Athletic Club - FC Barcelona
Jardunaldia 5
Liga

Athletic Club - FC Barcelona

Athletic Club
Athletic Club
13
FC Barcelona
FC Barcelona
  • 88' Gabilondo
  • Keita 54'
  • Xavi 73'
  • Sergio 91'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Onak direnek ez dute laguntzarik behar

Athletic Clubek 1- FC Bartzelonak 3Athletic Clubek 1-3 galdu Bartzelonaren aurka. Gabilondok gure taldearen gola…

Athletic Club

Athletic Clubek 1- FC Bartzelonak 3


Athletic Clubek 1-3 galdu Bartzelonaren aurka. Gabilondok gure taldearen gola egin du eta Keitak, Xavik eta Busquetsek bisitarienak. Katalunyarrek partida merezimendu osoz irabazi dute, baina Amorebietari erakutsi dioten txartel gorriak norgehiagoka markatu du.

Nondik hasi? Hasiera-hasieratik partida polita zela ikusteko, futbolak duen osagarri guztiekin? Bartzelona oso talde ona dela eta merezimenduak soberan egin dituela hiru puntuak eskuratzeko? Zaila dela behar bada munduko talderik onena hamaika hamaikaren kontra gainditzea? San Mameseko zaleek inoiz baino gehiago bultzatu dutela eta taldearen lan eskerga, bere akats guztiekin, txalotu dutela?…

Galderak airean eta erantzun aunitz ikusi berri duguna adierazteko. Mr. Pentlanden alabak sendiak lagunduta sinbolismoz beteriko ohorezko sakea egin eta gero, eta espero zen bezala, Bartzelona erasokor irten da eta lehen ordu laurdenean partida kinka larrian egon da. Geroxeago kinka larrian baino galduta izatera pasa den arren, egoera zaila gainditu da, baina unerarte Guardiolaren taldeak sortu dituen abaguneak ez dira makalak izan. Esaterako hamargarren minutuan Adrianok gora eskuinez jaurti du eta are argiagoak izan dira hurrengo biak, ia bata bestearen atzetik: Keitak bakar bakarrik geratu da 11garrenean, baina Iraizozek ondo erantzun dio eta Villak ia segituan eskuinez zutoinera jaurti du.

Zorionez Barçaren arriskua moteldu da eta gure taldeak hasierako presioa egiten ez bazuen ere, hainbatetan izerdi hotza kontrako atean isuri da. Adibidez Igor Martinezi balizko penaltia egin ei diote eta hortik gutxira, 24garren minutuan Llorentek ezkerrez areaz kanpotik bota du, baina Valdesen eskuetara eta 32. minutuan hirugarren partidaz jarraian hasierako hamaikakoan zelairatzen zen Igor Martinezen boleak atzelari baten gorputzean jo du kornerrera abiatu baino lehen.

Tarte horretan Pedroren zartakoa eta Iraizozen erantzun bikaina konta ditzakegu soilik, baina “onena”, eufemismoa da jakina, etortzear zen. Partido guztiek inflexio puntua daukate eta gaurkoan zein izan den asmatzea erraza da oso. Lehen zatia amaitzeko hamar minutu falta zirela Amorebietari zelai erdian baloia luze irten zaio eta berreskuratzeko asmoz sarrera gogorra egin dio baloi bila ere zetorren Iniestari. Sarrera, esan bezala, gogorra izan da, baina arrasean, baloi bila, esferikoa ikutuz eta baloia eta arerioa ekortuz.

Hortik aurrera denetarik esan daiteke eta ziur gaude datorren hilabetean Fundacion Athletic Club Fundazioak antolatuko dituen futbola eta literaturari buruzko mahai-inguruetan tartea izan zezakeen. Lehenengo eta behin Lahoz epaileak erakutsi duen txartel gorria gehiegizkoa izan dela esan daiteke, sarrerarengatik beragatik, norgehiagokaren giroagatik, unerarte gogorra ez zelako inondik-inora eta gaurko epaileak, ohikoa den legez ikuskizunaren onerako, oso falta gutxi seinalatzen zuelako.

Aitzitik , hedabideen grabitatearen legea Amorebietaren buru gainean jauzi dela esan daiteke, Messiri egin zioten sarreraren osteko lehendabiziko astea bete barik, eta aste barruan Galani tokatu zitzaion bezala, oraingo honetan betikoek erronda ordaindu behar izan dute. Bigarrenez, hona hemen literaturarako tarte paregabea, Bartzelonakoen erreakzioa ona izan da oso epaileak hartu duen erabakiari begira: eskuak buruan, ohetila epailea baino lehenago eskatu eta baten bat bere areatik, atezaina kasu, bidegabekeriaren tokira ia epailea baino azkarrago heldu da.

Hortik aurrera, bisitarien nagusitasuna nabaria izan da oso eta, betiko legez, guztion ahotan betiko leloa/galdera: Bartzelona bezalako talde on batek horrelakorik behar al du? Erantzuna norberaren buruan egon dadila. Minduta, baina gogotsu, aldaketa eta inorentzako min gehiagorik gabe amaitu da lehen zatia. Gurpegi zentralera pasa da eta Orbaiz eskuinaldera, baina atsedenaldian bere tokia Ociori utzi dio eta Igor Martinezek gauza bera egin behar izan du aldageletan zorabioa sentitu eta gero.

Ez zuen ezer larririk, baina hobe zen De Marcos taldekideari lekua uztea, lan eskerga espero baitzen bigarren zatiari begira. Gauzak horrela, Gurpegi berriro zelai erdira itzuli da, De Marcos bere aurretik eta Llorente bakar bakarrik aurrean.
Barçan aldiz, Maxwell Adriano mindutaren ordez zelairatu da.

