Athletic Club - Valencia CF
Jardunaldia 25
Liga

Athletic Club - Valencia CF

Athletic Club
Athletic Club
12
Valencia CF
Valencia CF
  • 18' Llorente
  • Mata 70'
  • Jonás 80'

KokapenaSan Mamés , Bilbo

Ez zen lana biribildu eta arerioak baliatu zuen

Athletic Clubek 1 Valentziak 2Athletic Clubek 1-2 galdu du Valentziaren aurka. Llorentek sartu du gure…

Athletic Club

Athletic Clubek 1 Valentziak 2


Athletic Clubek 1-2 galdu du Valentziaren aurka. Llorentek sartu du gure taldearen gola eta Matak eta Jonasek bisitarienak. Zurigorriek partida ona egin dute, baina dena alde izan ondoren ez dituzte aukerak aprobetxatu, zorte apur bat falta zaie eta, iazko denboraldiko partidan gertatu zen bezala, valentziarren eraginkortasunak markagailua alde irauli egin du. Erritmo handiko partida izan da, gogorra hainbat fasetan eta, tamalez askotan gertatzen zaigun legez, epailearen lanak itzal baino argi gehiago utzi digu. Gauzak horrela, taldea seigarren dago sailkapenean eta aste honetan jokatuko diren bi norgehiagoketan puntuak atera beharko ditugu europar lehiari eusteko.

Gaua, beste hainbatetan bezala, joko ikusgarria ikusteko prestatuta zirudien eta Athleticek ez dio muzin egin gonbiteari. Labana hartu, hortzen artean kokatu eta abordatzeari ekin dio, batez ere Toqueroren hegaletik. Hasi bezain pronto bere pase atzera Guaitaren eskuetara joan da, baina bidea hor zegoen. Llorenteren aldaratzea bat bere aterantz kenduta, gure jokalariak eta gura zaleak primeran sartu dira lehian. David Lopezek areaz kanpotik desbideraturik jaurti du, zazpigarren minutuan De Marcos “debuta” egiten zuenaren barneraldi ona Llorentek errematatu du, Guaitak kornerrera bidal zezan; Gurpegik buruz kanpora errematatu du jarraian eta espero zena ordu laurdenerako heldu da, Llorentek bat eta zerokoa egin baitu.

Toquero eskuinaldetik sartu da, atzera errematatu du, Navarro Llorenteren elastikotik tiraka zebilen, baina gure aurrelariaren indarra nagusitu da eta lurretik buelta erdian ezkerrez baloia sareetara bidali du. Atzelariari nahikoa ez omen zaio iruditu eta gero Javi Martinezen sudurra eta Llorenteren burua aukeratu ditu arautegia ezagutzen ez dutenei txartelak zergatik atera daitezkeen erakusteko.

Valentziak, jokalari moduan dabilen atzelariaz aparte, jokalari onak eduki baditu eta horregatik Iraizoz Joaquinen aurrean geldiketa bikaina egin behar izan du hogeigarrenean, ormarena egin eta gero bakar bakarrik geratu denean. Athletic partida seria oso egiten ari zen, gastu fisiko handikoa, eta baloiak eta baloiak gune beroetan lapurtzen zituen arren, azken pasean ez zuen erabat asmatzen. Horregatik nagusi zen arren, hurrengo minutuetako aukerarik nabarmenena Toquerok buruz kanpora egin duen errematea izan da.

Valentziak ez du gehiegirik erakutsi, baloi sakonetan min egin zezakeenik bai, baina abagunerik garbiena Pablo Hernandezek urrutitik kanpora jaurti duenean heldu da. Hori bai, penaltia eskatu dute Ekiza baloia gainean erori denean. Baloia eskuarekin nabarmen jo du, baina epaileak ez omen du pentsatu borondatezko jokaldia izan denik. Eztabaidarako ia astirik gabe, 42garrenean David Lopezen bolea Toqueroren pasearen ostean kanpora joan da eta Pablo Hernandezen jaurtiketa Iraizozek desbideratu du.

Bigarren zatian galdu dugu, baina, baina ia lehendabiziko jokalditik hasita dena faltsutu da. Epaileek jauzietan txartelak erakusteko duten irizpideak faltsutu dira, jokaldia epaileen eskoletan erakusteko baita; David Navarro faltsutzaile hutsa dela erakutsi du Llorenteri izugarrizko ukalondokoa eman eta gero faltsukerietan ibili denean eskuak aurpegian eta zelaia esku-ohe baten gainean utzi duenean. Hamaika ikusteko jaioak garenez, etengabeko faltsukeri honi gero kazetari batek, prentsa aretoan, inflexio-puntutzat definitu du.

