Atlético de Madrid - Athletic Club
Jardunaldia 21
Liga

Atlético de Madrid - Athletic Club

Atlético de Madrid
Atlético de Madrid
02
Athletic Club
Athletic Club
  • Toquero 45'63'

KokapenaVicente Calderón , Madrid

Garaipen argia gora begira segitzeko

Atletico Madrilek 0 Athletic Clubek 2Balio handiko garaipena erdietsi du Athletic Clubek Vicente Calderonen Atletico…

Athletic Club

Atletico Madrilek 0 Athletic Clubek 2


Balio handiko garaipena erdietsi du Athletic Clubek Vicente Calderonen Atletico Madril 0-2 menderatuz. Gaizka Toquerok gol biak egin ditu, biak Iraolaren erdiraketen ondorioz. Garaipenari esker, gure taldeak, Atletico Madrilekiko gol diferentzia alde ipintzeaz gainera, partida ona egin du, aspaldiko partez, handiak bezala kontsideratzen diren zelaietan geneukan arantza kendu du eta seigarren postuari aise eusten dio, zazpigarrenarekiko bost puntuko abantailarekin. Okerrena Javi Martinezek ikusi duen bosgarren txartel horia eta larunbatean San Mamesen Sportingen aurka ezin izango du jokatu.

Partida irekia izan da oso, ikusteko atsegina. Talde biek euren armak erabili dituzte puntuak eskuratzeko eta lehia bizi horretan zurigorriak nagusi izan dira, norgehiagokaren irakurketa zuzena eginez. Lehen minutuetan Athletic nagusi izan da eta Javi Martinezek lehen abagunea sortu du, urrutitik gogor jaurtiz eta De Geak ondo erantzun du. Gure arean, aldiz, Iraizozek oinarekin Filiperen erdiraketa arriskutsua moztu du eta Llorentek ezkerrez buelta erdian De Gearen eskuetara errematatu du. Forlanen jaurtiketa, Iraizozek harrapatu du eta De Geak gauza bera egin du segituan David Lopezen errematearekin. Oraindik 13garren minutuan geunden, baina argi zegoen norgehiagoka motela ez zela izango.

Hortik aurrera etxekoen minuturik onenak ikusi ditugu. Atletico Madrilen estiloan, kolpeka kolpeka, aurrelarien eta aurrean diharduten jokalarien kalitatearen eskutik, une larri batzuk pasa ditugu. Lehendabizikoa hogeigarrenean Agüerok urrutitik jaurti duenean, Iraizozek harrapatu du, eta ia jarraian berak buruz langa gainetik errematatu duenean. Reyes ere saiatu da 23garren minutuan, baina Iraizozek hanka artean bildu du baloia.

Reyesi txartel horia erakutsi diote Koikiliri eskuarekin jotzeagatik eta hortik aurrera gauzak nolabait orekatu dira. Unera arte Athleticek baloi asko berreskuratzen zituen zelai erdian, baina ez zuen modurik aurkitzen abagune garbiak sortzeko, baina bat-batean Toquerok 29garren minutuan buruz ederto errematatu du Llorenteren, buruz ere, pasea baina De Geak ederto desbideratu du kornerrera. Hurrengoan Forlanek area ertzetik asmo zitalarekin jaurti du eta Iraizozek langa gainetik kornerrera bidali du. Bitartean, gauzak etxekoentzat ondo ez zihoazen seinale, ate atzeko aingerutxoek Gurpegirena egin dute, era guztietako irainak botatzen. Duela aste batzuk Mourinhoren aurkako esaldiak kantatzeagatik portugaldarra ez zegoen partida batean epaileak aktan jaso zuen. Oraingo honetan ez da horrela gertatu… eta betunaz margotu beharko du bere aurpegia arreta merezitzeko.

Hotzari aurre egiteko asmoz edo, partida erritmo bizian segitu du, kanpoan eta barruan. Kunek jaurti du eta Iraizozek primeran desbideratu du 33. minutuan. Hurrengo txartel horia Martinezentzat izan da eta partida bateko zigorra jasoko du. Joan etorri horietan Toquerok bularrez Llorenteri utzi dio, horrek baloia prestatu eta Pereak, atzetik, penalti egin dio 39garrenean. Gorria beharbada zigor handiegia izan zitekeen, baina tira. Hor ibili dira Muniain, David Lopez eta Llorente baloi bila, umeak patioan bailiran, baina husnako berdinketarekin inolako beldurrik gabe penaltia jaurtitzeko. Llorente baloiaz jabetu da eta Llorentek kanpora bidali du!