Aurkariaren jarduera ikusita, gola jasotzea denbora kontua zela zirudien arren, hasierako minutuetan Barça baloia izan du, baina ez da eroso sentitu eta Athletic Clubek aukera paregabea izan du markagailuan aurrea hartzeko 50. minutuan, Javi Martinezek zutoinera jaurti duenean. Partida orekatuta zegoen oraindik, baina minutuak aurrera joan ahala Bartzelonak bere legea ezarri du, baloia pazientziarekin mugituz, orain motzean, orain joku aldaketa zehatzak eginez, orain banako jokaldien bitartez…

Eta aurrekoa gutxi bazen, Piquek ere urrutitik behin baino gehiagotan frogatu du. Lehendabizikoan baloiak bote txar eman du, Iraizozek ozta-ozta kornerrera desbideratuz. Presioa gero eta nabariagoa zen eta 54. minutuan pronostikorik txarrenak bete dira: Keitak Villaren pasea jaso du eta ezkerrez eginiko ukitu bigunaren bitartez Iraizozen irteera doi-doi gainditu du. Hortik gutxira Iraizozek geldiketa bikaina egin du Pedroren aurrean. Piquek aurrekoa errepikatu du eta Iraizozek berriro ere desbideratu du.

Piquek berak protagonista izaten segitu du eta txartel horia ikusi eta gero epailearen aurrean etengabeko protesta eta mintzaldian segitu du, epaileak hainbatetan eta hainbat jokalari ospetsuen aldetik onartu duena, hots, partida irratiz eskainiko balute bezala. Klaseak klaseak dira, jakina.

Soropilean Athleticek baloia azkarregi galtzen zuenez gero, gola egiteko ahaleginak noizbehinkakoak ziren, adibidez ordubeterako De Marcosek Valdesen eskuetara jaurti duenean.Bartzelonak bereari eutsi dio: Villak kanpora jaurti du 62garrenean, Iniestak zutoinera 64garrenean eta geroago Villak, buelta erdian, Iraizozen eskuetara.

Aldapaz gora, Iturraspe Llorenteren ordez irten da zelai erdia indartzeko asmoz, baina 73garren minutuan bisitarien bigarren golarekin lehia erabakita geratuko zela zirudien. Xavik areaz kanpotik jaurti du eta baloia atzelari baten gorputzean jo eta gero, sareetara joan da.

Taldeak ez zuen nahi eta ez zuen merezi zigor handiagoa eta emaitza zero eta bikoa izango zela zirudien. Guardiolak Bojan eta Thiago, Iniesta eta Xaviren ordez zelairatu ditu lehia amaitzeko hamar minutu falta zirela, gura barik literaturarako tarte berri bat zabalduz. Alde batetik Mundialaren inguruan asko idatzi delako eta horren ondorioz jokalari batzuk status berri bat omen dutelako, ikutuezinak bailiran, gehiegikeria edota joku zikina hitzak euren hiztegietan existituko ez balira bezala, eta, beste alde batetik, literatura franko idatzi delkoa San Mameseko zaleen jakinduriari buruz, aspalditik Katedraletik ohore guztiekin dutxara abiatu diren arerioen zerrenda amaigabea baita. Urrutiegi joan gabe eta irakurlea aspertzeko asmo barik, eta beti zale askoren fobia eta loturaren gainetik, esaterako Juanito, Laudrup, Cruyff, Michel, Stoichkov… eta baita Iniesta bera edota Villa ere txalo artean aldageletara abiatu dira, baina gaurkoan ez da horrela gertatu, Iniestaren antzezlana somatzen zelako edo haren bitartez epailearen izpiritua nolabait zigortzeko asmoz.

Beraz, behin San Mameseko zaleak aintzat hartuz gero, onerako eta txarrerako izan dadila, Villarekin 87garren minutuan gertatu den bezala, Gurpegiri zaplastekoa eman eta gero. Minutu gutxitan bada ere, hamar hamarren kontra geratzea pizgarria izan da gure jokalarientzat eta azken minutuan Ocioren pasea arearantz Javi Martinezek buruz errematatu du, Valdesen aldaratzea De Marcosek area ertzera itzuli du, Gabilondok eskuinez bat eta bikoa ezar zezan.

Betiko moduan bihotz zurigorriak zeukan guztia azken unerarate eskaintzen ari zen, eta, ia betiko moduan, kalitatea duen arerioak azken ahalegina aprobetxatu du kontraerasoan partida, oraingoan bai, erabakitzeko Busquetsen golaren bitartez. Esan bezala, egungo Ligako txapeldunak garaipenak merezi izan du, baina eurentzat ere partida ona egin eta gero “Asi gana el Madrid” entzutea mingarria beharko luke. Ea larunbatean Valentzia egungo liderraren aurka literaturaz baino, puntuetaz idatz dezakegun, ala galduz gero bidezidorrik gabe den.

Athletic Clubek honako hamaikakoa zelairatu du: Iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Aurtenetxe; Gurpegi, Javi Martinez, Orbaiz, Gabilondo; Igor Martinez eta Llorente. Aulkian Raul; David Lopez, Iturraspe, De Marcos, Susaeta, Aitor Ocio eta Muniain egon dira.

FC Bartzelonak honako hamaikakoa zelairatu du: Valdes; Alves, Puyol, Pique, Adriano; Xavi, Busquet, Keita; Pedro, Villa eta Iniesta. Aulkian Pinto, Bojan, Jeffren, Mascherano, Milito, Maxwell eta Thiago egon dira.

Epailea Mateu Lahoz izan da eta laguntzaileak Yuste eta Cebrian izan dira.