Valencia CF - Athletic Club
Jardunaldia 6
Liga

Valencia CF - Athletic Club

Valencia CF
Valencia CF
21
Athletic Club
Athletic Club
  • 11' Aduriz
  • 91' Vicente
  • Gabilondo 92'

KokapenaMestalla , Valencia

Lehen zati eskasak partida erabaki du

Valentziak 2 Athletic Clubek 1Athletic Clubek 2-1 galdu du Mestallan Valentziaren aurka. Adurizek eta Vicentek…

Athletic Club

Valentziak 2 Athletic Clubek 1

Athletic Clubek 2-1 galdu du Mestallan Valentziaren aurka. Adurizek eta Vicentek etxekoen golak egin dituzte eta Gabilondok, faltaz, zurigorrien gola lortu du. Aurpegi biko partidaren definizioa behin bilatuz gero, Valentziaren aurkako partida honetan erraz topa dezakegu. Lehen zatian taldea ez da normalean zelai gainean agertzen dena eta azterketarako gera daiteke gakoa: etxekoen meritua ala bisitariaren gabeziak? Arrazoiak arrazoi, Valentzia hasieratik jaun eta jabe izan da. Ostean, bigarren zatian gauzak konpontzen saiatu denean, ezagutzen dugun taldearen antzarekin, alferrikako lana egin da, baina bestelakoa izan da oso ikusi ahal izan dena.

Gauzak ez dira ondo hasi. Taldea atzean sartuta, erreakzionatzeko gaitasunik gabe, Llorentek txartel horia zazpigarren minutuan ikusi du eta, etortzear ei zena heldu da hamaikagarrenean, bat eta zerokoa. Enegarren saiakeraren ondoren, Soldado eskuinetik arean sartu da, erdiratu du eta Adurizek buruz esferikoa sareetara bidali du.

Erreakzionatzeko nahia, nahia baino ez da izan. Orbaiz eskumalderantz mugitu da eta Gurpegik zentratuago jokatu du. Nahiz eta Llorente gutxigatik ez den iritsi Igor Martinezen erdiraketa errematatzera, partidaren norabidea beste arearantz zihoan. Esaterako Matak ez du aprobetxatu 19. minutuan Pabloren lagapena eta segituan Topalek areaz kanpotik ezkerrez gutxigatik kanpora jaurti du,
Pablok 24garrenean eskuinez jaurti eta Iraizozek oinarekin desbideratu du eta Adurizek, zalantzazko egoeran, berebiziko aukera izan du 37garrenean, baina eskuinez kanpora gurutzatu du.

Okerrena ez zen arerioaren nagusitasuna, edozein partidan gerta daitekena, baizik eta gure ezintasuna baloi jabetza behar den moduan kudeatzeko. Gutxienez lehen zatiko azken hamar minutuetan taldea nolabait berpiztu da, hainbat jokalditan baloia ondo mugitu du, baina azken erdiraketan asmatu barik. Hala eta guztiz ere, lehen zatiko nagusitasuna Valentziarena izan da, argi eta garbi, eta azken unean bertan Adurizek beste aukera bat izan du, kanpora jaurtiz.

Aldageletatik bueltan Susaeta Orbaizen ordez sartu da. Lehen uneotan bazirudien panorama ez zela aldatuko, Valentzia erasokor irten baita, baina oraingoan bai, taldeak egoerari buelta emoteko gaitasuna erakutsi du. Llorentek buruz Cesarren eskuetara errematatu du 50garren minutuan eta bi minutu geroago Gurpegik eskuinez kanpora bidali du.

Soldadok, gurutzatuegi jaurtiz, bigarren zatiko etxeko taldearen lehena izan du, baina ekimena zurigorria zen, gaurkoan taldea beltzez jokatu behar izan duen arren. Ordubeterako Toquero Igor Martinezen ordez zelairatu da eta marrazkiak bere horretan segitu du.

Bestelako irudia zen, zalantzarik gabe, baina apur bat falta zitzaigun. Gauzak gehiago zailtzeko, aurreko jokaldian Javi Martinezek mina hartu du, Cesarrekin tupust egitean.

Emeryk jada ez zuen argi ikusten eta taldeari arnasa emoten saiatu da: Vicente Mataren ordez. Pablok Iraizozen eskuetara ezkerrez jaurti du eta hortik gutxira, 67garren minutuan Muniainek Javi Martinez mindutaren ordez berdeguneratu da.

Gabilondo euskarrian kokatu da eta Muniain ezker hegalean, baina askatasunarekin ezein tokitik mugitzeko. Athleticek gorago presionatzen zuen, ez zuen amorerik emoten, baina ez zen eguna. Adibidez, 70garren minutuan Susaetaren jaurtiketa ona zirudien… baina Llorenteren gorputzean jo du. Valentzia ez zegoen eroso eta bertako zaleak are gutxiago. Gezurra dirudi, baina Lehen Mailako lidergoan egoteak ez omen ditu Mestallako ohiko bisitariak asetzen.

Partida hainbat pasartetan trabatu egin da. Aurtenetxek horia ikusi du eta baita Soldadok ere eta badaezpada, beroegi zen, Emeryk Dominguez bere tokian sartu du, eta zelairatu berria zaleen gustokoena ez dela frogatzeko minutu gutxi behar izan du. Bitartean gura jokalariek amorru biziz erasoari ekin diote: Cesarrek ez du baloia behar bezala harrapatu, baloia solte geratu da, baina errematatzailerik ez. Kornerra atera da eta atezainak, marra gainetik, ukabilez urrundu du.

Jo eta ke zebilela, Athletic gero eta espazio gehiago uztera behartuta zegoen eta Valentzia, nekatuta edo, ez zuen abagune garbirik sortzen. Pablo Hernandezek bitan jaurti du eta bietan Iraizozek lasai harrapatu du, Pablok aldageletaraino doan bidea hartu duen arte, Feghouliri lekua utziz. Geurean, dinamika bera. Beste adibide bat, Toquerok ezkerrez lekutara bidali du area marratik, Susaetari utzi beharrean.

Denbora agortzear zela-eta, kontraeraso batean Dominguezek Vicenteri pase ona eman dio eta bigarren zatian sartu denak azken minutuan lasaitasunez bigarrena egin du. Sasi guztien gainetik, gure taldeak joku ona edo txarra egin dezake, asmatu ala ez, baina zorionez partidak azken segundura arte borrokatzen ditu. Seitik erdia galdu du, hots, hiru, bitan 1-2, eta bestean 1-3, baina hiruretan arerioa 0-2 ipini da aurretik eta hiruretan luzapenean Athleticek gola egin du eta, une batez bada ere, hiruretan berdinketarekin amets du eta gaurkoa ez da salbuespena izan. Gabilondok hesiaren gainetik falta maisuki jaurti du eta Cesarrek ezin izan du gola ekiditu. Bi minutu gehiago bultza eta bultza eta kontsolamendu eskasa, baina horra hor beharrezkoa den izpiritua, pena lehen zatiko zama astunegia izan den.

Beharbada okerrena da aste bi pasatu behar direla Ligari berrekin arte, baina atsedenaldi guztietan ezin da irabazi. Ea gutxienez minduta dauden Javi Martinez edota Ustaritz berreskuratzeko astia dagoen.