Llorente gero ihes egin duten hiru punturekin zelairatu da berriro eta hortik gutxira errematatu du, baina baloia kornerrera joan da. Valentziak lerroak estutu ditu, Gurpegik belaunean mina hartu du, Soldadok, Brunok eta Muniainek txartel bana ikusi dute eta gure taldeak ez zituen valentziarren espazioak aprobetxatzen.

Toquerok berebiziko jokaldia egin du, baina Guaitak baloia harrapatu du. Jonasek Pablo Hernandezen tokia hartu du, Mata ezker aldera mugituz. Bazirudien Valentziak aldaketarekin baloiaren jabetza galduko zuela, baina luzera begira Emeryri ondo atera zaio. Aldaketa hori eta gero Tino Costa Banegaren ordez sartzea.

Dena den aukerak zurigorriak ziren eta Muniainen pasea jaso ondoren, Llorentek zutoinera jaurti du 64garrean. Hor zegoen lasaitasuna, edo ostean Toquerori egin dioten penaltian, baina gure jokalaria partidan hain sartuta zegoenez, ez du lehia faltsutzeko inolako asmorik izan eta bere burua bota beharrean, korrika egiten segitu du.

Lehia ez zen arriskuan ikusten, baina Valentziak izugarrizko trebetasuna dauka ezein partidari etekina ateratzeko (hamaika partida darama jarraian galdu barik) eta gutxien espero zenean Matak berdinketa egin du Joaquinen pasea errematatuz. Segituan Susaeta David Lopezen ordez sartu da eta Gabilondo Toqueroren ordez, Muniain erdira pasatuz. Susaetari gola baliogabetu diote, jokaldia polita zen, baina partida gehiago faltsutzea ez ei zuen merezi. Eta faltsukeria ageriagoan gera zedin, Llorentek horiarekin amaitu du lehia eta ia amaieran epaileak txalo zaparrada hartu du Stankeviciusek Llorenteri enegarren falta egin… eta seinalatu ondoren (jada Navarro zuhurtziaz beste eginkizunetan zebilen)

Bitartean Tino Costa Banegaren ordez sartu da eta lehendabiziko aldaketarekin Valentziak sakontasuna galdu badu ere, areaz kanpoko jaurtiketetan boteretsu bihurtu da. Lehen Tino Costak abisua eman du eta Iraizozek kornerrera desbideratu du epailearen iritziz, baina bigarrenean, Costaren zartakoa, areaz kanpotik ere, atezainak ezin izan du bereganatu eta hortik zebilen Jonas sareetara bidali du. Faltsukeriaren aldian, zigor latza.

Athleticek aurrera jo du, beste erremediorik ez baitzegoen, eta hiru abagune sortu badu ere, De Marcosek gutxigatik kanpora jaurti du, Gabilondok boleaz atzelari baten aurka errematatu ere eta Llorentek buruz Guaitaren eskuetara bidali, alferrikakoak izan dira ahalegin guztiak eta lelo aurpegia geratu zaigu izan zitekeenaz pentsatuz eta, batez ere, aurrerapauso handiagoak emateko tenorean gaudenean beti zerbait gertatzen zaigulako. Tamalez, puntu faltsuei esker ez gara aurrera joango eta benazkoak asteazkenetik bertatik eskuratu beharko ditugu. Halaz ere, ze pena gaurkoa!

Athletic Clubek honako hamaikakoa zelairatu du: Iraizoz; De Marcos, San Jose, Ekiza, Koikili; David Lopez, Gurpegi, Javi Martinez, Muniain; Toquero eta Llorente. Aulkian Raul, Amorebieta, Gabilondo, Susaeta, Orbaiz, De Cerio eta Balenziaga egongo dira. Jokalariek elkarrekin bazkaldu dute Carlon hoteleaneta 19:00etan entrenatzaileak hitzaldi taktikoa eskaini die.

Valentzia CF-k honako hamaikakoa zelairatu du: Guaita; Bruno, Stankevicius, Navarro, Mathieu; Topal, Banega; Joaquin, Mata, Pablo H.; eta Soldado. Aulkian Cesar, Maduro, Vicente, Dealbert, Jonas, Tino Costa eta Jordi Alba egongo dira. R. Costa eta Isco geratu dira deialditik at.

Epailea Muñiz Fernandez izan da.