Athletic Club - UD Almería
Jardunaldia 11
Liga

Athletic Club - UD Almería

Athletic Club
Athletic Club
10
UD Almería
UD Almería
  • 10' Llorente

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Sasi guztien gainetik

Athletic Club 1-UD Almeria 0Athletic Clubek 1-0 irabazi du. Llorentek lortu du gola hamargarren minutuan…

Athletic Club

Athletic Club 1-UD Almeria 0


Athletic Clubek 1-0 irabazi du. Llorentek lortu du gola hamargarren minutuan meritu handiko garaipena erdiesteko, gure taldeak norgehiagoka bederatzi jokalariekin amaitu baitu, Koikilik zein Castillok txartel gorria ikusi baitute. San Mameseko zaleek harmailak sutan ipini duen epailearen lana kritikatu dute, baina batez ere taldeari izugarrizko sostengua eman diote unerik zailenetan.

Azken finean, Athleticeko zalea izateagatik harro egoteko moduko partida gaur San Mamesen ikusi duguna, talde honen jokalaria eta jarraitzailea izatea zer den adierazten duena, norgehiagoka “arrunt” bat barne sentimenduak azalarazteko baliogarria izan da azken finean.

Lehia ziztu bizian hasi da eta, teoriaz behintzat, primeran gure taldearentzat. Penaltia egin diote Carlos Gurpegiri eta txartel horia erakutsi diote Juanma Ortizi, baina pozak gutxi iraun du. Diego Alves ondo baino nabarmen aurreratu da San Joseren jaurtiketa desbideratzeko. Errepikatu behar zen baina epaileak ez du horrela deliberatu. Athleticek ez du kolpea gehiegi nabaritu eta berdin segitu du, jo eta ke presionatzen eta jokoa sortzen. Oso azkar, hamargarren minutuan, Llorentek bat eta zerokoa eskuinez egin du Toqueroren tokia hartu duen Igor Martinezen erdiraketa errematatuz. Alvesek be ikutu du, baina ez indar nahikoarekin.

Zurigorriak jaun eta jabe ziren eta Almeriak, bere ohiko eskema Athletici aurre egiteko nabarmen aldatu duela, ezin zuen tajuzko erantzunik eskaini. Goitik eta behetik, nagusitasuna erabatekoa zen. Muniainek korrikaldia Llorenterekin egin du, baina honen jaurtiketa kanpora joan da, 19garren minutuan Susaetak gora errematatu du.

Askotan gertatu den legez, inozoa zirudien txartelak garrantzia hartu du aurrerantzean. Koikiliri horia erakutsi diote falta ere izan ez den jokaldian, eta gero Koikilik berak langa gainetik 28garrenean jaurti du. Gurpegik bere bosgarren horia ikusi du, orain helegitetarako zirrikiturik uzten ez duena, Bernabeun egotea galaraziko diona. Llorentek buruz gutxigatik kanpora burukada egin du berrogeigarrenean. Bakarrizketa hutsa, baina arratsaldea lasaiegia zebilen eta betikoa, edo azken bolada honetan behintzat, gertatu da. Lehen zatiko azken minutuan Koikiliri Ulloari elastikotik tira egiteagatik bigarren horia erakutsi diote eta beste partida bat hasi da.

Bigarren zatiari ekiteko, Castillo Igor Martinezen ordez irten da. Muniain erdirago kokatu da 4-3-2koa eginez. Hasieran Almeriak partidako lehen abagunea sortu du (norgehiagoka osoan bi izan dira) areaz kanpoko jaurtiketaren bitartez, baina Athleticek ondo erantzun du, bat gutxiagorekin jokatzen ez zekiela gezurtatuz. Gainera, abaguneak zurigorriak izan dira: Muniainena 51garrenean eta ostean balizko penalti egin diote Llorenteri, baina dirudienez kupoa beteta zegoen jada. Ostean Iraolak areaz kanpoko zartakoa bidali du eta Alvesek ondo desbideratu ere. Jendea pozik, eta aldi berean gero eta beroago.

Almeriaren bigarren aukera Goitomek izan du, baina Iraizozen erantzuna ona izan da oso. Hori bai, 62garren minutuan gola baliogabetu diote Jakobseni jokoz kanpo zela. Vargasek txartel horia ikusi du, gehiago izan zitekeena, eta Michelek gero. Athletic egoera nolabaiteko lasaitasunez kudeatzen ari zen.

Martinezek buruz langa gainetik 66garrenean errematatu du eta 68garrenean gorria Castillori…. Goitomi bultzatzeagatik, azken atzelaria omen zela… Kasualitatez, ordu batzuk beranduago antzeko jokaldia ikusi da Camp Noun, ondorio ezberdina izan bada ere. Ia automatikoki, Lillok hiru aldaketak batera egin ditu, andaluziarren hamaikakoan ohikoak diren Piatti, Corona, Crusat berdegunera, Silva, Goitom eta Vargasen ordez. Ufffff… zirkoan legez, gero eta zailago. Gurpegi atzerago sartu da behin-behineko ezker atzelari gisa eta hortik zebilela baloia gorputzean eta gero eskuan jo dio eta horra hor epaileak Athletic zortzirekin uzteko zeukan aukera paregabea…, 73garrenean Gabilondo Susaetaren ordez sartu den arte. Bromazaleek ezker atzelari asko egotearen arrazoia topatu ei dute.

Bitxia bada ere, gure taldeak ez du estutasun gehiegirik pasa, zaleekin bat lan eginez, aldeko falta edota ateko sakeak behar bezala luzatuz eta kronometroari so. Arauzko denbora amaitzeko bost minutu falta zirela David Lopez Muniainen ordez zelairatu da, gazte iruindarra San Mameseko zaleen agur beroa jasoz, hortik gutxira haren gainerako taldekideekin batera partekatzeko aukera izan duena. Sasi guztien gainetik Athleticeko zer den ederto ikusteko parada izan dugu gaurkoa, baina garestiegi ordainduta, alde batetik Real Madrilengana joateko hiru jokalari galtzen direla eta beste alde batetik epaileen inguruko polemika berpizten delako… galdu gabe ere… eta nonbaiten entzun behar ere gaurko kaltetua Almeria izan dela. Eta larunbatean non eta Santiago Bernabeun gurekiko estatistikarik txarrena duena epailea zain dugunean. Bitartean ahaleginarengatik zapore goxoagoa duten hiru puntuekin goza ditzagun.

Athletic Clubek honako hamaikakoa zelairatu du: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ustaritz, Koikili; Susaeta, Gurpegi, Javi Martinez, Muniain; Igor Martinez eta Llorente. Aulkian Raul, David Lopez, Gabilondo, Orbaiz, Iñigo Perez, Ion Velez eta Castillo egon dira. Iturraspe, Balenziaga, Toquero eta De Marcos deialditik at geratu dira.

UD Almeriak honako hamaikakoa zelairatu du: Diego Alves; Michel, Marcelo Silva, Jacobsen; Mo, Bernardello, Vargas; J. Ortiz, Goitom eta Ulloa. Aulkian Esteban; K. Uche, Crusat, Diego Valeri, P. Piatti, Corona eta Santi egon dira.

Epailea Velasco Carballo izango da, eta laguntzaleak Alonso eta Andres izan dira.