Athletic Club - Real Racing Club de Santander
Jardunaldia 19
Liga

Athletic Club - Real Racing Club de Santander

Athletic Club
Athletic Club
21
Real Racing Club de Santander
Real Racing Club de Santander
  • 7' J.Martínez
  • 9' Muniain

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Soropil berria eta hiru puntuak, primeran

Athletic Clubek 2 Real Racing Clubek 1Athletic Clubek 2-1 irabazi dio Racingi. Javi Martinezek eta…

Athletic Club

Athletic Clubek 2 Real Racing Clubek 1


Athletic Clubek 2-1 irabazi dio Racingi. Javi Martinezek eta Muniainek golak egin dituzte lehen zatian eta Ivan Boladok bisitariena, bigarrenean. Berri onak lehen itzulia amaitzeko: Soropil berriak primeran erantzun du, hiru puntu gehiago erdietsi dira eta taldea gora begira dago bigarren ahaleginari ekin baino lehen, 57 puntu jokoan baitaude oraindik. Eta gaurkoari dagokionez, askotan gertatu den bezala, bi aurpegiko partida ikusi dugu etxeko bolada ona berreskuratu den egunean, oso ona lehen zatian, eskasagoa bigarrenean, kontuan hartuta Llorenteren zein Ocioren lesioek ere eragina izan dutela.

Lehen uneotan presio aurreratu ona egin du Racingek, baina oraingo honetan bai, Athletic Clubek aspaldiko partez, norgehiagoka azkar bideratu du. Seigarren minutuan Javi Martinezek buruz bat eta zerokoa ezarri du David Lopezen falta Jaurtiketa buruz errematatuz, Malagan sartu zuen gola kasualitate hutsa ez zela erakutsiz.

Aurrekoa gutxi balitz, berehala Muniainek, hamargarren minutuan, jokaldi on baten ondorioz, Toqueroren pasea sareetara bidali du eskuinkada bikainaren bitartez. Baloia angelutik sartu da eta jokaldian soropil berriaren egoerak eragina izan duelakoan gaude. Bi eta zero eta dena bideratuta zirudien arren, lan eskerga egiteke zegoen. Segidan Munitisek txartel horia ikusi du eta partidan zehar merezimenduak bigarrena ikusteko egin badu ere, zelaia luzapenean utzi du txartel gorri zuzenaren ondorioz Javi Martinezi ukalondoko bat eman eta gero.

Aldapaz gora zela, Racing aurrera joaten saiatu da, baina hurrengo aukera Llorenterentzat izan da, David Lopezen erdiraketa buruz gutxigatik kanpora errematatuz. Espazioak zabaltzen ziren gure jokalarientzat, zelaian hobeto ipinita eta nahiko sendo atzean, Ocio-Ekiza bikote berriarekin. Aukerak, unerarte, gureak ziren. Esaterako Gurpegiren azken pasea errematatzera Llorente ez da gutxigatik heldu eta Toqueroren burukada Toñok harrapatu du.

Halaz ere, ordu erdiaren parean bisitariak bizirik zeudela ikusi ahal izan dugu. Munitisek aukera paregabea izan du, baina Iraizoz gainditu ostean langa gainetik jaurti du, hurrengoan Kennedyk oso urrutitik langara jaurti du eta hortik gutxira Rosenbergen jaurtiketa iraizozek desbideratu ahal izan du. Munitisek bigarren horia ikusteko meritoak egin ditu 34garrenean kontraerasoa eskuarekin moztu duenean, batez ere pasa den astean San Joseri erakutsi zioten txartel horia kontuan hartuta.

Zorionez aztoratuta ibiltzea bospasei minutuko gauza izan da, David Lopezek zutoinera faltaz 36garrenean jaurti duen arte. Atsedenaldira arte bizi den aztoramendua falta horretan ere izan du oinarria, Llorentek zerbikaletan kolpe bat hartu baitu eta
erdipurdi ibili da aldageletara abiatu bitartean. Ostean Igor Martinez bere ordez zelairatu da.

Bigarren zatian dena aldrebestu da. Racingek lehenean egin duen moduan, lehen bizpahiru minutuetan Athleticek ekimena hartu du, baina ahuntzaren gau erdiko eztula izan da. Portugalen mutilek zertxobait gehiago egin behar zuten punturik urratzeko eta ekimena eureganatu dute. Rosenbergek arrisku handiko jaurtiketa egin du, kornerrean amaitu dena. Berehala arazoak biderkatu dira, Ociok, lehen zatian minduta ostikada galanta jaso ondoren, Ustaritzi lekua utzi behar izan baitio 55garrenenean.

Orduan Ivan Bolado Adrianen ordez sartu du Portugalek, Munitis ezker hegalera eramanez. Dena den, Gurpegik buruz aukera izan du 64. minutuan, baina 65garrenean Rosenbergek baloi luzea ezin izan du gauzatu, Iraizoz tartean sartu delako. Hainbat jokalditan behar bada gure jokalariek konfiantza gehiegi erakusten ari ziren, zaleak ere nolabait kutsatu dira, baina partidak gauzak bere lekuan ipin ditu. Sartu berriak 71garrenean buruz kanpora errematatu du korner baten jaurtiketan eta Boladok berak 73garrenean buruz 2-1koa egin du, errematatzean bakar bakarrik zela.

Zurigorriek uzta oparoa galtzeko arriskua somatu dute, aurrerapausoa emanez. Javi Martinezek buruz altuegi errematatu du lehia amaitzeko ordu laurden bat falta zela, baina garrantzitsuena ez da hori izan, baizik eta Racing gure areatik kanpo edukitzea, Henriqueren burukada desbideratu bat kenduta, eta, bide batez, partidaren erritmoa ezartzea. Susaeta Toqueroren ordez 79. minutuan zelairatu da, baloi jabetza luzeagoa izan zedin eta nobedaderik gabe igaro dira minutuak, luzapenaren hasieran epaileak txartek horia Javi Martinezi erakutsi dion arte. Ia ia aldi berean Munitisek ukalondoko argia eman dio Martinezi txartel gorri zuzena ikusiz. Bost minutu luze beranduago urteko lehen garaipena jada etxean zen eta, orain bai, hurrengo asteleheneko partidarengan arreta ipini dezakegu. Ea bederatzi egunekin zauriak sendatzeko nahikoa den.

Athletic Clubek honako hamaikakoa zelairatu du: Iraizoz; Iraola, Ocio, Ekiza, Koikili; David Lopez, Gurpegi, Javi Martinez, Muniain; Toquero eta Llorente. Aulkian Raúl; Ustaritz, De Marcos, Gabilondo, Susaeta, Orbaiz eta Igor Martinez.

Racingek honako hamaikakoa zelairatu du: Toño; Pinillos, Torrejon, Henrique, D. Cisma; Kennedy, Colsa, Lacen, Adrian; Munitis; eta Rosenberg. Aulkian Mario, Christian, Osmar, I. Bolado, Francis P., Ariel eta Ramon.

Epailea Ramirez Dominguez da.