Athletic Club - RCD Mallorca
Jardunaldia 4
Liga

Athletic Club - RCD Mallorca

Athletic Club
Athletic Club
30
RCD Mallorca
RCD Mallorca
  • 44' David López
  • 61' San José (p.)
  • 91' Iñigo Pérez

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Nagusitasuna

Athletic Clubek 3 Mallorcak 0Athletic Clubek 3-0 irabazio dio Mallorcari. David Lopezek, lehen zatian eta…

Athletic Club

Athletic Clubek 3 Mallorcak 0


Athletic Clubek 3-0 irabazio dio Mallorcari. David Lopezek, lehen zatian eta San Josek, penaltiz, eta Inigo Perezek, bigarrenean golak lortu dituzte. Gure taldeak hiru puntu gehiago dauka asteko bigarren partidaren ondoren eta moralez gainezka dago FC Bartzelona ahalguztidunaren aurkako lehiari begira. Partida ez da apartekorik izan, baina txapelketa on bat egiteko horrelakorik ere behar beharrezkoa dira.

Hasiera indartsua izan da, baina bakarrik hiruzpalau minutuko iraupenarekin. Gutxi gorabehera, San Josek txartel horia ikusi duen arte. Hortik aurrera erasoa salbuespena bihurtu da eta erritmo motela jaun eta jabe izan da. Athleticek, hamaikakoan 23’18 urteko batazbesteko adinarekin eta aurreko hegaletan eta euskarrian aurpegi berriekin, ez zekielako norgehiagokari erritmoa nola ezarri eta Mallorca horrela lasai-lasai bizi zelako.

Aukerak ia gura barik heldu dira, pixkanaka, eta hamabigarren minutuan Javi Martinezek ezkerrez kanpora jaurti du. Mallorcak baloia zeukan, batzutan nahiko ondo mugitzen zuen, baina area parean atzeraka egiten zuen aurreraka baino. Burukada pare bat desbideraturik konta dezakegu, eta bigarren zatian eurentzat are okerrago izan da, egia esateko Weboren burukada inozo bat kenduta, ez baitute inolako arriskurik sortu. Azken urteotan San Mamesetik pasa den talderik ahulenetariko bat izan dela esan daiteke.

Gure aldetik, lehenengo lepotik burua, jarraikortasunik ez jokoan, baina ekimena bai behintzat. Haize boladak balira bezala heldu dira zurigorrien abaguneak. Hamazazpigarrenean Iraolaren jaurtiketa ez du Aouatek behar bezala harrapatu, eta Igor Martinezek argiena izan du 38garren minutuan Llorenterekin hormarena egin ostean, baina Aouatek geldiketa bikaina egin du.

Aldi horretan gero eta nabariagoa zen Athleticen nagusitasuna. Aitzitik, gaueko lehenengo golak erarik inozoena aukeratu du markagailura igotzeko, 43garren minutuan David Lopezek irrist eginez ezkerrez erdiratu duenean alegia. Llorente errematatzera sartu da, baina baloia ez du inork ikutu eta doi-doi barrurantz abiatu da. Beraz, gutxien espero zenean atsedenaldira abantailaz abiatu gara.

Aldaketarik gabe bigarren zatiko lehen minutuak adierazgarriak izan dira oso. Kasu honetan bai, gure jokalariak partida erabakitzera irten dira. Llorentek buruz errematatu du 46garrenean, baina baloia kornerrera joan da. Bost minutu beranduago Javi Martinezek bote lasterrean gutxigatik kanpora jaurti du eta 55garrenean David Lopezek ezkerrez eta area barrutik atzelari baten gorputzaren aurka errematatu du.

Aurreko segidari jarrituz, hau da bost minuturo abagune bat, ordubetea pasa eta berehala, epaileak penaltia adierazi du, Nunesek baloia eskuz ikutu eta gero. San Josek, lasaitasun handiz, bigarrena egin du eta horrekin batera inor gutxik partidaren amaiera bestelakoa izatea espero zuen.

Laudrupek prestaturik zeukan aldaketa egin du jarraian: Webo Cendrosen ordez, Pereira eskuin lateralera pasaraziz. Gurean aldaketarako txanda ere heldu da: Susaeta Igor Martinezen ordez 72garren minutuan, De Marcos David Lopezen ordez 76garrenean eta Iñigo Perez Muniainen ordez 79garrenean.

Historia gehiegirik gabe Llorentek taldeko hirugarrena egiteko aukera izan du, bere laugarren gola lau jardunalditan izan zitekeena, baina bere baloi loratua Aouatek harrapatu du. Zaleek De Marcosi pasa ziezaion eskatu diote eta, San Mames horrela da onerako eta txarrerako, kanpotik ikusita txistu batzuk beti gehiegizkoak dira etxekoentzat, atzeko lerroarekin ere batzutan gertatzen den legez, baina tira, iritziak iritzi.

Jokaldian pasea Iñigo Perez irten berriak eman dio eta azken minutuan Iñigo Perezek berak gure taldean partida ofizialean bere lehendabiziko gola lortu du. De Marcosek “heriotzako pasea” egin dio Llorenteri, honen jaurtiketak atzelari baten gorputzean jo du eta aldaratzea erdilariarengana heldu da ezkerrez hirugarrena egin zezan. Bidezko garaipena, baina handiegia beharbada, Liga luze batean puntuak lasaitasun puntu batekin lortzea ere eskertzekoa den arren. Eta orain asteko hirugarren partida Bartzelonaren aurka, zaila baina ez ezinezkoa, eta are gutxiago etxean bertan.

Athletic Clubek honako hamaikakoa zelairatu du: Iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Aurtenetxe; David Lopez, Iturraspe, Javi Martinez, Munian; Igor Martinez eta Llorente. Aulkian, Raul; De Marcos, Susaeta, Orbaiz, Iñigo Perez, Gurpegi eta Aitor Ocio.

RCD Mallorcak honako hamaikakoa zelairatu du: Aouate; Cendros, Nunes, Ramis, Kevin; Marti, De Guzman, Pereira, Nsue, Castro; eta Cavenaghi. Aulkian Lux, Ruben, Webo, V. Casadesus, M. Crespi, Pina, Sergi E.

Epailea Teixeira Vitienes izan da.