Kolpe latza, hiltzeko modukoa izateko arrisku bizian egon dena, Forlanek aukera paregabea izan duenean 43garrenean, baina Iraizozen irteera ezin izan du gainditu eta kanpora ere jaurti du. Horrenbeste emozio izan eta gero, gehienok atsedenaldira golik gabe joango ginela pentsatzen genuen, iazko denboraldiko partida gogoan edukiz, hau da, joko ona lehen zatian, berdinketa eta gero bigarrenean galdu.

Zorionez gure Athletic ez zegoen denbora galtzeko eta lehen zatiko azken minutuan Iraolaren erdiraketa onak kontrako zutoinean Toquero aurkitu du eta aurrelariak eskuinez zero eta batekoa ezarri du. Llorenterekiko menpekotasunaz hitz egiten hasi zenetik, jada Javi Martinezek, Muniainek eta Toquerok golarekin hitzordua izan dute.

Bigarren zatiari begira Quique Sanchezek Dominguez Eliasen ordez zelairatu du hiruko lerro bat osatzeko, Reyes, Tiago, Assunçao eta Filipe aurretik eta Kun eta Forlan ia jaitsi gabe. Arriskuak bizirik zirauen, batez ere gure jokalariek aurreko eguneko Deportivo-Sevilla ikusita zeukatelako, 2-0 etxekoak irabazten eta bat gehiagorekin, edota gure lehia Almeriaren aurka. Erabakitzera irten da Athletic eta Llorentek aukera ederra izan du Koikiliren erdiraketaren ostean, baina errematea kanpora joan da, De Gea ate erdian geldirik zela. Halaz ere, etxeko taldeak bere azken saiakera egin du eta bi aukera izan ditu, Godinek buruz langa gainetik eta Reyesek Iraizozen eskuetara arrasean jaurti ondoren.

Orbaiz Gurpegiren ordez zelairatu da 58garren minutuan eta Athleticek nagusitasuna eskuratu du partida amaitu arte, bai jokoan eta bai markagailuan, talde hau gaztea izan arren, arlo askotan eskarmentuz gora begira ipintzen ari dela. Behin kontua estreinatuz gero, zergatik ez errepikatu pentsatu ei dute Iraola eta Toquero eta azken honek bere bigarrena egin du Iraolaren pasea jasoz taldeko jokaldi landua eta zehatzaren ostean. Eta hortik gutxira Toquerok ere hat-trick egiteko aukera izan du, baina arrasean kanpora bidali du baloia.

Hortik amaiera arte partidak ezaugarri nagusi bi izan ditu. Etxeko zaleek etxeko jabe eta jokalari batzuk izan dituzte jomugan eta Athleticek lasai asko hartu ditu gauzak, hainbatetan faltan izan duen pazientzia erakutsiz, arriskurik hartu gabe eta arerioari berpizteko aukerarik eskaini gabe. Juanfran Filiperen ordez sartu da eta azken uneotan abagune bat izan du Iraizozek desbideratu dion baloi loratuaren bitartez. Gure aldetik Iturraspe Toqueroren ordez sartu da eta Javi Martinezek eta David Lopezek, bitan, aukerak izan dituzten talde sendoago eta helduago egiteko balio behar duen garaipenean.

Zaila zen gola Llorenteren abizen ezberdinarekin lotzea (Llorenterekin batera golegileen zerrenda handitu da) zaila zen etxetik at punturik urratzea (azken hiru partidetan zazpi puntu) zaila zen golik jaso gabe egotea (azken bi partidetan golik jaso ez) zaila zen etxean bi partida elkarren segidan irabaztea (lortu zen) eta zaila zen gure aurrekontua baino handiagoa duten taldeen aurka irabaztea… Lortu da. Ea boladari jarraipena ematen zaion, oraindik ez baitugu ezer ez egin.