RCD Mallorca - Athletic Club
Jardunaldia 23
Liga

RCD Mallorca - Athletic Club

RCD Mallorca
RCD Mallorca
10
Athletic Club
Athletic Club
  • 10' Webó

KokapenaIberostar Estadio , Palma de M.

Bosgarrena ezin erdietsi bosgarrenak segitu arren

RCD Mallorcak 1-Athletic Clubek 0Athletic Clubek 1-0 galdu du Mallorcaren aurka. Webok, hamaikagarren minutuan, partidako…

Athletic Club

RCD Mallorcak 1-Athletic Clubek 0


Athletic Clubek 1-0 galdu du Mallorcaren aurka. Webok, hamaikagarren minutuan, partidako gol bakarra egin du eta hortik aurrera antzuak izan dira oso gure taldearen ahalegin guztiak. Ezinezkoa izan da bosgarren garaipena elkarren segidan erdiestea, baina taldeak hor darrai, bosgarren tokian denboraldi amaieran lehen zazpi toki pribilegiatuen artean egoteko asmoarekin. Futbola ezagutzen dugunez gero, batzuen iritziz Athletic ia txapelduna izatetik porrot egitera pasako dela jakin badakigu, baina, pasa den astean bezala, Liga asko jokatzeke dago. Onerako eta txarrerako eta gaurkoa ez da norgehiagokarik onena izan, punturen bat urratzeko aukerak egon diren arren.
Lehia etsaia neurtzeko denbora gutxirekin hasi da. Hasi bezain pronto, bigarren minutua zen, Toquerok buruz kanpora errematatu du eta hirugarrenean Castrok aukera paregabea izan du, baina pase sakon on bat jaso eta gero, gehiegi gurutzatu du Iraizozen aurrean.

Athleticek ekimena zeraman, Mallorcak kontraerasoan dituen birtuteak erakusten zituen bitartean. Athleticek jo du, baina atzelari batek atepean urrundu du Toqueroren burukada hamargarren minutuan eta hurrengo jokaldian partidako gol bakarra heldu da. Webok, lehen zutoinean, areatik sareetara bidali du N’sueren erdiraketa hala moduz errematatuz, baina barrura.

Zurigorriak irabaztera irten diren arren, etxekoak grinatsuago agertu dira eta bigarrena egiteko ahaleginak egin dituzte, Pereira buruz hamabosgarrenean saiatu den moduan.

Gure aldetik David Lopezek eskubiz jaurti du Aouatek kornerrera bidali ezan 18. minutuan. Hortik aurrera, gutxi gorabehera, hegalez tokia aldatu dute Muniainek eta Lopezek.
Gure saiakera guztien gainetik Mallorcak zituen aukerarik garbienak, ez nabarmenak, baina bai beldurra sartzeko gai zirenak.

Adibidez Iraizozek N’sueren aurrean irten behar izan du 32garrenean. Hortik gutxira De Guzmanen kontraeraso bertikala egin du, baina haren azken pasea kaxkarra izan da oso. Llorentek buruz kanpora errematatu du 38garrenean, baina berriro ere abagunerik garbienak bermiloiak izan dira. Esaterako 41garrenean Pereirak jaurti duenean, Iraizozek ahal izan duen legez urrundu du eta Webok ezin izan du aldaratzea errematatu.

Alde positiboa aukeratzekotan, abantaila gaindiezina ez zela aipa daiteke eta bigarren zati osoan ekimena Athleticena izan da, nahiz eta nagusitasuna nabaria bezain alferrikakoa suertatu. Soilik ia amaieran Pereiraren jaurtiketa bat, Iraizozek harrapatu duena, benetan arriskutsutzat har daiteke, baina Mallorcak ez zuen gehiagorik behar.

Bigarren zatia hasi eta berehala Gabilondo Koikiliren ordez zelairatu da. Aukerak, pixkanaka pixkanaka, heltzen joan dira:
San Joseren jaurtiketa bigarren zutoinean Aouatek harrapatu du 56garrenean. Iraolak ezin izan du errematatu Muniainen lagapena 61garrenean. Susaeta David Lopezen ordez sartu da eta Joao Victor Castroren ordez. Llorenteri baloia kendu diote 70. minutuan arean bakar bakarrik zela eta gero eta arrisku gehiago hartzen ari zen gure taldea, baloia behetik mugituz, hegaletatik eta erditik etengabe saiatzen, baina lerro artean ere baloi zail batzuk galtzen eta arriskuak hartzen.

Urko Vera Toqueroren ordez sartu da eta azken txanparako Tejera Pereiraren ordez. Eta azken hamar minutuetan, epaileak eman duen luzapena txantxa txar bat baino ez da izan, Urkok aukera pare bat izan du: Buelta erdian lekua bilatu du arean eta kanpora! Eta gola gertuago egon da azken minutuan, baina burukada ona igarri egin dio Aouatek eta Athleticen asmo onak ezerezean geratu dira.

Egunen batean gertatu behar zen eta egin behar dena da oinak lurrean mantendu (bosgarrenak gara) jatorrizko helburuei eutsi (europar postuetan sailkatu Liga amaieran) eta zentzazio onak berreskuratu. Ez da datorkigun egutegia onena erakustaldietarako, baina tira, egoera zailagoak gainditu dira.