiagoa zen. Gurean ere aldaketak heldu dira: Iñigo Perez 72garrenean David Lopezen ordez sartu da eta Igor Martinez eskuinaldera pasa da.

Lehia amaitzear zela Muniainek Llorenteren tokia hartu du eta euripean eta gaueko freskoari aurre eginez azken segundoetara arte geratu direnak, gaueko perla zuzenean ikusteko aukera izan dute: Orbaizen gola. Muniainek eskuinetik eginiko erdiraketa errematatu du, baina ez behar bezain indartsu, atzelariek motzean urrundu dute, aldaratzea Orbaizek kontrolatu du, burua altxatu ere, eta atzelari bat eta atezainaren gainetik baloia maisuki loratu du. Bi eta zerokoa, mahikoa final zortzirenetan egoteko, nahiz eta burua jada Almeriarengan ipinita dagoen.

Athletic Clubek honako hamaikakoa zelairatu du: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ustaritz, Aurtenetxe; David Lopez, Gurpegi, Orbaiz, Gabilondo; Toquero eta Llorente. Aulkian Raul, Iturraspe, Iñigo Perez, Balenziaga, Ion Velez, Igor Martinez eta Muniain egon dira.

AD Alcorconek honako hamaikakoa zelairatu du: Raul Moreno; Anuarbe, J. Hernandez, Babin, Bermudez; Alberdi, Ruben Sanz; F. Sales, Borja, Jeremy; D. Sanz. Aulkian Eladio; Carlos Martinez, Mora, Montañes, Quini, Rueda eta Nagore egon dira.

Epailea Gonzalez Gonzalez izan da eta laguntzaileak Sanchez eta Borras.

Eguerdian, kluben arteko bazkari ofizialean, Athletic Clubeko Zuzendaritza Batzak oroigarri bat eman dio Alcorconeko presidenteari San Mamesera eginiko lehendabiziko bisitaldia dela-eta.