- Hasiera
- Taldeak
- Athletic Club
- 2010-11
- Athletic Club - Hércules CF
Athletic Club - Hércules CF
- 5' J.Martínez
- 59' Llorente
- 63' Muniain
KokapenaSan Mamés , Bilbo
Garaipen garbia bigarren itzulia hasteko
Athletic Clubek 3 Herculesek 0Athletic Clubek 3-0 irabazi dio Herculesi. Javi Martinezek buruz, bosgarren minutuan,…
Athletic Clubek 3 Herculesek 0
Athletic Clubek 3-0 irabazi dio Herculesi. Javi Martinezek buruz, bosgarren minutuan, egin du lehen gola eta Llorentek eta Muniainek beste biak bigarren zatian. Garaipen ona gure taldeak erdietsi duena astelehenetako estrainaldian bigarren itzuliari ekiteko, nagusitasun eta merezimendu osoz, sasi guztien gainetik, partida bi etxean elkarren segidan irabaztea posiblea dela erakutsiz eta estatistikarako Hercules taldeari San Mamesen garaipena ezagutu gabe utziz, beste denboraldi batez bederen. Egun taldea seigarren dago, baina egun hor egoteak ez du ezertarako balio, gora etengabe begiratzeko ez bada.
Teoriaz behintzat ez ei zen giro, hotza dela eta, baina zaleek erantzun duten moduan, taldeak hasieratik indartsu zelairatu da eta tapaukak beroa emateko baino, haizea astintzeko balio izan du. Partida hasi eta berehala gauzak nondik nora joango ziren aurreikusi da: Athletic erasora! Lehendabiziko minutuan Llorentek ezin izan du ondo errematatu, oinarekin, burua une erabakigarrientzako gorde baitu.
Bitartean jokaldi eztabaidagarriak hasi dira eta, egiari zor, emaitzak baino haratago, gaur tokatu zaigun epailearekin ez dugu zorte gehiegirik. Lehengo eta behin Fritzlerrek eskuarekin nabarmen moztu du baloia eta zaleak haserretu egin dira.
Dena den etxekoek bereari eutsi diote. Hurrengo erdiraketa Toquerok egin du eta Calatayudek, hala nola, kornerrera desbideratu du. David Lopezek atera eta Javi Martinezek buruz gola egin du bosgarren minutuan… eta aterantz begira gainera. Une horretan hamalaugarrena zen buruz Liga honetan… eta hamabosgarrena iritsiko zen ere.
Epaileak Cortesi txartel horia erakutsi dio, bigarren hanka sartze larrirako ateak pare parean irekiz. Jokoan Athletic errez zebilen, baloia edukiz eta mugikortasun asko erakutsiz. Hamahirugarrenean David Lopezek areaz kanpotik jaurti du eta Catalayudek kornerrera urrundu du. Ostean Muniainek, areaz kanpo ere, desbideraturik jaurti du.
Jarraian Cortesen sarrera Muniaini… epaileak bere bigarrena egin du txartela Fritzlerri erakutsiz! Hercules behetik markagailuan, baina bederatzi jokalarirekin egon beharrean hamaikako osoa mantentzen zuen. Partidak ez du etenik izan. Muniainen banako jokaldia… kornerrera, Koikilik ezkerrez gutxigatik kanpora errematatu du eta Toquerok ezin jaurtiketa hori barrura desbideratu…
Halaz ere, betiko moduan Athleticek ere arnasa hartu behar du eta Herculesek lehen aukera, ia bakarra, izan du Valdezek buruz 37garrenean errematatu duenean, baina Iraizozek baloia urrundu du. Athleticek, dena den, ez dio arerioari denbora gehiegi berrantolatzeko eta berrogeigarrenean kontraeraso polita, eskoletan ikasteko baliagarria izango zen, baina Llorenteren azken errematea lekutara abiatu da.
Bigarren zatiari ekiteko Orbaiz Gurpegiren ordez sartu da. Zurigorrien marrazkia ez da mugitu eta bisitarienean jokalari berberak zelairatu diren arren, Haedo Valdez ezkerraldetik erdirantz jo du. Betiko zalantza, zorionekoa, Athletic atsedenaldira irabazle erretiratzen denaren seinale, hauxe zen: zer-nolako jarrera ikusiko genuke, etsaiaren zain ala aurkariaren bila? Bigarrena tokatu zaigu. Athletic lehen zatian bezala zelairatu da eta berrogeita hamargarren minuturako Toquerok buruz langara errematatu du Orbaizen erdiraketa. Hortik gutxira kontraeraso batean Valdezek ezustekoa eman du jada dutxan beharko lukeen Cortesen erdiraketa kanpora bidaliz, Iraizozi aurrea hartu eta gero.
Horixe izan da bigarren zatian Herculesek izan duen abagune bakarra. Ustekabeko gehiagorik ez zuen nahi gure taldeak eta bigarren golaren bila abiatu da, burubelarri. Aukera batzuk Javi Martinez, Toquero eta San Joserentzat heldu dira, baina soberan merezitako saria ordubeterako heldu da, Athleticek izugarrizko jokaldia egin eta gero. Orbaizek eskuinaldera ireki du baloia, Toquerok atzerako zegoen Iraolari utzi dio, horrek baloia itzuli dio, Toquerok sakonean baloia sartu eta Iraolaren erdiraketa Llorentek buruz sareetara bidali du. Lan erdia, edo gehiago, eginda zegoen.
Esteban Vigok Rodriguez eta Cristian, Paz eta Fritzlerren ordez atera ditu, baina ez dute denborarik izan pizgarriak izateko. Hiru minutu baino ez dira pasa, Munianek baloia lapurtu duenean eta Calatayuden irteera gainditu du hirugarrena ezartzeko.
De Cerio San Mameseko berdegune txukunera itzuli da Llorenteren ordez. Portillok Tiago Gomesen tokia hartu du, baina alferrikako lana izan da, 75garrenean Valdezek buruz Iraizozen eskuetara egin duen burukada barne, eta Gabilondo Muniain ordez zelairatu da. Athletic laugarrenarena lortzen saiatu da, baina gaur ez zen beharrezkoa. Taldeak erantzun paregabea eman du, golak banatu egin dira, jokoa behetik eraiki da eta erregulartasunak eta goian egoteko gogoak taldea helburu politak lortzeko borrokan azkeneraino mantendu beharko lukete. Hala bedi.
Athletic Clubek honako hamaikakoa zelairatu du: Iraizoz; Iraola, San Jose, Ekiza, Koikili; David Lopez, Gurpegi, Javi Martinez, Muniain; Toquero eta Llorente. Aulkian Raul; Ustaritz, De Marcos, Gabilondo, Susaeta, Orbaiz eta Diaz de Cerio.
Herculesek honako hamaikakoa zelairatu du: Calatayud; Cortes, A. Paz, Pamarot, Peña; Rufete, Fritzler, A. Aguilar, Tiago Gomes; Valdez eta Trezeguet. Aulkian Unai Alba; Cristian, Portillo, Tote, Sendoa, Kiko eta Rodriguez.
Epailea Undiano Mallenco izango da.